MOTOZIKLISMOA. ESPAINIAKO MOTOZIKLISMO SARI NAGUSIA. Eta orain Xerezen nola gailenduko zaizkio Rossiri?

jon ordonez garmendia
2004ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
entsatu, imaginatu, orain dela bi aste Hegoafrikako Sari Nagusian Honda motor batek irabazi zuela, ahalegin handia eginda ereRossi ez zela lehenengoa iritsi. «Normala da, gidaria oso ona izanagatik Rossik Yamaha motoarekin korritzen zuen lehen aldia da», izango zen argudio zentzuzkoena. «Hala eta guztiz ere, lehen postuetan egon daitekeela ikusi da. Agian, aurrerago irabaziko du lasterketaren bat», esango zuten zale baikorrenek.

Hori horrela izan balitz, denboraldi honetan aurrerago joan gabe, lehen garaipen hori asteburu honetan iritsi zitekeela pentsatuko zuen zale orok. Xerezeko zirkuituan ondo baino hobeto moldatzen da Rossi. 1997. urtean 125 cc.-etan irabazi zuen, 1999an 250 cc.-etan, 2001ean 500 cc.-etan, eta 2002an eta 2003an MotoGPn. Ez al da bitxia Xerezen irabazi duen bakoitzean Rossi denboraldiaren amaieran munduko txapeldun izatea? Bost garaipen Xerezen, bost munduko txapelketa. Giacomo Agostini txapeldun ohiak garbi esan du: «Rossik txapelketa irabaziko du. Hegoafrikako Sari Nagusiaren aurretik zazpi edo zortzi lasterketa irabaziko zituela pentsatzen nuen, baina orain, jada, ez dakit zenbat izango diren».Apirilaren 18an Phakisa Freeway zirkuituan Honda guztien aurretik sartu zen Rossi helmugan. «Harrituta nago. Ez nuen hain azkarra izan nintekeenik pentsatzen, eta hain garaiz», esan zuen. Hori ikusita eta bere palmaresa aintzat hartuta, egongo al da orain Xerezen Rossiri gailentzeko itxaropena duenik? Bere aurkariek kezkatzeko arrazoi bat baino gehiago dute. Konfiantzaz gainezka iritsiko da Rossi Espainiako Sari Nagusira, igandean. Denboraldi-aurreko entrenamendu ofizialetan Xerezen azkarrena izan zen. 4.432 metroko ibilbidea 1:42,656 segundoan egin zuen, iazko proban Hondarekin berak ezarritako marka hobetuz (1:42,788).

Rossi eta Biaggiren gustuko ibilbidea

«Xerezeko lasterketa hasteko desiatzen nago. Denboraldi-aurreko entrenamenduetan lortutako denborak errepika ditzakedan ikustea interesgarria izango da», esan du orain Rossik. Alex Criville kataluniarrak txapelketa utzi zuenetik lau garaipen lortu zituen Xerezen italiarra da Espainiako Sari Nagusiko errege. Zaleen babesa berea du iaz 200.000 pertsona egon ziren zirkuituan. Pista oso teknikoa da Xerezkoa, bihurgune borobilak kateatzen dituena. Trazatua ondo markatzea eskatzen du, eta Rossik bikain egiten du hori. Batez ere, M1 motoarekin. Hondarekin gurutzatuta ateratzen zen bihurguneetatik, baina orain motoak zuhurrago gidatzea eskatzen dio, finago, eta trazatua ondo markatzea. Xerezen badira bi zuzengune luze, eta, oraindik ere Honda RC211V motoa hobea denez, Yamahari eta Rossiri ahalegin tekniko handia egitea eskatzen dio horrek.

Martxoaren 31ko entrenamenduetan Rossiren atzetik azkarrenak Kenny Roberts (Suzuki) eta Colin Edwards (Honda) izan ziren. Eguraldi txarra egin zuen, eta horrek ez zion Max Biaggiri nahi bezala gidatzen utzi. Iganderako, ordea, eguraldi ona espero da. «Zirkuitu mistoa da, zaila eta osoa. Dibertitzeko behar den guztia du», esan du Max Biaggik (Honda). Espainiako Sari Nagusiarekin Europako kanpaina hasiko da. Ondoren Frantziakoa, Italiakoa, Kataluniakoa eta Holandakoa etorriko dira, Brasilgoaren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.