Casey Stoner gaztea aterako da gaur Qatarko Motoziklismo Sari Nagusian lehen postuan. Ez da ohikoa motorreko probak larunbatean korritzea, eta MotoGPn lehen aldiz korritzen ari den gidari batek pole-a lortzea ere ez. Ezustekoa eman du Stonerrek entrenamenduetan, eta gaur guztien aurretik izango da irteeran. Gaztea izanagatik, berehala kendu zuen presioa gainetik atzo, eta azken itzulia eman baino itzuli batzuk lehenago lortu zuen azkarrena izatea. Oso txukun aritu zen.
Loris Capirossik txapelketako lidergoa gaur defendatuko du lehen aldiz. Neguko lanak ondo egin ditu Italiako moto etxeak, eta entrenamenduetako azken itzulietan Gibernauren estrategak kale egin izan ez balu, aurreko postuetan irtengo litzateke kataluniarra ere. Capirossi bigarren izango da. Liderrak Xerezen euren lanarekin pozik geratu ez ziren hainbat aurkariri egin beharko die aurre, eta guztien artean, Valentino Rossi da puntu gose handiena duena. Txapelduna ez da une gozoa pasatzen ari. Lehen proban Toni Eliasek mototik bota zuen, eta atzo agerian geratu zen Yamaha-M1 motoari azken ukituak falta zaizkiola. Seigarren aterako da Rossi gaur. Arazoa ez da, ordea, motoa izango; aurrean egotera ohituta dago Rossi, eta denboraldi hasierako traba hauek gainditzeko arreta guztia aurrekoengan jarri beharko du. Hori egiteko gai dela inork ez du zalantzan jartzen, baina beste asmo batzuk oraingoz alde batera utzi, eta titulua irabazteko ahalegina egin beharko du. Max Biaggi eta Sete Gibernau baino aurkari osoagoak ditu aurten.
Gaua, lo egiteko
Qatarko beroa dela eta, datorren denboraldiari begira Rossi, Capirossi eta Roberts gauez aritu ziren herenegun Losaileko zirkuituan, proba modura. Argia, ordea, oso eskasa dela erabaki zuten, eta oraingoz lasterketa gauez korritzeko asmoa baztertu zuten.
MOTOZIKLISMOA. Ezohiko lasterketa
Casey Stoner aterako da lehen postuan gaur Qatarko Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu