MOTOZIKLISMOA. ITALIAKO SARI NAGUSIA. Italiarrak bere saltsan

Valentino Rossi eta Marco Melandri Munduko Motoziklismo Txapelketako buru direla jokatuko da bihar Mugellon Italiako Sari Nagusia

jon ordonez garmendia
2005eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Italiarren eran jokatuko da bihar Munduko Motoziklismo Txapelketako bosgarren lasterketa. Beste urte batez, Mugelloko zirkuitua denboraldiko proba politenetako baten lekuko izango da. Pasioz bizi dute zale italiarrek motoziklismoa, eta aurten sailkapenaren buruan bi italiar dituzte gainera. Valentino Rossik (Italia, 1979) ez du lidergoa galtzeko inolako arriskurik: 1993. urtetik inork ez du denboraldiaren bosgarren probarako Rossik orain duen 37 puntuko aldea izan. Jokatutako lau karreretatik lau irabazi ditu, eta bere munduko zazpigarren txapelketa irabaztekotan dela dirudi (maila nagusian, laugarren).

Marco Melandri (Italia, 1982) hiru urte gazteagoa da, baina Rossiren ibilbidearekin alderatuta bere palmaresa gidari jaioberri batena da. Munduko txapelketa bakarra irabazi du, 250 cc.-etan. 8 urterekin hasi zen minimotoetan korritzen. 125 cc.-etan 1999an txapeldunorde izan zen, eta MotoGPn iaz lortu zuen 12. postua du onena, orain bi urte igo zenetik. Aurten bi aldiz igo da podiumera, eta Gibernauren aurrean iritsi da Mugellora.Italiakoa zirkuitu azkarra da. 300 km/h-tik gorako abiadura hartzen dute motoak zuzengune nagusian, eta aurreratzeko leku aproposak ditu. Rossi eta Melandriz gain, gidari italiar gehiagok ere nabarmendu nahi dute euren zaleen aurrean. Orain bi urte, Rossiren albo banatan, Loris Capirossik eta Max Biaggik osatu zuten podiuma Mugellon. Italiarrek irudi hori berriz ere ikusteko itxaropenarekin beteko dituzte bihar zirkuituko harmailak. Kolorea ez da faltako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.