MOTOZIKLISMOA. KATALUNIAKO SARI NAGUSIA. Ducati, abiaduran galduta

Urtebete igaro da Loris Capirossik eta Desmosedici motoak Ducatiri MotoGPn lehen sari nagusia eman ziotenetik Montmelon. Igandean itzuliko dira hara, baina motoa ezberdina da aurten

jon ordonez garmendia
2004ko ekainaren 11
00:00
Entzun
2003ko ekainaren 15a egun handia izan zen motoziklismoan. Munduko Txapelketako seigarren lasterketa jokatzen zen Katalunian, Montmeloko zirkuituan. Rossi lasteketa buruan zihoan, eta lurrera erori zen. Altxatu eta seigarren postutik, itzuli bakoitza beste gidariak baino segundo bat azkarrago amaituz, bigarren posturaino igo zen.

Egundoko balentria izan zen. Ez zen egun hori, ordea, Rossirengatik historikoa izan, lasterketa irabazi zuen motoagatik baizik. Ducatik bere lehen sari nagusia irabazi zuen MotoGPn, Loris Capirossi italiarrarekin eta Desmosedici motoarekin. Marea gorriak gora egin zuen. Ducatiren lehen denboraldia zen. Superbiketan izandako arrakastak bultzatu zuen MotoGPra salto egitera, eta arrakasta uste baino lehenago iritsi zitzaion.Nostalgiarako zirkuitua da harrezkero Kataluniakoa Ducatirentzat. Urtebete pasatu da, eta garaipen hura oroimenak eraman du. Orain jota dago Ducati. Lau sari nagusi jokatu dira aurten, eta orain arteko emaitzaigandean Mugellon Troy Baylissek lortu zuen laugarren postua da. Ez podiumik, ez pole-rik.Denboraldia marka batekin hasi zuen aurten etxe gorriak. Montmelon, hain zuzen, denboraldi-aurreko entrenamendu ofizialetan. Orduko 347,4 kilometroko abiadura hartu zuen Demosedici motoak Capirossiren eskuetan. Horretan geratu da oraingoz denboraldia. Ondoren Xerezen egin ziren entrenamendu ofizialetan bala gorriaren denborak etsigarriak izan ziren. Capirossik 16.a izan zen, eta Troy Bayliss 17.a. Randy de Puniet 250 cc.-etako motoarekin Ducati 989 cc.-etako motoarekin baino azkarrago aritu zen.«Iaz baino potentzia gehiago daukagu, baina ez genuen hori behar. Gidatzeko moto errazagoa behar genuen, motorra hain bortitza ez izatea», esan zuen Baylissek Xerezeko entrenamenduen ondoren. Desmosedici motoa ezberdina da aurten. Ducatiren anbizioak moto berria egitera eraman du, iazkoa garatu beharrean. 230 zaldi ditu, baina entrenamendu gehiago gabe hankamotzak denak. Montmeloko entrenamendu ofizialetan jaso zuten bi gidariek aurtengo Desmosedicia, txapelketa hasi baino hiru aste lehenago, eta epe labur hori izan da denboraldi hasiera txarraren arrazoi nagusia.

Iazko Desmosedicia, aurtengoa baino azkarrago



Hegoafrikako Sari Nagusiaren aurretik, denbora gutxi zuten bi gidariek moto berriarekin entrenatzeko, eta eguraldiak gainera ez zien lagundu. Xerezen euria egin zuen, eta Capirossi eta Bayliss Hegoafrikara iritsi zirenean praktikan egun eta erdi baino ez zeramaten moto berriaren gainean. Motoa garatzeko aukera guztiak galdu zituzten. Xerezen Neil Hodgson 2003ko Desmosediciarekin aurtengoa baino azkarrago aritu zen.

Sasoi honetako emaitzak hor daude; iazkoen aldean, txarrak. Iaz, Kataluniako garaipenaz gain, denboraldiko lehen lasterketan Japonian Capirossi podiumera igo zen, hirugarren postuan, eta Bayliss bosgarren geratu zen MotoGPko bere debutean. Espainiako Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan azkarrenak izan ondoren, lasterketan lehen postuetan atera ziren Capirossi eta Bayliss, ordena horretan. Gero, Bayliss podiumera igo zen hirugarren postuan. Capirossi lurrera joan zen hamahirugarren itzulian. Frantzian Capirossi hirugarren postuan atera zen, baina ez zuen podiumera igotzerik izan. Katalunia aurreko azken proban, Italian, Capirossi bigarren postuan atera zen, eta bigarren amaitu zuen lasterketa.

Apirilaren 18an hasi zen aurtengo txapelketa Hegoafrikan. Capirossik seigarren postuan amaitu zuen, eta Baylissek hamalaugarrenean. «Pasatzen ari garen zailtasun guztien iturburu motoa bera da. Iazkoarekin ez du inolako zerikusirik. Iazko datuetatik abiadura aldaketarenak bakarrik balio digu», adierazi zuen Capirossik denboraldi-aurrean. Bere taldekideek bezala, motoa indartsuegia zela salatu zuen, bihurguneetatik ateratzean «basatiegia», eta puntuan jartzea gehiago kostatzen dela.

Atzera bueltarik ez

Claudio Domenicalli Ducatiko zuzendariak iazko motoa berreskuratzea guztiz baztertu du: «Sistema berriarekin abiadura gehiago dugu, eta gidatzea errazagoa da». Hitz horiek Baylissek esandakoarekin kontraesankorrak direla dirudi. Azeleragailua berdin biratuta, motoak iaz baino indar gehiago hartzen du. Txapelketa hasi aurretik Domenicallik esan zuenez, motoa %70ean dago. Lau sari nagusi jokatu dira harrezkero, ordea, eta emaitzak ez dira hobeak izan. Igandean Ducatik eta marea gorri guztiak iazko garaipena izango dute gogoan. Baita Capirossik iazko motoa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.