Egundoko nagusitasuna erakutsi zuen Valentino Rossik orain dela hiru aste Italiako Sari Nagusian, eta atzo, Herbehereetako Sari Nagusiko sailkapen saioan, txapelketa une honetan berarentzat jolas bat besterik ez dela frogatu zuen. Italian lasterketa hasi bezain laster, Sete Gibernauri utzi zion lehen postuan gidatzen; baina, iaz gertatu zen bezala, azken itzuliak iritsi zirenean, balaztak mugaraino eramanez, nahierara hartu zion aurrea. Atzoko erakustaldian antzeko keinua egin zuen. Rossik sailkapen saioko azken itzulia eman aurretik Gibernau zen lider. Italiarrak atzeko pneumatikoa aldatzeko denbora izan zuen, eta azken itzulian kataluniarraren denbora hobetu eta gaurko lasterketako pole-a lortu zuen. Ezustekoa Shinya Nakanok eman zuen, laugarren postua lortuz, irteerako lehen lerrora eraman baitu Kawasaki. Albiste txarra Max Biaggik eman zuen. Marco Melandri pistan zela, baimenik gabe atera zen. Antolatzaileek diru isuna jarri zioten, baina, hori gutxi balitz bezala, Melandrik saioa amaitu zuenean, Biaggiren osabak lepotik heldu zion.
MOTOZIKLISMOA . Lehen postuaren jolasa
Herbehereetako Sari Nagusiko 'pole'-a kendu dio Rossik Gibernauri sailkapen saioko azken itzulian; gaur korrituko dute lasterketa, Assenen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu