Motxilarik gabe

Konplexuak alde batera utzi eta Real Madril estu hartu nahi du Realak gaur Santiago Bernabeun

Xabier Lopetegi.
2006ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Konplexuak alde batera utzi eta Real Madril estu hartu nahi du Realak gaur Santiago Bernabeunxabier lopetegi

Donostia

Azken denboraldietako estutasunen zama irudikatzeko metafora ezin grafikoagoa erabil zuen Jose Mari Bakerok Sevillaren aurkako partidaren bezperan. «Motxila kendu behar dugu. Denok. Dramatismoa kendu behar diegu emaitzei. Ezin gara aritu beti galduz gero zer gerta daitekeen pentsatzen». Hutsetik hasteko eskubidea eskatzeko zilegitasun osoa du entrenatzaileak, jokalari berri asko dituelako Realak, denbora behar duelako norabiderik eta hamaikakorik onena aurkitzeko, elkar egokitzeko, finkatzeko. Iraganeko erruen edo ezinaren pisua bere gain hartzea ez du merezi Bakerok, baina, tamalez, nahiko izan da bi partidatan puntu bakarra lortzea motxila existitzen dela egiaztatzeko.

Ez da oso normala hirugarren jardunaldia jokatu ez denean egunkari batek lehen bi partidetako emaitzak aurreko denboraldietakoekin konparatuz erreportajea egitea, hasiera txarrenetarikoa izan dela agerian uzteko. Etxeko lehen partidan txistuen inguruko eztabaida piztea ere ez da seinale ona. Ezta entrenatzaileak Aranburu edo Garrido hasierako hamaikakoan ez jartzeagatik kritikak entzutea ere, berak jakingo duelako inork baino hobeto nola dagoen bakoitza eta nor dagoen sasoikoen. Garridoren kasuan, azalpenak ematera derrigortu zuten entrenatzailea herenegun: «Niretzat titularra da, eta orain ez jokatzea unean uneko kontua da, kanpoan egon delako ia hamar egunez». Ondo asko jakingo du honezkero Bakerok pazientzia handirik ez dutela izango berarekin.

Egia da, nolanahi ere, lan asko geratzen zaiola Realari egiteko. Sevillaren aurka galtzea logikaren barruan sartzen zen, une honetan Espainiako Ligan sasoikoen dagoen taldea baita, oker handirik gabe. Galtzeko modua izan zen kezkagarriena, lehen bi golak oparitu egin zituztelako txuri-urdinek. Irmotasun falta nabarmena erakutsi zuten atzealdean, eta orain arteko ezintasuna erasoan. Gerardo euskarrian kokatzea ez zen ondo atera, Alonso punta erdian noraezean ibili zen, hegalek ez zuten arriskurik sortu, eta Kovacevicek bere bertsiorik txarrena eskaini zuen: epailea eta Javi Navarroren artean bere onetik atera zuten.

Azkarregi da, ordea, fedea galtzeko. Realak lehen aukera izango du gaur itxuraz aldatzeko. Aukera zaila, baina aukera, azken finean. Real Madrilek lehen bi jardunaldietan lau puntu lortu baditu ere, dezente falta zaio puntua hartzeko. Santiago Bernabeuko ikusleek gustuko ez duten eredua ezarri nahi du Fabio Capellok, Real Madrilekin, Erromarekin eta Juventusekin tituluak irabaztera eraman duena, hain zuzen. Zazpi jokalari defentsarako gorde, eta aurretik jokatzen duten beste lauren kalitatea baliatu erasoan. Bitxia bada ere, orain arte onenak --Reyes, Guti eta Robinho -aulkian utzi eta ez hain onak --Raul, Cassano eta Beckham- titular jarri ditu.

Real Madril defentsan estutzea ezinbestekoa izango da zer edo zer lortzeko. Horretan guztiak daude ados. Talde ausarta nahi duela esan du Bakerok: «Atzean sartzera baldin bazoaz, argi dago galdu egingo duzula». Ildo beretik mintzatu da Aranburu: «Min egin behar zaie, euren ahuluneak aprobetxatu». Lyongo Olympiquek eman dio sasoiko lehen muturreko handia Real Madrili. Argi dago, hala ere, Real Madril defentsa arloan Sevilla ez den bezala, Reala ere ez dela Olympique erasoan, baina beldurren motxila erantzi ezean, jai izango dute txuri-urdinek.

Azken lau denboraldietan, garaipen eta porrot bana eta bi berdinketa lortu ditu Realak Santiago Bernabeun. Iragan sasoian, adibidez, Bakero aulkian zela lotsagabe jokatu eta oso partida ona egin zuen. Orduan bezala, Prietok Roberto Carlos zirikatzen ahalegindu beharko du. Ia ziurtzat jo daitezke aldaketak. Garridok eta Gerardok jokatuko dute hegaletatik, itxura guztien arabera, eta litekeena da Aranburu ere hasieratik aritzea. Kovacevic kili-kolo ibili da baina zerrendan sartu dute azkenean. Novok, ordea, Huelvako Recreativoren aurkako partidaren zain egon beharko du berdegunera itzultzeko, sorbalda ez baitzaio erabat osatu. Erronka handia da une honetan Realarentzat Santiago Bernabeun jokatzea. Handiegia, askoren iritziz. Baliteke hala izatea, baina garaipenak izango dira jendeak motxila bazter batean uzteko modu bakarra. Horretarako, konplexuen motxila aldagelan utzi beharko du gaur Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.