David Moyes da Realeko entrenatzaile berria. Glasgown jaioa da, 1963ko apirilaren 25ean, eta lehen entrenatzaile eskoziarra da talde txuri-urdinaren historian. Realak jakinarazi duenez, 2016ko ekainaren 30era arte izango du kontratua, eta gaur zehaztuko dute noiz izango den aurkezpena eta zeintzuk osatuko duten haren laguntzaile taldea.
Jokalari gisa, 500 partida ofizial baino gehiago jokatu zituen Celtic Glasgow, Cambridge United, Bristol City, Shrewsbury Town, Dumfermline Athletic, Hamilton Academical eta Preston North End-en, azken horretan bere entrenatzaile ibilbidea hasi zuelarik.
Klub hori sei urteren buruan Football League Championship mailaraino igo zuen, Preston Premier Leaguera igotzeko ateetan utziz. Bere lehen esperientzia arrakastatsu horrek Everton historikoaren ateak ireki zizkion; bertan, 2002 eta 2013 artean, hainbat aldiz sailkatu zen taldea Europako txapelketetan. Iaz, Moyesek Manchester United zuzendu zuen.