Nigeria-Bosnia (1-0)

Muga, marra fin-fin hori

Afrikarrek beren esku daukate final 1/8etara sailkatzea, eta europarrak kalean geratu dira, bere aurreneko parte-hartzean.

Nigeriak 1-0 irabazi dio Bosniari. GERRY PENNY / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 22a
02:22
Entzun

Mugak zer diren inon ondo badakite Balkanetan da. Muga malapartatuak, gaizki zehaztuak bere garaian, gero triskantza odoltsuenetako baten eragile. Marrak baino ez dira, marra finak. Ikusezinak. Mugarri da txapelketa hau Bosniarentzat, aurreneko aldiz Munduko Kopan. Mugarik gabe ibiltzeko asmoz ekin zion, baina muga azkar aurkitu du. Lehen fasea ez du gaindituko. Etxera buelta, aduanan paperak erakusteko ere aukerarik gabe.


Muga marra baino ez da fase batetik besterako galbaea pasatzeko. Bosniarentzat, marra fin-fina. Gaur, Nigeria zuen hesia mugaz bestaldera pasatzeko aukerekin segitzeko. Gainditu egin behar zuen. Partidaren hasieran, marra fin hori igaro ere egin du. Ondo hasi da, erraz iritsi da Nigeriaren atera, eta nahi bezala aritu da jokatzen zelai-erdian: jokoaren sorrera lekuan eta azkeneko pasea emateko esparruan. Misimovic maisu zela, ematen zuen aise igaro behar zuela Nigeriaren muga. Eta gola ere sartu du, baina epaileak balioa kendu dio, marrazainak jokoz kanpokoa adierazi eta gero (ez zegoen jokoz kanpokorik).


Muga gainditzeko ahaleginean segitu du. Ematen zuen baietz. Denbora kontua izango zuela. Bosnia ondo, eta Nigeria erabat arlote: anarkiaren pare, defentsako lan kaskarra eginez. Baina Nigeriak indarra dauka, abiadura, eta Emenike izena du jokalari horrek. Txiki utzi du lasterka Spahic eskuin hegaletik; sartu da area barrura izkin batetik, eta pasea doitua eman dio Odemwingie lagunari. Gola honek. 29. minutua.


Muga gaindituta ikustetik urrun ikustera igaro da Bosnia. Lausotu egin zaio bidea. Desagertu egin da taldea. Atsedenaldira bitartean, ez da egon Bosniarik zelaian. Aldatua zen partida hasiera itxaropentsu hartatik. Nigeria, bapatean, aurkari arriskutsu bilakatu zaio, eta erasoan bukatu gabe utzitako jokaldi bakoitza arazo handia izan da Spahic eta enparauentzat. Erasotik defentsara igarotzeko trantsizioa ez du egin Bosniak. Ez tarte horretan, ezta gero ere.


Mugan soldadu gehiago jarri ditu Nigeriak bigarren zatian. Lehenengoan zuloa utzi duen lekuan: erdiko atzelarien aurrean, euskarrien inguruan. Jokalariak pilatu dizkio hor, eta Bosnia paretaren kontra jo eta jo ibili da. Ez du irakurri behar bezala egoera hori. Hegaletan zuen zuloa, baina talentu teknikoa erdian. Ibisevic eta Dzeko ere elkartu dira aurrealdean, eta bikote ona da erdiraketak errematatzeko. Baina erditik Bosnia. Eta Nigeria gero eta erosoago defentsan. Kontraerasoan, zital beste behin.


Muga begien bistan ikusi du berriz ere Bosniak. Azken-azkenera izan da. Dzekok area barruan bizkarrez zela, lortu egin du baloia jaistea. Eman dio (ondo ez), eta Enyeama atezain onak oinarekin urrundu du baloia zutoinera. Hortxe lausotu zaio erabat mugako marra fina Bosniari. Gutxi behar izan du beste aldera pasatzeko aukerei eusteko, mugako marra fin-fina gertatu zaiolako, baina lehengo lekuan geratu da. Nigeria igaro da oraingoz, eta aukera asko dauzka bertatik aurrera jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.