Golak: 1-0: Griezmannek (62. min.);
2-0: Velak penaltiz (71. min.). Epailea: Clos Gomez. Txartel horiak: Realeko Illarramendiri; eta Athleticeko Iturraspe, Gurpegi eta Susaetari. Txartel gorriak: Amorebietari, bi txartel hori ikusi ondoren (70. min.). Bestelakoak: 27.849 ikusle Anoetan, tartean Bilbotik joandako 500 bat jarraitzaile. Partida hasi aurretik Realak omenaldia egin zien Londresko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan aritu ziren 11 kirolari gipuzkoarrei.
Ederrak dira derbiak, bereziak. Baina arriskutsuak ere badira, bi ahoko ezpata bat bezalakoak. Jokalariek eurek aitortu ohi dute irrikan egon ohi direla bizilagunaren aurkako partida noiz iritsi zain, gogo eta grina bereziarekin entrenatzen direla eta zelaian barruan dutena eta gehiago ematen dutela, akituta, hustuta geratu arte. Horregatik jaso ohi du bultzada derbia irabazten duenak, ez baitago pizgarri handiagorik horrenbesteko gogo, grina eta ahaleginak merezi izan duela ikustea baino. Horregatik ere jaso ohi du kolpea derbia galtzen duenak, ez baitago etsipen handiagorik horrenbesteko gogo, grina eta ahaleginak ez duela ezertarako balio izan ikustea baino.
Horrek lagun dezake azaltzen iaz Realak eta Athleticek Anoetan jokatutako derbiak utzitako arrastoa. Talde zuri-gorriak irabazitako lehia hura mugarri izan zen bi taldeentzat. Athleticentzat onerako izan zen. Ordu arte eskas zebilen, eta egunez egun abian jarri berri zen proiektuaren inguruko zalantzak areagotzen. Derbiko garaipenak, ordea, sekulako bultzada eman zion. Sasoi ahaztezin baten hastapenak izan ziren. Realarentzat ere mugarri izan zen derbi hura, baina txarrerako. Txukun zebilen ordu arte, baina porrot hark min handia egin zion, eta bolada txarra hasi zuen. Iñigo Martinezek eta Diego Ifranek Betis eta Malagaren aurkako partidetako luzapenetan sartutako golengatik ez balitz, aspaldi legoke Philippe Montanier Frantzian. Zorionez, txuri-urdinek lasai antzean eutsi zioten gero mailari.
Antzik ez iazko derbiarekin
Mugarri izan zen derbi hura jokatu eta urtebetera, berriz aurrez aurre izan dira Reala eta Athletic. Leku berean, eta ia-ia egun berean. Partidaren nondik norakoak, ordea, ez du batere antzik izan ordukoarekin. Reala izan da nagusi zelaian eta emaitzan. 2-0. Griezmannek sartu zuen lehen gola, 62. minutuan, eta Velak bigarrena, penaltiz, hamar minutu eskas geroago —epaileak Fernando Amorebieta kanporatu zuen jokaldi horretan—. Harrokeriarik gabeko garaipena Realarentzat, baina ondo merezitakoa, txuri-urdinak zuri-gorriak baino gehiago izan baitziren, has eta buka.
Atzoko garaipenak, gainera, jarraipena ematen dio Realak Anoetan daraman bolada bikainari. Jada zortzi dira talde txuri-urdinak jarraian etxean galdu gabe daramatzan partidak. Etxeko zaleak jada ohitu dira Anoeta pozik uzten. Ez da gutxiagorako. Realak etxean jokatu dituen azken zortzi partidetatik zazpi irabazi ditu, eta bat berdindu, hots, jokoan egon diren 24 puntuetatik 22 lortu ditu. Hori bai, zaleek ez dute bakarrik bi astean behin pozik egon nahi. Euren taldea ere ikusi nahi dute etxetik kanpo irabazten. Hori da Realaren lehentasuna gaur-gaurkoz. Atzoko garaipenak bultzada bat emango dio asmo horretan, baina ikusteko dago mugarri izan daitekeen edo ez. Hurrengo norgehiagokek zehaztuko dute hori. Hori iritsi aurretik, zaleek badute euren taldeaz harro egoteko arrazoirik, Reala seigarren baita sailkapenean; Europako Ligako postuetan, alegia.
Bata goian, eta bestea behean, zulotik gero eta gertuago. Athleticek suspertu ezinik jarraitzen du, eta atzoko porrotak min egin diezaioke. Sasoi honetan San Mamesetik urrun jokatutako lehia guztietan bezala, zuri-gorriak eskas aritu ziren: atzean, gaizki —hamalau dira jada sartu dizkieten golak, bi baino gehiago partidako—; eta aurrean, beste horrenbeste, ideia argirik gabe, kontraerasora joatearekin konforme. Sasoiak aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa da taldeak Fernando Llorenteren beharra duela. Atzo 66. minutuan zelairatu zuen Marcelo Bielsak. Berandu. Luxua da jokalari onena aulkian uztea, eta egun, taldea dagoen bezala, Athleticek ezin du aukera hori bazter batean utzi.
REALA 2. ATHLETIC 0
Mugarri izango ote da berriz?
Reala Athletic baino gehiago izan da, eta merezita irabazi du Anoetako derbia, Griezmannek eta Velak sartutako golei eskerTxuri-urdinak Europako Ligako postuetan daude; zuri-gorriak, ordea, behetik gertuago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu