Mundua neurtzen

Eibarko G93 enpresak iraultza ekarri zuen txirrindularitzara eta arraunera GPSen erabilerarekin, eta iaz Begira sistema arrakastaz probatu zuten pilotalekuetan.

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Tourrean zegoen Frantziatik kanpoko enpresa bakarra izan ginen», gogoratu du, harro, Juan Carlos San Roman G93ko gerenteak. Bost urtez izan zen, 1990eko hamarkadaren bukaeran, eta ordurako urteak ziren GPS teknologia garatzen ari zirela, 1993ko Euskal Bizikletaz geroztik. Telekomunikazio enpresak Eibarren ditu egoitza eta sustraiak, eta ETBren eskutik murgildu zen bete-betean kirol munduan. Beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, telebistarako grafismoa kasu, baina kirolarekin izandako harremanak egin du ezagun. Eta haren eragina nabarmena izan da; txirrindularitza irauli zuten lehenbizi, gero arrauna, eta azken pausoa Begira sistema izan da, teniseko belatz begia kamera bakarrarekin frontoira eramatea.

«Itzuliko da, ziur nago», Begiraz mintzo da San Roman. Iaz belatzbegia pilotan ezartzea posible zela erakutsi zuen G-93k, ETBk hiru partidatan erabili zuen, baina haren kostuagatik baztertu zuten enpresek. «Bitxia da, nik ere ez baitakit zenbat balio duen. Ekonomia parametro garrantzitsua da guretzat; ez da teknologia txertatzea bakarrik. Enpresek 'honek zertan laguntzen dit?' pentsatzen dute». Baina sinetsita dago Begiraren azken hitza esan gabe dagoela, esaterako Bilboko pilotalekuko arkitektoek sistema ezartzeko beharrezko azpiegitura zein den azaltzeko eskatu diotelako enpresari. «Eurek badakite itzuliko dela, eta prest egon nahi dute». Belatz begia berrikuntza handia izan zen tenisean, sei kamerako sistema batekin. Begirak, aldiz, bakarra erabiltzen du, «eta irudimen pixka bat». Teniseko torneo txikiago batzuek ere azaldu dute interesa, baina pilotalekuetara itzultzea da nahia. «Partida garrantzitsu batean zalantzazko bi edo hiru tanto egotea behar da, eta norbait teknologiaren bitartez polemika hori saihestu zitekeela gogora dadila. Arraunean antzeko zerbait pasatu zitzaigun».

Arraunera begira jarri da gerentea, eta 2001eko Kontxan Castro eta Orioren arteko tirabirak mesede egin zietela gogoratu du. Ordurako GPSak ohiko kontua ziren txirrindularitzan, baina arraunean bide asko zegoen egiteko. «Ia ez zegoen ezer, eta, gainera, gauzak egiten uzten ziguten». Iraultza hitza ez zaio gehiegizkoa iruditzen. «Iraultzak izan ziren. Txirrindularitzan asko nabaritu zen GPSa, unean uneko erreferentziak ezinbesteko informazioa zirelako. Eta arraunean ere bai, informazio asko lortu eta ematen dugulako». GPSei esker, arraunean, esaterako, traineru batek egiten duen bide guztia digitalizatu daiteke, eta tankera guztietako datuak lortu. «Talde batek zenbat metro egin dituen jakin dezake zehazki, bere kalean ibili den, non dabilen hobeto, non okerrago... Dena neur daiteke. Taldeei telebistan agertzen direnbaino datu gehiago ematen dizkiegu, eskatu egiten dizkigutelako».

Bi kiroletan telebistaren eskutik sartu ziren, eta euren kasa zabaldu zuten bidea. «Arduradunekin hitz egiten dugu, zer behar duten galdetu, edo zer egin daitekeen proposatzen diegu… Hala egiten dugu aurrera». Hala, egun, GPSaz gain, kronometratze, sailkatze eratze eta transmisio zerbitzuak ere ematen dituzte. Espainiako Vueltan, adibidez, eurek kudeatzen dituzte denborak eta sailkapenak, transporder txipen bitartez, eta finishlynx-ak iraganean ehortzi du helmugako argazkia. Urteak daramatzate lan hori egiten Espainiako Vueltan, eta ez dute Tourrera itzultzeko esperantzarik galdu. Tartean, beste kirol batzuetara hedatu dira, eta orain kostu apaleko telebista erretransmisioak nola egin garatzen ari dira. Esaterako, arraunean eta helikoptero eta ontzirik gabe.

Teknologia, baina, ez da beti ongi ikusia kirolean, eta, Merinok dioenez, beti egon da mesfidantza. Bere garaian Tourreko antolatzaileek Alpeetako klasiko menditsuan GPSa probatzera behartu zituzten G93ko teknikariak, eta arraunean hasieran kexa ugari egon ziren. Jose Luis Kortak aparatua pisatu ere egin zuen. Egun, kaxa astuna dela eta, 2,300 kilo pisatzen du. «Alde guztiek, eta epaileek bereziki, erremintatzat hartu behar dute teknologia; laguntza bat gara. Kontua ez da eztabaidak patroi beteranoenak edo oihu ozenen egiten duenak irabaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.