MUNDUKO ESKUBALOI TXAPELKETA. Infernua zeru edo zerua infernu

Gaur hasiko da Kroazian Munduko Eskubaloi Txapelketa, hogeita lau selekziorekin, eta betikoak direla faborito

AITOR MANTEROLA DONOSTIA
2009ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kroazia eta eskubaloia oso lotuta daude. Baita hango zaleak eta jarrera beroa ere. Hantxe jokatuko da gaurtik otsailaren 1a bitartean Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta etxekoak dira faboritoetako batzuk. Multzo horretan sartu behar dira azken txapelketa handietan puntan ibili diren Frantzia, Espainia, Alemania, Danimarka eta Polonia. Kroaziako zaleek sortuko duten infernua zeru bilakatu nahi dute etxekoen aurkariek. Etxekoek, aldiz, garaipenaren zerua infernuan gozatu nahi dute.

Ez dute lan samurra izango etxekoei garaipena osten, hala ere. Propio prestatu dute txapelketa. Jokalari onenak Zagreb taldeak fitxatu ditu, helburu bat eta bakarrarekin: elkarrekin entrenatu ahal izateko eta selekzioa bere onean jartzeko. Lehendik ere ederki ezagutzen zuten elkar Ivano Balic, Igor Vori, Mirza Dzomba eta gainerakoek, baina hilabeteak daramatzate elkarrekin lanean. Hala ere, egitasmo on guztiek izaten dute zailtasunen bat, eta Kroaziarenak ere badu: lesioak. Balic eta Dzomba, esaterako, minez daude. Portland San Antonioko jokalari ohia osatu da, baina zer-nolako maila emango duen ikusteko dago. Okerrago dabil eskuin hegaleko abila. «Behar-beharrezkoa ez bada, ez dut jokatuko», esan berri du. Baina txapelketako zerrendan sartu du Lino Cervar entrenatzaileak.

Etxean jokatu beharrak presioa ere eragin diezaieke, baina oso lehiakorrak izanik, ez du ematen arazo izango denik. Txapelketa handietan azaldu ohi duten erregulartasun eza, berriz, bai. Duela bi urteko Munduko Txapelketan ez ziren lehen hiruretan sailkatu; Pekingo Olinpiar Jokoetan ere ez; Europako Txapelketetan, berriz, iaz bigarren izan ziren, baina duela hiru urte ez zuten dominarik lortu. Onena eta txarrena egiteko gai dira. Dohain paregabeak dituzte, baina ez dituzte beti baliatzen.

Gainerako taldeen artean ere badira on askoak. Espainia eta Frantzia, esaterako. Espainiarrak aldaketa garaian harrapatu ditu txapelketak. Valero Rivera, Bartzelonako entrenatzaile ohi loriatsua da entrenatzaile berria. Aste batzuk besterik ez da ardura hori hartu zuenetik. Taldea goitik behera eraberritu du, baina zutabeak bertan daude oraindik: David Barrufet eta Jose Javier Hombrados atezainak, Alberto Entrerrios, Iker Romero euskal herritarra eta Juanin Garcia. Horiek guztiek ondo jokatzea ez da harritzekoa izango, eta gainerakoen jokoa erabakigarria izan daiteke Txapelketako ibilian.

Danimarka, bolada onean

Frantziak ez du zalantzarik sortzen. Azken urteetako taldea du oinarri. Defentsako lan sendoa du ardatz. Horrexek eman zion Pekingo Olinpiar Jokoetan urrezko domina, eta ondo dabilena aldatzea zentzurik gabea denez, atzeko lana izango du zutabe nagusi Claude Onestaren selekzioak. Kroazian izango dira izar guztiak: Thierry Omeyer atezaina, Nikola Karabatic, Jerome Fernandez,Luc Abalo eta Didier Dinart. Ezbairik gabe, urrea irabazteko hautagai sendoenetakoa da.

Azkeneko txapelketa nagusietan sekulako maila eman du Danimarkak. Iaz, Europako txapeldun izan zen, eta duela bi urteko Munduko Txapelketan hirugarren. Europako urrezko dominari Mundukoa gehitu nahiko dio, eta ez du baliabiderik falta hori lortzeko, jokalari bikainak baitira Kasper Hvidt atezaina, Lasse Boesen, Michael Knudsen, Lars Christiansen eta Lars Jorgensen.

Polonia ere aintzat hartu beharreko taldea da. Bogdan Wenta entrenatzaile dutela, oso txapelketa onak jokatu dituzte azkenaldian. Taldea aspalditik ari da elkarrekin jokatzen, eta denek ederki ezagutzen dute elkar. Azkenaldian lortu duten emaitza onena duela bi urteko Munduko Txapelketan erdietsi zuten: bigarren izan ziren. Baina kosta egiten zaie partida erabakigarrietan maila ona mantentzea. Lehiakortasun edo esperientzia falta izan daiteke arrazoia. Dena dela, beste aukera bat du Mariusz Jurckiewicz Arratekoa, Marcin Lijewski, Karol Bielecki eta Slawomir Szmal atezaina zutabe dituen taldeak.

Alemania ere aintzat hartzeko taldea da, nahiz eta berrikuntza handiak izan Heiner Branden taldeak. Jokalari gazteekin selekzioa eraberritzen ari dira, eta gaztetasun hori ez zaie lagungarri izango, nahiz eta Bundesligan aritze hutsa esperientzia hartzeko aukera ederra izan. Dena den, kontuz. Duela bi urte ere egoera beretsuan jokatu zuten etxeko Munduko Txapelketa, eta irabazteko gai izan ziren. Jokalari nabarmenenak Pascal Hens, Dominik Klein, Holger Glandorf eta Michael Krauss dira, baina azken horren parte hartzea ez da ziurra, min hartuta baitago. Hutsune handia izango litzateke. Hala ere, taldea da alemaniarren indarra, eta beti bezala, lana beltz egin beharko da haiei irabazteko, erasoan kalitatea falta duten arren.

Koska bat beherago daude behinola talde indartsuak ziren Suedia eta Serbia. Garai bateko indarra berreskuratu nahian dabiltza, eta txapelketa hau goizegi datorkie. Errusiak ere behera egin du azkenaldian, baina edozein estutasunetan jartzeko gai da. Hego Koreak zer-nolako maila ematen duen ikusi egin beharko da. Pekingo Olinpiar Jokoetan txukun aritu ziren, baina azkenerako pot egin zuten. Egipto eta Tunisia ere indartsuak dira, baina ez daude Europako onenen pare. Hungariak eta Errumaniak eman dezakete ezustea.



Azken ekitaldiak

1997

1. Errusia 2. Suedia 3. Frantzia

1999

1. Suedia 2. Errusia 3. Yugoslavia

2001

1. Frantzia 2. Suedia 3. Yugoslavia

2003

1. Kroazia 2. Alemania 3. Frantzia

2005

1. Espainia 2. Kroazia 3. Frantzia

2007

1. Alemania 2. Polonia 3. Danimarka





David Barrufet. Espainiako selekzioko atezaina
Kroaziara abiatu aurretik hitz egin du BERRIAk atezain kataluniarrarekin. Beteranoa da, baina umetako ilusioarekin segitzen du.

«Jokalari baten helburua egunez egun ikasten jarraitzea da»

A. Manterola Donostia

Espainiako selekzioa utzi zuen Pekingo Olinpiar Jokoak bukatuta, baina Valero Rivera entrenatzaile berria laguna du, eta itzultzeko eskatu zion David Barrufeti (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1970). Beste Munduko Txapelketa bat jokatuko du eskubaloiko atezainik handienetakoak, Barrufet izenak katalunieraz ipotxa esan nahi duen arren.

Nola ikusten duzu gaur hasiko den Munduko Txapelketa?

Olinpiar Jokoen ondorengo ohiko Munduko Txapelketa izango da; talde asko jokalari gazteekin ariko dira, hurrengo Olinpiar Jokoetarako taldea prestatzen. Bestela, faboritoa bat eta bakarra da: Kroazia. Oso indartsuak dira, eta etxean jokatzen dutenez...

Hala ere, faboritoen multzoa handigoa da oraingoan ere.

Bai, bai. Lauzpabost talde gaude goian ibiltzeko modukoak: Frantzia, Danimarka, gu... Danimarkak errazago du oraingoan, zozketak mesede egin diolako, baina ikusiko da. Errusia ere hor ibiliko da, eta beti sortzen dira ezusteak.

Lehen pare bat faborito zeuden. Orain talde on gehiago al daude?

Bai, eta gero eta gehiago ugarituko da. Orain ere argi Polonia eta Hungariarekin; Errumaniak ere eman dezake ezustea. Gero eta berdinduago dago eskubaloia, eta zailagoa da goian mantentzea. Ondorioz, dominen borrokan egotetik bederatzigarren postua lortzeko partida jokatzera ez da alde handirik egongo; partida batek erabaki dezake talde bat mutur batean edo bestean egotea .

Kroazia jotzen duzue denok faboritotzat. Talde indartsua delako edo etxean jokatzen duelako?

Kroazian jokatzea oso zaila da. Oso giro beroa jartzen dute zaleek, harmailak lepo beteta egongo dira, eta ikusiko dugu epaileen lana nolakoa izango den. Faborito argia da.

Zer egin behar du ondo Munduko Txapelketa irabazi nahi duenak?

Planifikatuta dagoen guztia bikain egin behar da, eta planifikatua ez dagoena ere bai. Defentsa ona egitea ezinbestekoa da, atezainek lan ona egitea ere bai; erasoan baloi asko ezingo dira galdu, eta atearen aurrean eraginkortasuna ere izan beharko da. Selekzio osoenak irabaziko du.

Perfekziora hainbeste gerturatzea ez al da oso zaila hainbeste partida oso egun gutxian jokatuta?

Posible da lortzea. Partida perfektua une jakin batean jokatu behar duzu, dena jokoan duzun partida horretan. Kuwait eta Kubaren arteko partidak irabaziko dituzu, nola edo hala, baina garrantzitsuenetan gauza asko egin behar dira ondo.

Hainbeste txapelketa handi jokatu eta gero, nola motibatzen duzu zeure burua?

Munduko Txapelketa bakoitza, partida bakoitza desberdina da, eta jokalari baten helburua egunez egun ikasten jarraitzea da. Umetatik jokatzen genuen eskubaloian, eta gozatu egiten genuen. Orain, horretan jarduteko zorte paregabea daukagu... ia-ia umetan bezala gozatzen dugu, eta buruak nahiz gorputzak eusten didaten bitartean, motibazioa bera bakarrik etortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.