Pixkanaka, Munduko errugbi Kopa bidea egiten ari da. Aucklandetik Wellingtonera (Zeelanda Berria), hamaika partida jokatu dira, eta hasierako ligaxkako fasea iragan igandean bururatu da. Dagoeneko final-laurdenak erabakita daude. Asteburu honetan jokatuko dira lau partidak, eta txapelketa abiadura hartzen hasiko da, urriaren 23ko finalera arte.
Final-laurdenetako parekaketek txapelketak hasieratik sortutako sentsazioa berresten dute. Munduko Kopa hainbat ezusteren agertokia izan da, eta partida erabakigarriak iritsi aurretik, txapelketa nolabait iparra galduta dagoela dirudi. Final-laurdenen taula horren adierazle da. Taularen goiko zatia Sei Nazioen bertsio txiki bat izanen da, lehen fasean erori diren Italia eta Eskozia salbu, Europako selekzio guztiak bertan egonen direlako. Alderantziz, azpiko partea hego hemisferioko txapelketa bat izanen da, Argentina, Zeelanda Berria, Australia eta Hegoafrikarekin.
Gidoi hau ez zen hastapeneko pronostikoetan sartzen, eta Irlandak Australiari irabazitako partidan dauka azalpena. C multzoan lehen postuan bukatzeko faboritoa Australia zen. Irlandaren aurka, baina, wallabyak galtzaile izan ziren (6-15). Ondorioz, Australiaren ordez Irlandak bukatu zuen multzoko taldeburu. Beste faboritoek, berriz, ez zuten hutsik egin: A multzoan Zeelanda Berria sailkatu zen lehen postuan, B multzoan Ingalaterra, eta D multzoan Hegoafrika.
Irlandaren lorpenari esker, txapela janzteko hiru hautagai nagusiak —Australia, Hegoafrika eta Zeelanda Berria— euren artean gurutzatuko dira finalera iristeko galbahean. Alderantziz, europarrek finalean leku bat segurtatua dute, eta Munduko Kopa irabazteko aukera ederra daukate.
Frantziaren ezina
Parekatzeen ezuste horren oinarrian Irlanda egon bada ere, orain arte ikusitakoaren arabera, ipar hemisferioa galduta sentitu da. Horren adierazle garbiena da Frantziako selekzioa. Lehiaketa hasi baino lehen ezustea emateko hautagaia zen. Orain arte izan duen ibilbidea, baina, bere historiako txarrena izan da. Japoniari eta Kanadari irudimenik gabe irabazi zion lehenik. Zeelanda Berriak lezioa eman zion gero (37-17), eta asteburu honetan sekulako bizkarrekoa jaso zuen Tonga uharteen aurka (19-15). Frantzia da Munduko Kopako historian bi partida galdu eta gero final-laurdenetarako sailkatu den selekzio bakarra. Lehen aldia da baita ere Tonga uharteek errugbian Frantzia garaitzen dutena. Lorpen handia, 120.000 biztanle eskas eta jokalari batzuk Frantziako ligako laugarren eta bosgarren mailan dauzkan nazio batentzat.
Marc Lievremont hautatzaileak hamaika aldaketa egin ditu hasierako hamabostekoan, jokalarien aurka adierazpen gogorrak egin ditu, kazetariekin publikoki haserretu da... Jokalariak ere behin eta berriz burumakur ikusi dira, baloiarekin zer egin jakin gabe, beldurti. Larunbatean Ingalaterra arerio historikoaren aurka jokatu aurretik, noraezean dago oilarraren selekzioa.
Ingalaterra bera ere iparrorratz gabe nabari da. Berdegunean gauzak ongi doaz, partida guztiak irabazi baititu arrosaren hamabostekoak. Zelaitik kanpo zentzua galdu dute ingelesek, ordea. Mike Tindall, selekzioko kapitaina eta Ingalaterrako erreginaren ilobaren senarra, Zeelanda Berrian beste emazte batekin harrapatu dute, ezkondu eta hilabetera. James Haskell hirugarren lerroa eskandalu baten erdian dago, halaber. Haskellek selekzioaren hoteleko emazte langile bat bideoz grabatu zuen, buruz behera ekintza sexual bat egiteko eskatuz, hego hemisferioan egotearen inguruko txiste penagarria eginez. Martin Johnson hautatzaileak publikoki barkamena eskatu behar izan du, eta Haskellen aurka salaketa jarrita dago.
Iparra galdu duen azken taldea Zeelanda Berria da. Kopa irabazteko hautagai nagusia da, eta orain arte itxura bikaina eman du. Daniel Carter taldeko irekitzaileak min hartu du, ordea, eta askoren ustez munduko jokalari onena dena ezingo da gehiago zelaian ikusi. Zeelanda Berriak patroirik gabe irabazi beharko du txapela. Berri txarra da All Blacks-entzat, Graham Henry hautatzaileak Luke McAlister Carterren ordezko naturala etxean utzi zuelako Tolosarekin fitxatu izana zigortzeko. Mc Alister gabe, goi mailan esperientziarik ez duen Colins Sladek edo usaian uztartze erdia den Piri Weepuk aritu beharko dute, eta etxekoen jokoaren iparra markatu.
Munduko Kopa, iparra galduta
Munduko Kopako final-laurdenetako partidak iragan asteburuan zehaztu zituzten, eta ziurra da hemisferio bakoitzeko talde bana ariko dela finalean. Kanporaketak larunbatean hasiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu