Murgoitiok, bigarrenez

Abadiñokoak uste baino aiseago irabazi du Euskadiko ziklo-kross txapelketa, Hernandez eta Yusen aurretik

jon eskudero
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Egoitz Murgoitiok (Hirumet) bigarren urtez jarraian irabazi zuen Euskadiko ziklo-kross txapelketa, herenegun, Elorrion (Bizkaia). Uste baino aiseago nagusitu zen bizkaitarra, Javier Ruiz de Larrinaga beste faboritoak txakalaldi larria izan baitzuen. Lokatzez eta izotzez jositako ibilbidean aritu behar izan zuten txirrindulariek, baina hori ez zen oztopo izan txapeldunarentzat. Erakustaldia eman eta ordubete pasatxoan helmugaratu zen, Aitor Hernandezen (Euskaltel Euskadi) eta Unai Yusen (M. Specialyced) aurretik.

Hasieratik argi eta garbi geratu zen Murgoitio oso indartsu iritsi zela lasterketara. Hasieran jarri zen lehenengo postuan, eta eroso eutsi zion aldeari: «Egun ona egokitu zait. Oso ongi sentitu naiz, eta ibilaldia ere aparta zen nire ezaugarriak kontuan hartuta». Hori bai, abantaila handiagoa atera zezakeela esan zuen: «Indarrak gordetzen ere aritu naiz bukaeran, hurrengo egunetan indartsu egoteko». Maila altuko lau proba jokatuko ditu Belgikan. Atzo abiatu zen hara.

Larrinagaren kasuan ez bezala, Hernandezen eta Yusen lana goraipatzekoa izan zen. Errepidetik ziklo-kroserako saltoa handia dela aitortu zuen Hernandezek, baina ari dela ohitzen: «Txapelketan parte hartzea apustu gogorra izan da, baina ari naiz neurria hartzen, eta pozik nago». Yus ere konforme zen egindakoarekin.

Sven Nys Belgikako txapeldunak, berriz, Lanndbouwkrediet taldearekin duen akordioa luzatu zuen atzo, 2014. urtera arte. 35 urte ditu Nysek, baina oraindik gogotsu dago lehiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.