Futbola

Muturreko latza Badiolari

Realeko presidenteak ez du klubeko akziodunen ezohiko batzarraren babesa jaso.

2008ko ekainaren 18a
17:03
Entzun
Julen Etxeberria

Realeko akziodunek Iñaki Badiola aukeratu zuten lehendakari joan zen urtarrilaren 3an. Babes handia lortu zuen Badiolak, akziodunen %71 egin baitzuten bere alde. Bere diskurtso oldarkorra eta bere promesa berritzaileak barru-barruraino sartu ziren akziodun, bazkide eta jarraitzaileen artean. Ez zen zaila izan, desilusioa eta gogaitasuna baitzen nagusi talde txuri-urdinaren inguruan. Jendeak haize freskoa nahi zuen, eta Badiola zen haize fresko hori. Batzuk salbatzailetzat jo zuten ere, Reala infernutik aterako zuen salbatzailetzat.

Bost hilabete eta erdi joan dira ordutik, eta ezer gutxi aldatu da. Realak infernuan jarraitzen du: Bigarren Mailan eta diru arazo larriekin. Badiolak eta kargura iritsi zenean zuen onespena, berriz, apalduz joan da. Atzo geratu zen argi, Anoetako estadioan, Akziodunen Ezohiko Batzarrean. Oraingoan dena ez ziren hitz onak izan, laudorioak, txaloak. Kritikak egon ziren, horietatik batzuk oso zorrotzak. Lehendakari kargura iristeko egin zituen promesak ez betetzea leporatu zioten: diru sarrera berririk lortu ez izana, Lehen Mailara itzultzeko asmoz fitxaketa entzutetsuak egin ez izana, klubaren zorra handitu izana, kudeaketan gardentasunik ez izatea... Badiolak «engainatuak» sentitzen direla esan zuten akziodun askok. Azken emaitzak hori utzi zuen agerian, akziodunek ez baitzuten batzarraren agiriko puntu bakar bat ere onartu.

Badiolak erasoa aukeratu zuen kritikei aurre egiteko. Hala, El Diario Vasco-ren gezurrak izenburua zuen bideo emanaldi batekin ekion zion batzarrari, Vocento komunikazio taldeak Realaren izandako jarrera salatzeko. Jarraian, Lorenzo Sanzek, Fernando Sanz Malagako presidentearen aitak, Sevilla B-Malaga partida erosteko asmoz jokalari ordezkari batekin izandako elkarrizketa jarri zuen bozgorailuetan. Badiolak azpimarratu zuen gai horretan «azkeneraino» iritsiko direla.

7.250.000 EURO FAKTURARIK GABE. Vocento komunikazio taldea ez ezik, aurreko zuzendaritzak ere izan zituen jomugan Badiolak, Jose Luis Astiazaran, Miguel Fuentes, Maria de la Peña eta Juan Larzabalen zuzendaritzak, hain zuzen ere. Horretarako, due dilligence-aren -erosketaren kontu ikuskatzea- emaitzak jakinarazi zituen. Badiolaren arabera, 7.250.000 euro gastatu ditu Realak 2001eko martxotik 2007ko abendura arte gastu horien faktura bakar bat ere aurkeztu gabe. Horren aurrean esan zuen ekinbide judizialak abian jartzea aztertzen ari direla. Horrez gain, Badiolak jakinarazi zuen aurreko zuzendaritza batzuk iruzur egin diotela Gipuzkoako Ogasunari.

Badiolak zehaztu zuenez, Realak 28 milioi euroko galerak ditu, eta horietatik 15 milioi euro finantza zorrak dira. Realeko presidenteak datu horiek ezkutatu izana leporatu zion aurreko zuzendaritzari. «Gure aldeko sei miloi euroko funtsak genituela esan ziguten, eta 25 milioi euroko kontrako funtsak genituen benetan».

Klubak bizi duen krisi ekonomikoari aurre egiteko, Badiolak «funtsezkotzat» jo zuen Anoetako estadioa erostea, betiko diru-iturriekin «ezinezkoa» baita bizirautea, are gehiago Bigarren Mailan. «Egoera ekonomikoa oso larria da. Akordioak lortu behar ditugu, bestela Konkurtso Legea baliatu beharko dugu. Saiatuko gara aukera hori ez erabiltzen, baina aukera bat da. Ez dugu Realak heriotza gozo bat izaterik nahi». Ildo horretatik, Badiolak jakinarazi zuen Aldundiarekin bilduko dela hilaren 30a baino lehen jokalariei ordaindu behar zaizkien soldatak ordaintzeko dirua lortzeko -hori egin ezean, Bigarren B Mailara jaitsiko litzateke Reala-. Badiola «baikor» azaldu zen gai horren inguruan.

Bere zuzendaritzak agintaldian daramatzan 166 egunetan banan-bana egindakoak gogoratzea izan zen kritikei aurre egiteko Realeko presidenteak aukeratu zuten beste estrategia. Ekonomia arloan, fitxaketak egiteko Lighthouse enpresak emandako finantzazioa nabarmendu zuen. «Bi milioi euro baino gehiago jarri ditu Lighthouse enpresak. Gezurra da dirurik ez dugula jarri. Hori inoiz dirurik jarri ez dutenen kritikak besterik ez dira», azpimarratu zuen.

Kirol arloan, berriz, atsekabetuta azaldu zen Lehen Mailara igo ez izanagatik. Hala ere, helburu hori lortzeko asmoz egindako ahalegina nabarmendu zuen: Marti, Victor, Fran Merida, Nacho eta Lilloren fitxaketak, alegia. «Huts egin dugula? Ez dugula agindutako guztia bete? Egia da, baina inork ezin digu leporatu ez dugula beti Realaren alde lan egin». Horren harira, Badiolak aitortu zuen Lillok jarraitu egin nahi duela eta Realak berak jarraitzea nahi duela. Badiolak, halaber, jakinarazi zuen datorren sasoian Francis Cagigao izango dela kirol zuzendaria. «Eta gero esango digute ez dugula kirol egiturarik», gaineratu zuen.

Badiolak baieztatu zuen enplegu espediente erregulazioa egingo duela klubeko langileen artean. «Langileen %25 geratuko dira lanik gabe, ez %90 komunikabide batzuk esan duten bezala. Zergatik egiten duten gure aurka? Gauzak aldatu nahi ditugulako, aulkia mugitu nahi diegulako, haientzat deserosoak garelako. Enplegu espediente erregulazioari esker 600.000-800.000 euro inguru aurreztu ditzakegu. Eta egingo dugu, langile asko baitaude soberan klubean, ez dugu haien beharrik; Arsenalek baino langile gehiago ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.