Olaizola II.a-Albisu 22. Gonzalez-Zubieta 11

Nabari da ehiztaria dela

Olaizola II.ak eta Albisuk erraz irabazi diete Gonzalezi eta Zubietari, eta Zarauzko Torneoko finalean sartu dira

Aimar Olaizola penetan, atzo, tanto bat galdu ondoren, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Zarautz
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Pilota ez ezik, ehiza ere bada Aimar Olaizolaren afizioetako bat. Sekulako zaletasuna dauka, eta ehiza garaian orduak igarotzen ditu mendian, zakurrak lagun. Aurten ez da uso askorik ibili, baina goizuetarrak ez du punteriarik galdu. Atzo hala erakutsi zuen behintzat Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Albotik igaro zitzaizkion pilotakada guztiak matematikoki errematatu zituen txaparen gainean, usoak balira bezala. Hamabost tanto egin zituen guztira, eta Albisu atzelari zuela, Zarauzko Torneoko finalerako txartela eskuratu zuen, Gonzalez eta Zubietaren kontra.

Neurketaren hasiera ez zen batere ona izan, irabazleentzat bereziki. Hotz kantxaratu ziren, eta lehenengo izerdi tantak isuri arte ez ziren euren jokoa egiten hasi. Estreinako sakea urdinei egokitu zitzaien, eta nahiko pilota bizia atera zuten saskitik. Albisu neurria hartu ezinik aritu zen, eta Olaizola II.ak ere ez zuen batere asmatu tantoa amaitzeko garaian. Lehen sei tantoetan lau pilota galdu zituen erasoan. Gerora, berriz, ez zuen alerik galdu. Gonzalez eta Zubietak lau tantoren aldea lortu zuten, aparteko gauzarik egin gabe (5-9).

Asegarceko bikotea, baina, garaiz esnatu zen, eta neurketa aldatu egin zen. Olaizola II.ak gustuko duen pilota atera zuen, motelagoa eta pisutsuagoa, eta aukera gehiago sortu zitzaizkion aurreko koadroetan. Zubieta ezin kenduz aritu zen, eta Goizuetakoak ongi baliatu zuen hori. Etxarrikoak partida gogorra jokatu zuen Covaledan bezperan —22-21 irabazi zien, Titin III.arekin, Irujo eta Laskuraini—, eta goizeko lauretan oheratu zen. Nekeak ez zion barkatu, ezta Olaizola II.ak ere. Partida erditik aurrera erakustaldia eman zuen, mota guztietako tantoak eginez. Airez zortzi tanto amaitu zituen, eta beste zazpi dejadaz zein moztuta.

Asegarcekoak, 5-9 galtzen joan zirenak, 21-10 irabazten jarri ziren. Albisuk ez zuen San Fermin Torneoan bezain itxura onik eman, baina txukun jokatu zuen. Hasieran gozakaitz aritu zen, eta pilota dezente galdu zituen. Tantoak aurrera joan ahala, ordea, hobetu egin zuen, eta ez galtzea aski izan zuen. 18-10ekoa, gainera, berak amaitu zuen, pilota Zubietari buruz gain pasatuta. Aurrelariak pilota gaiztoak kenduz gero, lan ona egiten du ataundarrak.

Lekutik kanpo aritu zena Gonzalez izan zen. Estreinako tantoetan garaipena lortzeko itxaropena piztu zuen pilotalekuan, tanto onak eginez, baina azkar eten zitzaion bolada ona. Erasoan oker, eta defentsan are okerrago aritu zen. Jokatzeko geratzen diren udako torneoetan parte hartu nahi badu, hobetu beharko du Azkainekoak.

Txalo gehien jaso zuen pilotaria, hala ere, Mikel Olaetxea izan zen, jaialdiko lehen partidan. Erakustaldia eman zuen Lizartzakoak. Apraiz lagun, 22-13 irabazi zien Aritz Lasa eta Peñagarikanori.

Bigarren finalerdia, gaur

Irujo-Laskurainek eta Bengoetxea VI.a-Beginok jokatuko dute Zarauzko Torneoko bigarren finalerdia, gaur (17:15, Nitro). Asegarcekoak dira faborito, Gasteizko Torneoaren finalean erakutsi zuten moduan sasoiko daudelako. Laskurainentzat udako lehen torneoa izango da. Finala asteartean jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.