Esprintean erabaki da Espainiako Vueltako seigarren etapa, eta Nacer Bouhanni izan da azkarrena haizearen eraginez murriztutako talde batean. Omar Fraile (Astana) zazpigarren sailkatu da. Jon Aberasturi (Murias) ere sartu da esprintean, eta hamairugarren amaitu du. Azken 30 kilometroetan hautsi da lasterketa. Haize iragarpena bete da, eta zenbait taldek baliatu dute. Zuzengune luzeetan, batez ere, Skyk eta Borak ezarritako abiadurak sarraskia eragin du tropelean. Kaltetu nagusiak Thibaut Pinot (FDJ) eta Wilko Kelderman (Sunweb) izan dira. Azken honek, zorigaiztoko matxura izan du, eta taldearen laguntza izanagatik ezin izan du tropel nagusira itzuli. Biek 1.44 minutu galdu dituzte. Gainontzeko talde buruak lehen multzoan helmugaratu dira.
Gainontzean, etapa lasaia izan da. Eguneko ihesaldia Richie Portek (BMC), Luis Angel Matek (Cofidis) eta Jorge Cabedok (Burgos BH) osatu dute. Quick Stepek, Trekek eta FDJk, ordea, ez die tarte handiegirik eman. Matek mendiko sailkapeneko lidertza sendotu du. 42 puntu ditu; Pierre Rollandek (Education First) baino 22 gehiago.
Rudy Molardek (FDJ) jarraituko du lider. Ion Izagirrek Kelderman aurreratu du nagusian, eta seigarren da 1.11 minutura.