Rafael Nadal tenislariak (Balear uharteak, Herrialde Katalanak, 1986) gaur TVEn egin dioten elkarrizketan aitortu du bere enpresa batzuk Gipuzkoan helbideratuta izan zituela, han "abantaila fiskal batzuk" zituelako, baina argitu nahi izan du "beti legearen barruan" aritu zela eta ordaindu beharreko zergak ordaindu zituela.
Datu bat ere eman du: enpresak Gipuzkoan eduki zituenean, Ogasunari zergetan hogei milioi euro ordaindu zizkiola. Aldiz, aurreko asteetan hedabide batzuetan azaldu zen Nadalek milaka euro batzuk baino ez zituela pagatu. Gipuzkoako Foru Aldundia kasua ikertzen ari da.
Kirolariaren arabera, "gaizki aholkatuta” eraman zituen bere sozietate batzuk Balear uharteetatik Gipuzkoara, eta ondoren itzultzea erabaki zutela.
"Nik ez ditut eramaten nire diru kontuak. Tenisean jokatzera mugatzen naiz eta nire taldea arduratzen da diru kontuez. Baina hiritar bezala dagozkidan zergak ordaindu ditut, eta min ematen dit halako kasuetan azaltzeak", adierazi du Nadalek Espainiako telebista publikoko elkarrizketan. Esan du gaiaz jendaurrean gehiago ez dela mintzatuko.