Aurrera SaiazUharte

Nafar usaina

Uharte eta Doneztebeko Erreka BERRIA txapelketarako finalerdietarako sailkatu dira, eta hurrengo astean ikusiko dute elkarFinalerdietako beste bi taldeak bihar eta etzi ezagutuko dira, Galdakaon eta Urnietan

Mujika, Aurrera Saiazeko kadeteetako aurrelaria, Errekaren aurkako partidan, Beotibarren. JUAN CARLOS RUIZ/ ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako usaina dario VIII. BERRIA txapelketari. Finalistetako bat, gutxienez, nafarra izango da. Doneztebeko Errekaren eta Uharteren artean dago finalerako txartela, pasa den ostiralean Tolosan eta Hernanin jokatu zituzten kanporaketetan finalerdietarako sailkatu ondoren. Izerdia bota behar izan zuten bi taldeek, bi kanporaketak orekatuak izan zirelako. Finalera iristeko hitzordua hurrengo astean dute, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Aurretik, finalerdietako beste bi taldeak zeintzuk izango diren jakingo da asteburu honetan. Bihar, Galdakaoko Adiskide eta Amezketako Zazpi Iturri lehiatuko dira Galdakaoko pilotalekuan (19:00). Etzi, Andoaingo Gaztelekuren eta Irurtzunen txanda izango da, 17:00etan, Urnietako pilotalekuan.

1. Erreka 2

KADETEAK

Mujika-Iruretagoiena 22

Elizalde-Aldabe 8

GAZTEAK

Labaka-Elustondo 10

Maia-Lasa 22

NAGUSIAK

Onsalo-Zubiri 11

Esain-Gorriti 22

Final-laurdenak Tolosako Beotibar pilotalekuan hasi ziren iragan ostiralean. Ezustekoarekin hasi ere, Errekak egungo txapeldunordea txapela irabazteko lehiatik at utzi zuelako.

Kanporaketako lehenengo partida, halere, Bidania-Goiatzekoek irabazi zuten. Kadete mailako bikotea nagusitasunez gailendu zen, eta hasieratik erakutsi zuten aurkariak baino gehiago zirela. Azkenean zortzi tantorekin utzi zituzten lehiakideak.

Bigarren partidatik aurrera, kanporaketa nafarren alde jarri zen. Elustondo aritu zen Aurrera Saiazekoen atzealdean, azken orduan Arratibelek min hartu zuelako. Aldaketa nabaritu egin zen, eta Elustondo ez zen gai izan Lasaren mailan egoteko. Maiarekin batera, sendo aritu zen Nafarroako bikotea, eta 22-10 irabazi zuen.

Talde bakoitzak partida bat irabazita, nagusietan gailentzen zenak lortuko zuen finalerdietarako txartela. Hala, Gorritiren jarduna berebizikoa izan zen partida Errekaren alde jartzeko. Pilota baztertzen asmatu zuen, eta atzean sendo aritu zen. Bikotekideak ematen zion babesa baliatuz, hainbat gantxo polit egin zituen Esainek, eta Onsalo eta Zubiriren saiakerak ezerezean utzi zituen.

50. Zugarralde 49

KADETEAK

Larunbe-Goñi 8

Agirre-Alduntzin 22

GAZTEAK

Zestau-Mina 20

Maians-Iribarren 22

NAGUSIAK

Yoldi-Linzoain 22

Urdaniz-Lopetegi 5

Hiru partidako kanporaketa batean tanto batek garrantzi gehiegirik ez duela dirudi; baina, ostiralean, puntu bakar baten aldea nahikoa izan zen txapelketan jarraitu edo kanpoan geratzearen arteko marra gurutzatzeko. Xehetasunek txapelak emateko ahalmena dute, eta lehiatik kanpo uzteko boterea ere bai.

Xehetasun bat pilota aldatzea izan daiteke. Kadeteetako partidan markagailuak 8-11 erakusten zuenean, Burlatako bikoteak pilota aldatzea erabaki zuen, eta zuzenean 22ra joan zen. Garaipen garbia, kanporaketari begira abantaila ona ematen zuena.

Gazteen partida gogorra eta berdindua izan zen, azken unera arte desorekatu ez zena. Maians aurrelaria eta Mina atzelaria nabarmendu ziren, hutsak eta tanto onak tartekatu ziren lehian. 20-22 irabazi zutenean, aurkariek saketik bost tanto egin izana xehetasuna baino huskeria zela uste zuten Zugarraldekoek. Bi partidak irabazita, pozarren ziren.

Burlatakoek dena alde zuten finalerdietan izateko. Sei tanto egitea besterik ez zuten behar. Baina oso bikote sendoa izan zuten aurrean, eta helburutik tanto bakarrera geratu ziren. Linzoainek Lopetegiri bizkarra erakutsi zion une oro, eta Yoldi tantoak bata bestearen atzetik pilatzen hasi zen. Azkenean, 22-5, eta bi partida galdu arren, Uharteko taldea da finalerdietarako sailkatu dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.