Oiarpe TxumuluxuetaUharte

Nafarrek, hirutik hiru

Baztango Txaruta, Doneztebeko Erreka eta Uharte final-zortzirenetan sartu dira BERRIA txapelketako lehen asteburuanKanporaketetako bi estuak izan dira, eta nagusien partidetan erabaki dira

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hasi da BERRIA txapelketa, eta Nafarroara begira eman ditu lehen pausoak. Asteburuan jokatu dira lehen kanporaketak, eta Nafarroako taldeek lortu dituzte final-zortzirenetarako lehen txartelak: Txaruta Baztango taldeak, Erreka Doneztebekoak eta Uhartek.

1 (51).Txaruta 2 (49)

KADETEAK

Ugalde II.a-Imaz 22

Albiasu-Trantxe 5

GAZTEAK

Sarasti-Imaz 17

Arizmendi-Apeztegia 22

NAGUSIAK

Aranburu-Ugalde 12

Arraztoa-Otxandorena 22

Txaruta Baztango taldea izan zen txapelketan aurrera egin zuen lehena, ostiralean Oiartzungo Oiarperi Hernanin irabazita, eta Aurrera Saiaz iazko txapeldunordea izango du kontrario final-zortzirenetan. Gipuzkoarrek ondo hasi zuten kanporaketa, eta kadeteen partida irabazteaz gain, tanto alde polita lortu zuten (22-5). Orekarik gabekoa izan zen norgehiagoka, eta Ugalde II.a eta Imaz irabazleek saketik lorturiko hamabi tantoak erabakigarriak izan ziren.

Nafarroako seikoteak gelditzen ziren bi partidak irabazi behar zituen aurrera egiteko, eta gazte mailakoan eman zuen lehen pausoa. Kanporaketako partidarik onenean, Arizmendik eta Apeztegiak aurkako 17-12koa altxatu zuten, Sarasti eta Imazen aurka. Bitxia dirudien arren, Apeztegia atzelariak eskua mindu zuenean egin zuten gora nafarrek, Joseba Arizmendi aurrelaria gehiago sartu baitzen jokoan. Piloteoko agintea hartu eta Txarutako bikoteak jarraian egin zituen azken hamar tantoak (17-22).

Nagusien partidak erabaki behar zuen zein taldek egingo zuen aurrera, eta Unai Arraztoak eta Gaizka Otxandorenak oso indartsu ekin zioten partidari (0-9). Nafarrek ondo eutsi zioten aldeari (7-11 eta 9-15) eta ez zieten utzi kontrarioei ezustekorik ematen. Ia hiru ordu laurden iraun zuen partidak.

1 (44). Erreka 2 (55)

KADETEAK

Ibarrondo-Gonzalez 22

Telletxea-Elizalde 11

GAZTEAK

Ziarrusta-Etxebarria 19

Maia-Lasa 22

NAGUSIAK

Etxebarria-Etxebarria 3

Esain-Madariaga 22

Ostiralean gertatu bezala, larunbatean ere Hernanin jokaturiko kanporaketa nagusien partidan erabaki zen. Doneztebeko Errekak gazteen eta nagusien partidak irabaziz egin zion aurre Dimako Txumuluxuetak kadeteetan lorturiko garaipenari. Final-zortzirenetan nafarren arteko kanporaketa bat egongo da, Errekak Leitzako Aurrera izango baitu aurkari. Dimako Ibarrondo eta Gonzalezek irabazi zuten lehen partida, baina emaitzak pentsaraz dezakeen baino lan gehiago egin behar izan zuten Telletxea eta Elizalderi irabazteko (22-12).

Gazteen partida bikaina izan zen, eta Errekako Maiak eta Lasak ordubetetik gora behar izan zuten Ziarrustari eta Etxebarriari irabazteko (22-19). Txumuluxuetako bikotea ondo hasi zen, eta sakearekin min eginez —zazpi tanto lortu zituzten lehen pilotakadarekin— alde ia erabakigarriak lortu zituen (12-6 eta 19-15). Baina ez zuten lana borobildu, eta azken txanpan nafarrek partidari buelta ematea lortu zuten. Nagusien partidan erabakitzekoa zen kanporaketa, eta ez zuen gazteek jokaturikoaren trazarik izan. Esainek eta Madariagak nagusitasunez irabazi zuten (22-3). Aurrelaria nabarmendu zen.

65. Arkupe 45

KADETEAK

Astiz-Goñi 22

Etxeberria II.a-Pascual 13

GAZTEAK

Zestau-Mina 22

Etxebarria-Agirrezabala 10

NAGUSIAK

Loban-Tabar 21

Aio-Irusta 22

Uhartek igandean borobildu zuen Nafarroako taldeen asteburu ona, Tolosako Beotibar pilotalekuan Gernikako Arkupe kanporatuta. Uhartek lehen bi partidak aski izan zituen kanporaketa bideratzeko, eta Hernani izango du aurkari final-zortzirenetan. Kadeteen partidan Astizek eta Goñik hasieratik agindu zuten (12-4), eta tanto alde ona lortuz eskuratu zuten lehen puntua (22-13). Atzelaria nabarmendu zen, oso seguru jokatuta.

Gazteen lehian ez zen orekarik izan, eta Zestauk eta Minak hasieratik utzi zuten garbi faboritoak zirela (8-0). Ez zuten estutasun handirik pasatu (22-10). Emaitza horiekin Uhartek tanto bakarra behar zuen nagusien partidan. Emoziorik ez, baina ikuskizuna izan zen. Aiok eta Irustak bukaerako emaitza itxuratu zuten (22-21).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.