Paralinpiar Jokoak gaur hasiko dira Londresen, eta sei euskal ordezkarietatik hiruk lehiari ekingo diote. Nafarrentzat egun garrantzitsua da, Laura Garciak ikusmen urritasuna duten 48 kiloz azpiko judo lehiaketa osoa jokatuko baitu; eta Mari Carmen Rubio hanketako urritasun fisikoa dutenentzako arku konposatuko tiroko kanporaketen antolaketa txandan ariko da. Azkenik, Asier Garciak aulki gurpildunekoko saskibaloiko sailkatze faseko partidan ariko da Espainiako selekzioarekin, Italiaren aurka.
Bigarren Olinpiar Jokoak dira Laura Garciarentzat. 31 urteko Barañaingo Onceko langilea bederatzigarren izan zen Pekinen, eta Londresen ordukoa hobetuko du, zortzi partaide bakarrik baitaude haren mailan. Garcia seigarrena da munduko sailkapenean, eta, lehen borrokan, Iulia Halinska ukrainarraren aurka lehiatuko da (12:50), ExCel erakustokian. Oso aurkari gogorra egokitu zaio, Halinska Europako txapelduna baita, eta duela lau urte brontzea lortzeko zorian egon baitzen 20 urterekin. Irabaziz gero, arratsaldez jokatuko ditu finalerdia eta finala, eta, lehen borroka galduz gero, bigarren aukeran ariko da. Garcia «gozatzera» joan da, baina «sasoi onean» denez, dominen lehian sar daitekeela sinetsita dago.
Mari Carmen Rubio iruindarrak ere goizean (11:00) jokatuko ditu hanketako urritasun fisikodunen —poliomelitisak hanka bateko mugikortasuna urritu zion— arku tiroko lehiaketako kanporaketak osatzeko txanda, Royal Artillery Barrackseko gunean. 38 urteko Iruñeko udaletxeko langileak gaur jakingo du zeinen aurka ariko den hurrengo kanporaketan (bihar edo etzi). Hamabi parte-hartzaile daude guztira, eta gaur 72 gezi jaurtiko dituzte sailkapena osatzeko. Aurrenekoa azkenekoaren aurka lehiatuko da, eta, hala, koadroa osatu arte. Rubio hirugarren izan zen Britainia Handiko Irekian, jokoen aurretik antolaturiko azken txapelketa handian.
Espainia-Italia saskibaloian
Aulki gurpilduneko saskibaloi lehia ere gaur hasiko da, eta Asier Garcia hegal pibot getxoztarrak Italiaren aurka jokatuko du Espainiako selekzioarekin (11:45). Italia sona handiko taldea da Europan, azken bost txapelketetatik hiru irabazi baititu, baina iaz seigarren izan zen. Txapelketa horretan Espainia hirugarren izan zen, eta 50-58 irabazi zuen gaurko aurkariaren kontra.
Nafarren eguna da
Laura Garcia gaur lehiatuko da judoan Paralinpiar Jokoetan, eta Mari Carmen Rubiok arku tiroari ekingo dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu