Nafarroako bi talde, final-zortzirenen bila

Osasunak eta Tafallako Peña Sportek derbia jokatuko dute gaur Espainiako Kopan

2006ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Osasunak eta Tafallako Peña Sportek derbia jokatuko dute gaur Espainiako Kopanasier legarda-ereño

Iruñea

Teorian Osasunak ez du arazorik izan behar Tafallako Peña Sport taldea mendean hartzeko, gaur. Lehen Mailako talde batek Hirugarren Mailako bat gainditzeko arazorik ez du izan behar eta. Are eta gutxiago partida bakarrean erabakitzen den kanporaketa izan ordez, joaneko lehia bat eta itzulerako beste bat daudenean. Osasunako entrenatzaile Jose Angel Ziganda ez da fidatzen, hargatik: «Peña Sport oso motibatuta ariko da, eta Kopa da ustekabeen lehiaketa. Ezin dugu erdipurdi jokatu, gaur egun inori ez zaio erraz irabazten eta», esan zuen atzo.

Gaur iluntzean Tafallako San Frantzisko futbol zelaia jendez gainezka egotea nahi dute Peña Sporteko zuzendariek (Iruñean ez dute sarrera askorik erosi, hargatik), eta zaleen babesik ez zaiela faltako dirudi. Historian aurreneko aldiz lehiaketa ofizial batean neurtuko ditu indarrak Tafallako klubak hiriburuko talde ahalguztidunaren lehen taldearekin. Eta ezustekoa eman nahi dute Tafallakoek, erronkaren zailtasuna ezagutzen duten arren. Bere aginduetara dituen jokalari guztiak zelairatu nahi ditu Adolfo Etxeberria entrenatzaileak kanporaketako bi partiden artean, bere futbolariak saritu asmoz. Saririk onena kanporaketa gainditzea izango litzateke, ordea.

«Lasai gaude, taldea ondo dago eta badakigu galtzeko ezer ez dugun bezalaxe irabazteko asko dugula», adierazi du Peña Sporteko atezain Iñaki Cachok partida bezperan, esaterako. Bere taldekide asko bezalaxe, Osasunako harrobian aritutakoa da. Orain gutxi arte Osasunako bazkidea zen, eta gazte mailetan Osasunako Josetxo, Puñal eta Krutxagaren taldekidea izan zen. Berarentzat bezalaxe, Costanillarentzat (1996-1997 sasoian Osasunaren lehen taldean aritu zen Bigarren Mailan), Elbustorentzat, Amatriainentzat (Realeko harrobian ere aritu zen), Galanentzat, Verarentzat, Ainzuarentzat, Menarentzat eta abarrentzat partida berezia da gaurkoa, Osasunako harrobitik irtenez gerotik lehendabiziko aldiz ariko baitira Iruñeko klubaren aurka. «Peña Sporteko ia jokalari guztiak ezagutzen ditut, eta badakit jokalari onak direla. Hirugarren Mailan daude, baina Bigarren B Mailako taldea da ia», esan zuen atzo Zigandak.

81 urteko historian izan duten partidarik garrantzitsuena jokatuko dute gaur Tafallakoek, gainera. Bigarren B Mailan aritzea da orain artean Peña Sportek lortu duen balentriarik handiena, eta gaur historiarekin hitzordua dute. Motibazioa ez da behintzat arazoa izango. Osasunakoentzat, ikusteko dago.

OSASUNA, GUTXIEN JOKATU DUTENEKIN. Zigandak ez du hasierako hamaikakoa zein izango den argitu, baina orain arte ia batere jokatu ez dutenek, Romeok, Hector Fontek edota Eliak eta Juanfranek, hasieratik jokatuko dutela dirudi. Jokalari gisa Espainiako Kopan inoiz pozik bizi gabekoa dela onartu zuen Zigandak, baina lehiaketa honen xarma berezia beti gustatu izan zaio Larraintzargoari, eta entrenatzaile gisa ez dio ezerri uko egin nahi: «Kopak asko erakartzen nau, ezin diogu ezerri uko egin lehiaketa honetan. Ditugun hogeita bi jokalariak oso antzekoak dira, eta hori abantaila bat izan daiteke guretzat lehiaketa ezberdinetan mailarik onenean aritzeko». Gutxien jokatu dutenekin aritzeak ez baitu esan nahi lehiaketa hau edota aurkaria bera gutxiesten dituenik.

Athleticen lagun nafarrak

Nafarroako taldea izanagatik ere, Tafallako Peña Sportek ez du Osasunarekin inolako lan harremanik. Patxi Izko Osasunaren presidentetzara iritsi aurretik Peña Sport eta Osasuna lotuta zeuden, eta denboraldi-aurrean ohiko hitzordua izaten zuten iruindarrek Tafallan. 2002ko abuztuaren 15ean ere Javier Aguirre iritsi berriaren taldea-Izkoren eskutik iritsi entrenatzailea- Tafallan aritu zen urteroko adiskidantza lehia jokatzen. Handik gutxira, ordea, ez zuten Osasunarekin zuten lan harremana berritu, eta Athleticekin sinatu zuten beste akordio bat. Ez da kasu bakarra Nafarroan: Txantrea, Aluvion, Iruñea eta Amigo klubak ere Athleticek hitzartutako klubak dira. Ismael Lopez eta Javier Eraso gazteek Osasunako harrobitik Athleticera alde egin zutenetik Ibaiganeko klubaren eta Sadarreko klubaren arteko harremanek etenda jarraitzen dute, nahiz eta udan Javi Martinezen etete- klausulako dirua ordaintzeko erraztasunak eskaini zizkion Izkok Lamikizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.