«Zergak ordaintzeko tresna asko daude, baina legean ez dago aurreikusita 75 urteko atzerapena. Osasunak egin behar duena da zergen alorrean legea bete, eta hori egiteko zailtasunak baldin baditu, legeak eskura jartzen dituen tresnak erabili, edozein zerga-ordaintzailek egiten duen bezala». Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzak dira. Atzo esan zituen, eta herenegun Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak esandakoaberretsi besterik ez dute egiten, hots, Nafarroako Gobernuak ez duela onartzen Foru Ogasunarekin duen 27,9 milioi euroko zorra kitatzeko epea 75 urtera atzeratzeko Osasunak eginiko eskaera.
Mirandak gogoratu zuen Nafarroako Gobernua Osasunarekin «kolaboratu» duela «ez orain, baizik eta aurretik ere». Hala ere, argi utzi zuen ezin dutela onartu atzerapenik. «Ezin da egin legean aurreikusten ez dena. Eta inork ezin du esan zergak ordaintzea proiektu bat aurrera ateratzeko arazoa denik, are gehiago kontuan hartuta zergak ordaintzea herritarren, enpresen eta erakundeen betebeharra dela. Arazoak beste nonbaitetik etor daitezke, baina ez zergak ez ordaintzeagatik. Inork ezin dio utzi zergak ordaintzeari».
Ricardo, min hartuta
Kirol arloari dagokionez, Ricardo Lopeek hamar egun egin beharko ditu entrenatu gabe, lesioa baitu eskuin eskuko giharretan. Atezainak egunak zeramatzan oinazeekin, baina atzo arte ez zioten egin azterketa mediku sakonik. Ricardo, beraz, ez da izango Granadaren aurkako partidako deialdian, eta zail izango du ere tokia izatea hurrengo astean Mallorcaren aurkako neurketako lehian.
Mari Beltranek, berriz, «oso partida garrantzitsutzat» jo zuen bihar etxean Granadaren aurka jokatu beharreko neurketa. Aurkariaz Osasunako eskuin hegaleko atzelariak esan zuen Granada «bolada onean» dagoela entrenatzaile aldatu zuenetik, eta horrek «arriskutsu» egiten duela.
Nafarroako Gobernuak ezetz esan dio Osasunari
Iruñeko taldeak Ogasunarekin duen zorraren ordainketa 75 urtera atzeratzea eskatu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu