Nagusia itzuli da

Michael Schumacherrek lortu du 'pole'-a Bahreinen, eta Ayrton Sennaren marka berdindu du

Laurentzi Garmendia
2006ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Michael Schumacherrek iazko urtea berehala ahaztu du, eta atzo pole-a lortu zuen Bahreingo Sari Nagusiko entrenamendu saioetan. Atzokoarekin 65 pole ditu, eta Ayrton Senna handiaren marka berdindu du. Emozioz beteriko entrenamenduak izan ziren atzokoak, eta ezen ustekaberik falta izan. Kimi Raikkonen, esaterako, azken postutik aterako da. Gainerako faboritoek ez zuten hutsik egin. Jenson Button hirugarren izan zen, eta Fernando Alonso laugarren. Felipe Massak aurrea hartu zien biei.

Bahreingoak espero baino entrenamendu saio erakargarriagoa izan ziren. Ordu laurdena nahikoa izan zen gauza batzuk iaztik ez direla aldatu ikusteko. Raikkonen izan zen lehen ustekabearen biktima. Finlandiarraren autoaren atzealdeko esekidurak huts egin zuen. Pistatik irten zen eta aukera guztiak galdu zituen. istripuaren erruz, bere benetako sasoi puntua zein den ikusteke gelditu da, azken postutik ekingo baitio gaur lasterketari. Juan Pablo Montoyarenari erreparatuz, baina, oraindik zer hobetu badutela esan daiteke.Hurrengo saioek espero zena azaldu zuten: Renault, Ferrari eta Honda oso maila onean direla. Eta ez hori bakarrik, Bridgestonek aurkitu duela itzuli azkar bat emateko goma konposatua, iaz urte osoan egiterik izan ez zuena, alegia. Horretaz baliatu ziren Schumacher eta Massa harrigarria. Azken saioan, pneumatiko berriak muntatu zituzten unean, itzuli apartak eman zituzten eta lehen bi postuak berentzat izan ziren.Renaulteko gidariek taktika desberdina jarraitu zuten azken entrenamendu saioan. Pistan ahalik eta denbora gehien igaro zuten, erregaia galdu eta autoa arindu nahian. Hala, lau minuturen faltan sartu ziren boxetara, pneumatiko berriak jarri eta itzuli azkarrak egin nahian. Taktikak, baina, ez zien fruitu onik eman. Alonso gogotik saiatu zen, eta bere ausardiak laugarren postua eman zion. Giancarlo Fisichellak pott egin eta bi segundo galdu zituen.Button hirugarren sailkatu zen, hauts askorik harrotu gabe. Lasterketarako toki ezin hobea da, pistaren alde garbian Bahreinen hondar ekaitzak oso ohikoak dira eta pista oso zikina dago ibilbidetik kanpo eta neguan egindako probetan erakutsi dute lasterketan oso erritmo handiari euts diezaioketela. Dena den, atzoko lanak kontu handiz irakurri behar dira.

Lasterketa: beste gauza bat?

Batzuen kasuan zalantzan jarri behar da atzoko emaitzen garrantzia, entrenamenduetako estrategia eta pneumatiko berriak nahiko faktore aldakorrak ez balira, beste aldagai bat ere gehitu behar baitzaie: erregai karga. Iaz gidariek itzuli bakarra zuten denbora onena egiteko, eta horrek erregai kopurura mugatzen zuen talde baten eta bestearen arteko aldearen azterketa. Iaz ere guztiek pneumatiko bakarra zuten eta pistara irteteko unea finkatua.

Aurten ez dago horrelako mugarik, eta horregatik, entrenamenduen irakurketa kontu handiz egin behar da. Ferrari oso postu onean dago, lehen lerroa haiena baita. Han badaude, han egoteko maila dutelako da. Alderantziz, Renaultena da emaitza bitxiagoa. Alonso eta Fisichella laugarren eta bederatzigarren daude, autoa hori baino gehiagorako gauza dela agerikoa bada ere. Hortaz, erregaiz ondo beteta izango direla pentsa daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.