ARRAUNA. EUSKAL LIGA

Nagusiaren legean

Zumaiak bosgarren garaipena segidan lortu nahi du gaur Zierbenan; etxekoek, igoera kanporaketa jokatzeko dituzten aukera urriei eutsi nahi diete

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun


Euskal Ligako nagusia dela erakutsi nahi du Zumaiak, berriz ere, gaur Zierbenan jokatuko den Petronor Banderan (19:00, ETB1). Denboraldiko bederatzigarrena izango da. Telmo Deun ontziak egindako azken lau probak irabazi ditu. Azkena, eta erakustaldi ederra eman eta gero, iragan astelehenean, Zarautzen. Sendo dira lidertzan eta TKE (Traineru Kluben Elkartea) Ligarako igoera kanporaketako txarteletako bat poltsikoan dute, jada. Gaur, Zarautz, Zierbena eta Laredorekin batera ariko dira txanda nagusian. Bigarrenean Getaria, Ondarroa, San Pedro eta C. Santander izango dira. Aurrenekoan, berriz, Algortakok, Deustuk, Pontejosek, Lutxanak eta Santurtzik arraun egingo dute. 13 ontzik, guztira. Estropada eremuak lau luze eta hiru ziaboga edukiko ditu.

Itsaso zakarra espero da gaur Zierbena aldean. Hori dela eta, urduritasuna ohi baino handiagoa izango da kaleen zozketan. Zumaiako ontzia, baina, ez da itsaso zakarraren beldur. Denboraldiko seigarren bandera irabazi nahi dute. Hori bakarrik dute buruan. Gainera, giroa nahasia dagoenean ere, ondo moldatzen dira. Luis Mari Olasagasti prestatzaileak hiruzpalau aldaketa egingo ditu gaurko probarako. Izan ere, biharko estropada Zumaian jokatuko da. Begiz jota daukate etxeko proba, eta zaleei eskaini nahi diete garaipena.Igoera kanporaketarako beste txartelak ez du jaberik, oraindik. Zarautz da bigarren, hiru estropadaren faltan, eta Zierbena hirugarren. Bizkaiko trainerua etxean ariko da gaur. Zarautzi aurrea hartzea oso zaila izango dela jakin arren, lehian jarraitu nahi dute. Azken proban zazpi segundo kendu zizkieten zarauztarrek Zierbenakoei. Denboraldian ere erregularragoak izan dira, baina matematikoki sailkapena lortu arte, lanean jarraitu beharra daukate.

Amegrove eta Tiran, igoera kanporaketa jokatzeko prest

Ipar Menbaldeko Ligan aritzen diren Galiziako bi talde, Amegrove eta Tiran, TKE Ligarako igoera kanporaketa jokatzeko prest daude. Hartara, bi talde horiek lehian sartzea erabakitzen badute, Euskal Ligako aurreneko bi sailkatuekin neurtu beharko dituzte indarrak, heldu den irailaren 18an, Bermeon. Lau talde horietatik bik bakarrik lortuko lukete, azkenean, irailaren 24ean eta 25ean (Hondarribian eta Portugaleten) egingo den kanporaketa jokatzeko txartela. Ipar Mendebaldeko Ligako liderra Meira da, baina ez du igotzeko intentziorik.

TKEk datorren larunbatean erabakiko du, Orion, igoera kanporaketa nola egingo duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.