IZOTZ HOCKEYA. MAGNUS LIGA

Nahi bezala uztartu gabe

Hormadik ez du ongi entrenatzerik izan, eta kezkati samar ekingo dio bihar Magnus Liga berriari Gapen, bost jokalari berri dituela

ANGELU
2004ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Angeluko Hormadik zazpigarren sasoia egingo du Frantziako Elite Ligan. Azken sasoietan emaitza onak ukan ditu, eta batez ere, kontuan hartzen badugu gainerako taldeak oso urrun dituela. Horrek esan nahi du baliabide ekonomiko egokiak behar dituela. 2003-2004 sasoian hirugarren sailkatu zen, eta 2004-2005ean hori errepikatzea handia litzateke. Nolanahi ere, Hormadikoek ez dute xede zehatzik, besteak beste, ligak eraldaketa izan duelako.

Magnus Liga izango da aurten, eta 15 taldeak multzo batean ariko dira; iaz bitan jardun zuten sailkapen fasean. Beraz, jardunaldi bakoitzean talde bati atsedena egokituko zaio. Aurreneko lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte. Iazkoarekin alderatuta, Brest da hutsunea eta Morzine berria. Brestek ez du herriko Udalaren laguntzarik ukan eta Magnus Ligan ez aritzea erabaki du.Hormadik Mulhouse kanporatu zuen final-laurdenetan, iaz. Finalerdietan, ordea, Amiensek kanporatu zuen, hiru partidak irabazita. Halere, soilik lau goleko aldea atera zion (9-5). Horrek argi erakusten du onen artean dihardutela angelutarrek. Finala Grenoblek eta Amiensek jokatu zuten, eta Amiensek irabazi zituen bi partidak.Talde horiek biak eta Rouen dira indartsuenak. Gainerakoek borroka handia egin beharko dute sailkatzeko. Roueni dagokionez (orain dela bi sasoiko txapelduna), 2003-2004 sasoian ez zen bigarren fasera sartu eta hori kolpe latza izan zen, Normandiakoentzat ez ezik Frantziako Federazioarentzat ere, nahiago baitute Rouen sailkatzea, Hormadi sailkatzea baino, esate baterako.

Gordobil: «Erritmoa eta automatismoa falta zaigu»

Hormadik iaz adinako jokalari kopurua du. Bedard, Saint-Onge, Amsellem, Patard eta Filippin hutsune izango dira, eta baita, Bigot, Ladonne eta Cantos ere. Aitzitik, Deschamps, Marakhovsky, Bounoure, Zdrahal, Molia, Decock eta Idiart heldu dira.

Lapurtarrek bihar jokatuko dute Magnus Ligako lehen partida, Gapen. Atzo jai ukan zuten eta gaur gauean egingo dute asteko azken saioa. Ondoren, autobusa hartu eta Gapera; Grenoble eta Marsella artean dago Gap. Asteazkeneko entrenamenduan 21 jokalarirekin jardun zuen Karlos Gordobilek, eta Xabier Lassalle falta zen; angelutarra izango da hutsune bihar.Gordobil gaixorik egon da, baina lanean da berriro. Donostiarra entrenatzeaz arduratuko da soilik aurten, eta, haserre eta kezkati samar dabil: «Oraindik gora eta behera gabiltza administrazioko kontuekin, eta batez ere, fitxekin, baina ilusioz joko dugu Gapera. Halere, ez dugu nahi genuen bezain ongi prestatu sasoi-aitzina».Taxuz ekiteko ligari, Hormadiri blokea eta automatismoa falta zaiola esan du: «Ilusioa badugu, energia ere bai, prestakuntza fisikoa ona da eta gogoa zeresanik ez. Aitzitik, erritmoa falta zaigu, lerro guztietan aldaketak daude, eta ondorioz automatismo eza nabari dugu. Horri aurre egiteko, arreta eta komunikazioa hobetu beharko dugu, baina konfiantza dut».Hormadik Briançonen aurka jokatu ditu sasoi-aitzineko bi partidak, eta 3-5 eta 1-2 galdu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.