Napolitanoren erritmoa

Napolitanok aurrea hartu die McEweni eta Petacchiri; bosgarren postuan sailkatu da Fernandez de Larrea

Andoni Urbistondo.
2007ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Danilo Napolitano Siziliako semea da. Vittoria herrian jaio zen, eta Italia hegoaldeko bizimoduan oso errotuta dago. Eskualde hartan, Europako Mediterraneo itsasoko kostan bezala, erritmo lasaiagoan bizi da jendea, presarik gabe. Lanean eta alor askotan. Giroan ari diren txirrindulariak Italia hegoaldeko erritmoan osatu zuten bederatzigarren etapa: lasai, oso lasai. Lehen orduan 26 kilometroko batez bestekoa egin zuten txirrindulariek, eta lau ordutan, 33 kilometro ordukoa. Zikloturista klasikoetan txirrindulari askok egiten duten batez bestekoa.

Erritmo napolitar hori baliatu zuen Danilo Napolitanok esprintean etapa irabazteko. Aurreko lau esprintetan ez zen garaipenaren arrastoan sartu, atzokoan bai. Azken metroetarako gorde zituen indarrak, eta garaipen argia lortu zuen, Giroko tropeleko esprinter onenei aurrea hartuta. Robbie McEwen australiarra sailkatu zen bigarren postuan, eta Alessandro Petacchi italiarra hirugarren.

Napolitano izen bereko taldekide baten itzalean ari da bidea egiten. Daniele Bennati ere esprinterra da, eta Napolitano baino askoz garaipen zerrenda handiagoa du. Napolitano, ordea, ez da herrena. Gaztea da oraindik (26 urte), eta atzokoa haren hamaseigarren etapa garaipena da. Bi garaipen lortu ditu aurten. Napolitanoren balentriatik urrun, nabarmentzekoa da Koldo Fernandez de Larrea arabarraren bosgarren postua.



BIGARREN BUKAERA GAINEAN GAUR. 10. etapa Giroan gainean bukatuko den bigarren etapa izango da. Nostra Signora della Guardia santutegian bukatuko da, 250 kilometroko bidearen ondoren. Azken mendateak %8ko pendiza du, bederatzi kilometrotan.



SaILKaPenaK
BEDERATZIGARREN ETAPA

1. Danilo Napolitano (Lampre) 4.57.08

2. Robbie McEwen (Lotto) d. b.

3. Alessandro Petacchi (Milram) d. b.

4. Paolo Bettini (Quick Step) d. b.

5. Koldo F. de Larrea (Eusk.-Eusk.) d. b.

6. Thor Hushovd (Credit Agricole) d. b.

7. Maximiliano Richeze (Panaria) d. b.

8. Herve Duclos-Lassalle (Cr. Agr.) d. b.

9. Robert Forster (Gerolsteiner) d. b.

10. Juan Jose Haedo (CSC) d. b.



SAILKAPEN NAGUSIA

1. Marco Pinotti (T-Mobile) 39.45.42

2. Andrea Noe (Liquigas) 28ra

3. Sergei Iakovlev (Astana) 54ra

4. Marzio Bruseghin (Lampre) 1.06ra

5. Patxi Vila (Lampre) 1.10era

6. Jose Luis Rubiera (Discovery) 1.36ra

7. David Arroyo (Caisse d'Epargne) 1.43ra

8. Evgeni Petrov (Tinkoff) 1.51ra

9. Dario David Cioni (Predictor) 2.13ra

10. A. Arekeev (Acqua Sapone) 2.17ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.