Ustekabe handia izan da gaur Birmingham-en (Erresuma Batua): Naroa Agirre Europako pista estaliko Txapelketako pertika finaletik kanpo geratu da. Izan ere, 4,40 metroko jauzia baino ez du egin. 4,50ekin saiatu denean, aurrenekoan huts egin du eta bigarrengoan pertika hautsi egin zaio (hala ere, koltxonetara erori da beherakoan).
Epaileak bigarren saioa berriro egiten utzi dio baina Agirre donostiarrak hor ere huts egin du, baita hirugarrengoan ere. Bere multzoan seigarren sailkatu da. Beste multzoan bost jauzilarik 4,50eko marka gainditu dute. Beraz, Agirre finaletik kanpo, lehen zortziak sailkatu direlako bertara.
“Pertika berria bigunagoa zen baina azkeneko bi saioak duinak izan dira”, esan du atletak. “Ez dut aitzakiarik”.
Sasoian iritsi da Agirre Europako Txapelketara, aurten lau aldiz apurtu duelako Espainiako pista estaliko marka –azkena, 4,56an utzi zuen-, baina ez du asmatu.
Marta Mendia iruñearra, berriz, zortzigarren geratu da gorako jauziko finalean, azken. 1,87 metroko jauzia egin du. Atzo baino kaskarrago aritu da, atzo 1,93 gainditu zuelako.
Tia Hellebaut belgikarrak irabazi du emakumeen gorako jauzia, 2,01 metroko jauziarekin. Antonietta di Martino italiarra eta Venelina Veneva bulgariarra geratu dira bigarren eta hirugarren, 1,96rekin.
Atletismoa
Naroa Agirre finaletik kanpo geratu da
Marta Mendia zortzigarren geratu da gorako jauzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu