Fernando Meirelles zinegileak esana zuen ordu batzuk lehenago: "Inaugurazioak indiarrak izango ditu, eta baita beltzen, emakumeen eta transgeneroen ahalduntzea ere". Meirellesek prestatutako inaugurazio ekitaldiak gorazarre egin dio naturari eta Brasilen historiari, indigenetatik hasi eta hiri erraldoien sorreraraino, faveletatik nahiz Amerikaren konkistatik igarota.
Kolorez eta doinuz bete da Maracana estadioa. Brasilgo oihana, natura eta herrialdearen historia abiapuntu, samba eta bossa nova hotsek lagundu diote zelai gaineko aurkezpenari. Estadioko harmailak ez dira begira gelditu; Brasilgo hereserkia, Garota de Ipanema eta abarrak abestu dituzte ikusleek. Alor instituzionalean, herrialde ugaritako ordezkariek ikusi dute bertatik bertara inaugurazioa; tartean, Francois Hollande Frantziako presidentea, Mauricio Macri Argentinakoa eta Michel Temer Brasilgoa, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonez gain.
Metropolien eraikuntza orain. Brasilen historia errepasatzen ari dira @berriapic.twitter.com/yJxibbOH7Z
— IMANOL MAGRO (@Imagreto) 2016(e)ko abuztuak 5
Naturaren alegoriak tarte handia izango du ekitaldian @berria Brasil munduko oihanik handiena da. pic.twitter.com/aQVIU8L02Y
— IMANOL MAGRO (@Imagreto) 2016(e)ko abuztuak 5
Natura zaintzeko beharra azpimarratu ondoren iritsi da kirolarien desfilea; 207 taldek eta milaka kirolarik gurutzatu dute Maracana estadioa. Azkenik, Vanderlei de Lima maratoilari ohiak piztu du zuzi olinpiarra. De Lima maratoia irabaztekotan zen 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan, baina ikusle batek bultza egin zion, urrezko domina lortzea galaraziz.
[Youtube]https://youtu.be/2qivwH-1HlI[/Youtube]
Brasil herrialde tropikala. Estadio osoa zutik. Ez baduzu dantza egiten bota egiten zaituzte. @berriapic.twitter.com/HQDjdypPbs
— IMANOL MAGRO (@Imagreto) 2016(e)ko abuztuak 5
Hala nahi izanda ere, ezinezkoa da Olinpiar Jokoek eskaintzen duten menua osorik dastatzea. Larunbatarekin hasiko dira, besteren artean, eskubaloia, gimnastika artistikoa, igeriketa, saskibaloia eta txirrindularitza. Eta, ohi bezala, igeriketari erreleboa emanda iritsiko da atletismoa, abuztuaren 12tik 21era. Hain justu, hilaren 21ean egingo dute amaiera ekitaldia. 37 euskal kirolari ariko dira lehian Rio de Janeiron, tartean bi entrenatzaile, eta 41 kirol diziplina izango dituzte guztira, horietako bi berriak: golfa eta zazpiko errugbia.