AIZKORA

Nazabal finalerdietan da, Arrospide mendean hartuta, merezimenduz

DONOSTIA
2005eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Nazabal bigarrengoz gailendu zen Urrezko Aizkolarien Lehiaketako A multzoan, eta finalerdietara sartu zen. Hamabi enborrak ebakita 4 minutu eta 8 segundoko aldea atera zion Anjel Arrospideri. Nafarrak 30 minutu eta 42 segundo behar izan zituen eta Arrospidek 34 minutu eta 49 segundo. Lanerdietara ere, Nazabal heldu zen aurretik, minutu bat eta 19 segundoko aldea aterata (12.43).

Arrospidek erritmo handiarekin ekin zion herenegun, aurreneko bi 45 ontzakoak samurrak zirela baliatuta. Bigarrengoan, ordea, Nazabalek 14 segundoko aldea lortu zuen, eta probaren buruan jarraitu zuen amaitu arte.Hortaz, Arrospidek eta Miel Mindegiak erabakiko dute bigarren txartela. Biak elkarren antzera daudela nabarmendu du Arrospidek: «Bai, bai, elkarren antzera gaude, bai adinean bai sasoian. Iaz eskarmentu handia hartu nuen. Nire helburu nagusia presiorik gabe plazaratzea izango da, eta ahal bada, lan polita egitea. Izan ere, dagoeneko ez daukagu deus erakutsi beharrik, eta egun batean ez da erakusten aizkolaria nolakoa den».Iaz ligaxkan aritu ziren Arrospide eta Mindegia elkarren aurka, eta Mindegia gailendu zen minutu eta 21 segundoko aldeaz. Igandean ezin izan zuen Arrospidek nahi bezalako lana egin: «Lan askorekin nabil eta entrenatzeko aukerarik gabe. Bestalde, txanda librean eta lan motzetan ohituta nago, eta gogorra egiten zait lan luzea.Igandean, gainera, beroa egin zuen eta egurrek ezustean harrapatu ninduten, ez bainituen ezagutzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.