Euskara

Nazioartean ere oihartzuna izan du Elgoibarren eta Idiazabalen arteko futbol partidan gertatutakoak

BBC eta eta The Independent hedabide britainiarrek albistea jaso dute beren webguneetan. Biek argitaratu dute neurketako epaileak jokalari eta teknikarak ohartarazi zituela, euskaraz hitz eginez gero, kaleratu egingo zituela.

jarraia149028.jpg
2018ko otsailaren 20a
15:48
Entzun

Pasa den larunbatean Gorengo Mailako partida batean gertatutakoa dela eta, Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeek eginiko salaketak oihartzuna izan du nazioartean ere. BBC eta The Independent hedabideek eman dute bi talde horien kexaren berri. Joan den asteburuan, bien arteko norgehiagokan, epaileak zelaian euskaraz egitea debekatu ziela adierazi zuten. Euskaraz eginez gero, jokalariak eta teknikariak kanporatu egingo zituela ohartarazi zien, bi taldeen esanetan.

The Independent-ek honela titulatu du albistea: "Futbolari euskaldunak beraien hizkuntzan hitz egiteagatik kanporatuak izan zitezkeela ohartarazita".BBCk, berriz, hala dio: "Futbolari euskadunak kanporatuak izan zitezkeela ohartarazita". Bi hedabideek jaso dute taldeek salatutakoa. Horrez gain, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Kirol diputatuaren hitzak ere bildu dituzte. Haren esanetan, "ezin da ezikusiarena egin" epailearen jarrerarekin. "Gisa honetako gertakariek hizkuntzaren eta kultur ondarearen kontrako errespetu falta besterik ez dute sortzen", gaineratu du.

Elgoibarrek eta Idiazabalek salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Futbol Federazioan, eta honek gertatutakoa ikertuko du. Bertsio kontrajarriak daude, epaileak ukatu egin baitu taldeek esandakoa. Ziurtatu duenez, euskaraz ez hitz egiteko eskatu zien taldeei, baina ez zien kaleratzearekin mehatxu egin. Partidako marrazainek epailearen bertsioa babestu dute.

Gertakari "larria"

Informazio gehiagoren bila dabiltzan arren, Gipuzkoako Aldundia eta futbol federazioa bat datoz gertakari "larria" izan zela. Kirol eta kultura sailetik gogoratu dute normal-normal hitz egin daitekeela euskaraz kirol ekitaldi guztietan, ez baitago aurkakoa dioen arautegirik. Era berean, epaileak izandako jokabidea salatu zuen Itxasok: "Ofiziala den hizkuntza baten inguruko horrelako mesfidantza eta aurreiritziak ulertezinak dira. Ahaleginak egiten ditugu kirola euskara sustatzeko tresna baliagarria izan dadin, eta horrelako gertaerek mesfidantza sortzen dute".

Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariaren ustez, epailearen debekua "larria eta guztiz salagarria" da, eta garbi erakusten du euskararen eta euskal hiztunen aldeko "joera orekatzaileak" bultzatu behar direla. "Hizkuntza eskubideen urratzeak daudenean, horiek salatu eta berriz errepikatu ez daitezen medioak jarriz eta neurriak hartuz. Eta euskararen erabilera etengabe bultzatuz, bereziki kirolari eta aisialdiari lotutako eremuetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.