Naziotasunaren tanta, tanto

Hilaren 29rako manifestazio nazionala antolatu du ESAITek Bilbon, 'Nazioa gara, ofizialtasuna. Lortu behar dugu' lelopeanHemezortzi eragilek ekimena babestu dute, eta ofizialtasuna eskatu manifestu batean

ESAITeko kideak eta hainbat eragiletako ordezkariak, atzo, Euskal Selekzioak eta Venezuelak hilaren 29an jokatuko duten partidaren harira antolatutako ekitaldien aurkezpenean. M. DEL VALLE / ARP.
Bilbo
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ofizialtasuna lortzeko nazioaren festa. Halakoa izatea nahi du Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) hilaren 29a.«Nazio bat gara, ofizialtasuna behar dugu eta lortuko dugu». Hala adierazi zuen Ixiar Arratibelek, ESAITeko presidenteak, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera atzo egindako agerraldi batean. Lelo berbera izango du hilaren 29an 18:30ean ofizialtasunaren beharraren lekuko izatea nahi duten manifestazio nazionalak. Mobilizazioa Bilboko Areatzatik abiatuko da, eta Euskalduna jauregian amaituko da.

ESAITek antolatutako ekimenei batu zaizkie, besteak beste, AB, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, EHNE, EILAS, HIRU, LAB, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Elkartuz, EAE-ANV, Askapena, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, EHBE eta Euskal Laborarien Biltzarra.

Euskal Selekzioaren aldeko mugimenduari atxikimendua helarazteaz gain, adostutako manifestuan ofizialtasunaren nahia eta beharra aldarrikatu dute. Nagore Fernandez Bilgune Feministako kidearen hitzetan, «Euskal Herria nazio bat den heinean kirolariek nazioarteko txapelketetan Euskal Herriko selekzioa ordezkatzeko eskubidea izan behar dute». Eragileek azpimarratu dute «Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Lapurdik, Nafarroa Behereak, Nafarroa Garaiak eta Zuberoak osatzen duten nazioa» dela Euskal Herria. «Jendartearen zati baten ordezkari garen heinean, eskubide horren ukazioa arbuiatzen dugu; nazioen munduan kirolariei ofizialki lehiatzea ukatzen zaielako eta euskal herritarrok nazioartean gure ordezkaritza izateko dugun eskubidea urratzen dutelako».

Gaineratu dute era honetako errefusekin Euskal Herriari «kanpo proiekzioa» eta azken batean «nazio izatea» ukatu nahi diotela. Haatik, Euskal Herritarren eskubide kolektibo eta indibidualak urratzen dituztela nabarmendu dute. Horregatik, hilaren 29an ESAITek antolatutako ekimenetan eta bereziki manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin diote gizarteari.

Aldarrikatzeko eguna

Hiru aste igaro dira Euskal Herriko futbol jokalariek EFF Euskadiko Futbol Federazioaren jarrera «etsigarria» salatu eta futbol zelaian «zein behar den leku guztietan» ekiteko konpromisoa adierazi zutenetik.

Arratibelek gogoratu zuen futbolariek partidaren eguna ofizialtasunaren aldarrikapen izateko eginiko eskaria. «Ofizialtasu- na lortzeko bidean urratsak egiteko beste bide batzuk jorratu behar direla gogorarazi zuten eta gu ere prest gaude bide hori egiteko».

Arratibelen iritziz, futbolarien idatziaren edukietan kokatuta egin behar da aurrera: «Ezin gara besoak gurutzatuta geratu». Horregatik, pentsatzen du hilaren 29an Venezuelaren aurkako futbol partida baino gehiago dagoela jokoan. «Ofizialtasunaren bidean ziklo baten amaiera eta hasiera, hain zuzen».

Azken hamabost urteetan ofizialtasunaren beharra gizarteratzea sustatu eta indartu du ESAITek. «Abendua, ofizialtasuna ardatz hartuta, horren ispilu bihurtzen da». Horren adibidetzat dauzka Arratibelek 2007an eta 2008an egindako manifestazio nazionalak. Edo iaz Euskal Herriko Kirolarien kolektiboak Donostiako belodromoan antolatutako ekimena: Kirol Haerria ekitaldia. «Seguru gaude aurtengo ekimena ere ikusgarria izango dela, antolatzeko arrazoi berberakditugulako».

Euskal Selekzioaren aldekoen aburuz, Espainiako zein Frantziako gobernuek «ukazio sisteman» kokatuta jarraitzen dute. Horren barruan salatu dituzte Euskadiko Futbol Federazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren pasibitatea eta gobernuek nazioa ukatzeko abiaturiko estrategia.

Ofizialtasunaren jaia

ESAITen urteroko jaiaren ofizialtasuna ofizialtasunaren jai bihurtuko da aurten ere. Horretarako, egitarau oparoa prestatu dute.

Goizean, esaterako, Pirritx eta Porrotx pailazoak irrien lagunbila arituko dira. Eguerdian,trikipoteoak hartuko dio lekukoa aldarrikapenaren moldeari.16:00etan, Amaiur musika taldeak kontzertua emango du, eta 18:30ean manifestazio nazionala abiatukoda Areatzatik. «Ekitaldien lekua oraindik Bilboko Udalarekin adosten ari gara».

ESAITek eta zenbait eragileren tantak selekzioaren jarraitzaileak busti ditu. Orain, ofizialtasuna lortzeko, gizartea zipriztindu eta tanta tanto bihurtzea baino ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.