Sweet Caroline abestiaz galdetu zioten Gareth Southgateri, Ingalaterraren eta Danimarkaren arteko Eurokopako finalerdiaren atariko prentsaurrekoan. «Abesti benetan alaia da, uste dut jendea batzen duela», erantzun zuen Ingalaterrako selekzioaren hautatzaileak. Ingalaterrako selekzioa etxean, Wembleyko estadioan (Londres), aritu da orain arte Eurokopan jokatu dituen sei partidetatik bostetan, eta lehiak hasi aurretik Neil Diamondek 1969an argitaratutako kantua jartzen dute bozgorailuetatik, eta estadioan bildutako jarraitzaileek ahots bakarrez kantatu dute, are a cappella abestiaren tarte batzuetan. Etxeko taldeak irabazi badu gauza bera gertatu da behin partidak amaituta, eta joan den asteazkenean, Ingalaterra Danimarkari nagusitu eta gero, selekzioaren jokalariek beraiek ere zaleekin bat egin zuten kantuan. The Telegraph egunkariak galdetu dio Diamondi ea zer sentitzen duen erreakzio hori ikusita, eta aitortu du «hunkituta» dagoela. Igandean Eurokopako finala jokatuko dute Ingalaterrak eta Italian Wembleyen (21:00), eta Sweet Caroline eternoa abestuko dute milaka pertsonak.
[youtube]https://youtu.be/ZLPiYZrwAzU[/youtube]
[youtube]https://youtu.be/iI3MNkRzSC4[/youtube]
Esan daiteke, hortaz, Ingalaterrako selekzioaren ereserki ez ofiziala bilakatu dela —berez, God Save The Queen-en aldaera bat da ereserki—. Nolanahi ere, ez da estadioek edo pabilioiek, besteak beste, bere egindako lehendabiziko pop kantua. Adibide paradigmatikoa da, esaterako, You Will Never Walk Alone. 1945ean Broadwayeko musikal baterako osatua izan zen, baina Liverpoolen ereserkitzat har daiteke.
Diamonden kantuarekin egon daitezke, nolabait esatearren, jabetze arazoak. Ipar Irlandako futbol selekzioaren partidetan kantatu izan da lehenago, baita Aston Villaren eta Arsenalen estadioetan ere, esaterako, edo NFLko Carolina Panthersen zelaian. Eta futbol amerikarraren bidez ez, beisbolaren bidez sartu zen estadioetan.
Bostongo Red Sox taldearen langile batek Caroline izena jarri zion alaba jaio berriari, eta, sorpresa gisa, estadioaren DJak kantu hori jarri zuen bozgorailuetatik. 1997a zen. Orduz geroztik, Red Sox-ek etxean jokatzen duten aldiro kantu hori jartzen dute. Diamondek berak Fenway Park estadioan interpretatu zuen, 2013ko Bostongo maratoiean izandako atentatuko biktimak oroitzeko.
[youtube]https://youtu.be/v9P6gLUT86s[/youtube]
Zer du kantuak?
Galesko Unibertsitatean herri musika ikertzeko eskolak ematen ditu Paul Carr irakasleak, eta BBCren arabera, orain gutxi idatzi zuen artikulu bat, aztertuz zerk bihurtzen zuen kantu bat estadioetako ereserki. «Kantatzen duten pertsona askorentzako oihartzun nostalgiko bat eduki behar du. Inportanteena da melodia sinplea izatea, eta hitzek zerbait edukitzea».
Lelora iritsi aurretik, hau dio kantuak
Epela, hunkigarriki epela
Iritsi
Ni ukituz
Zu ukituz
Eta leloak
Caroline goxoa
Garai onek inoiz ez ziruditen hain onak
Makurtuta egon naiz
Pentsatzeko inoiz ez zutela egingo
Ez, ez, ez
'Beautiful Girls'-en eragina
Besteak beste karaokeetan kantatzen da, baita, Dublinen, esaterako, pubak itxi behar dituztenean. Halere, belaunaldi oso batek ezagutzen du Beautiful Girls (Ted Demme, 1996, AEB) pelikulako eszena batean abesten dutelako, eta nolabait, momentu horretan adiskidetasunari gorazarre egiten diotelako hainbat urteren ondoren atzera elkar topo egiten duten lagunek.
[youtube]https://youtu.be/DPQ47h-k-nw[/youtube]