«Nekatuta», badoa

Patxi Izkok iragarri du Osasunako presidente kargua utziko duela denboraldia amaitzen denean

Iruñea
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Osasuna Europan lehiatzeko sailkapenaren bila bete-betean ari denean, Patxi Izko presidenteak zur eta lur utzi ditu zaleak. «Ia ziur» denboraldiaren amaieran Iruñeko klubaren agintea utzi egingo duela esan zuen atzo Espainiako Cope irrati katean. Hamabi urte presidentetzan egin behar zituen, baina hamar izango dira azkenean, «fisikoki zein psikologikoki nekatuta» dagoela aitortu duelako Izkok. Baieztapen ofiziala falta da oraindik, baina atzo esandakoa berretsiz gero, Osasunako lehendakaritzarakohauteskundeak izan daitezke sasoi honen amaieran.

Presidente polemikoa eta sutsua izan da Izko 2002an kargua hartu zuenetik. Urte hartan erraz gailendu zitzaien Juan Manuel Pedreño eta Miguel Angel Loinazi Osasunaren presidentetzarako hauteskundeetan, eta, harrezkero, bera izan da Iruñeko klubeko presidentea. Egungoa hirugarren agintaldia du. Hark irabazitako hauteskundeetan bakarrik izan dute botoa egiteko aukera bazkideek, beste bi aldietan aurkaririk ez baitu izan Izkok.

Denen gustukoa izan ez baldin bada ere, Osasunagatik gauza on asko egin dituela onartu beharra dago. Kirol arloan, Osasunak Lehen Mailan jarraitzea zen helburu nagusia, eta hori lortuta utziko du kargua Izkok. Gainera, bere historiako lehen finala jokatu zuten nafarrek 2005ean Javier Aguirreren eskutik —Espainiako Kopako finala jokatu zuen Iruñeko taldeak Vicente Calderonen, Betisen aurka—, eta, hurrengo urtean, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzea lortu zuten liga laugarren postuan amaituta.

Hanburgoren aurkako kanporaketa galdu eta ligaxkarako sailkatu ez baziren ere, UEFA Kopan lan bikaina egin zuten gero, eta finalerdietarako ere sailkatu ziren gorritxoak Jose Angel Zigandaren aginduetara. Lorpen horien garaian presidentea Izko zela gogoratuko dute etorkizuneko zaleek. Inork ez ditu gogoratuko haren erabaki polemikoak, eta Ziganda bota ostean Jose Antonio Camachorekin igarotako une zailak ere ez. Kluba modernizatu arren, zorra ia hirukoiztu egin duela ere ez, ziurrenik.

2008ko azaroan gorputzak lehen abisua eman zion. Bihotzak kale egin zion, eta ospitalean amaitu zuen Osasunako presidenteak. Berak onartua da presidentetzara iritsi baino hamahiru kilo gehiago zituela orduan. Zuzendariekin bazkariak, aurkezpenak, prentsaurrekoak, bidaiak… Futbol klubetako presidente askori gertatzen zaiona gertatu zaio. Nekatu egin da. 2010ean hautagai izateari uko egitekotan izan zen. Azkenean aurkeztu egin zen, eta areriorik ez zuenez, 2014ra arte agintean jarraitzeko ardura hartu zuen. Familiarekin etxean lasai egon nahiago duela dirudi, ordea.

«Futbolean, edo alde egitea erabakitzen duzu, edo bota egiten zaituzte. Uste dut alde egiteko ordua iritsi zaidala», aitortu zuen atzo. Ustekabean harrapatu zuten kazetariek. Getafeko presidente Angel Torresek esan zien Izko presidentetza uztekotan zela, eta Malagaren aurkako partidaren aitzakian deitu ondoren, zurrumurrua egia ote zen galdetu zioten Osasunako presidenteari. Iruñeko taldeko arduradun nagusiak ez zuen zurrumurrua gezurtatzeko indarrik izan.

Berak nahi bezala ez da jakin, baina jakin da azkenean: «Hurrengo lau partidak nire azken lau partidak izango dira Osasunako presidentetzan, bai», onartu zuen. Denboraldi amaieran, beraz, presidentetzarako hauteskundeak izango dira Osasunan. Eta Izko aurkeztu zen azken bietan ez bezala, protagonista berriren batek agertu beharko du orain, Izko ez baita egongo, badoalako, «nekatuta» dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.