Reala 0-0 Sevilla

Nekea ordaindu du Realak

Golik ez Anoetan, eta aukerak ere, urri, gaurko partidan. Oiarzabalek huts egin du penalti batean.

Realek Adnan Januzaj borrokan Sevillako Alejandro Gomezekin, gaurko partidan. JAVIER ETXEARRETA / FOKU
2021eko irailaren 19a
19:06
Entzun

Beldur gehiegi elkarri. Hala atera dira zelaira Reala eta Sevilla taldeak gaur Anoetan, eta emaitza ere horren isla izan da. Berdindu egin dute, golik gabeko partidan, eta aukerak ere ez dira asko izan. Mikel Oiarzabalek huts eginiko penaltia, nabarmenena.

Sevillako taldeak gola sartzeko aukera bakarra eduki dute. Partida hasi eta ordu erdira Sevillako Diego Carlosek eskuarekin ukitu du baloia arearen barruan, eta Matheu epaileak penaltiarekin zigortu du taldea, VAR kamerek jasotako irudiak kontsultatu ostean. Baina Oiarzabalek botatako baloikada gelditu egin du Bono atezainak, hankekin. Hor galdu du Realak garaipena poltsikoratzeko aukera nagusia.

Horren ostean talde donostiarrak presioa areagotu du, edonola ere. Isakek area barrutik jaurti du, baina Bono atezaina berriz ere bikain aritu da eta eskuarekin saihestu du gola. Isakek ez du zorte onik eduki gaurkoan, eta mina hartuta aldageletara joan behar izan du, atsedenaren aurretik. Oiarzabal ere ordezkatu behar izan dute, nekeak eraginda.

Bigarren zatian joko gutxi ikusi da. Sevillako taldea erasokorrago aritu da. Edonola ere, ez du gauza izan golik sartzeko.

Sevillako Rafa Mirrek aukera eduki du amaieratik gertu, baina Remiro atezainak galarazi du gola. Azken minutuetan sartzeko zorian egon da Reala, Zubimendik buruarekin eginiko jaurtiketa batean. Atearen gainetik joan da baloia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.