Nekunamen ordezkoaren bila

Anthony Annanek Schalke 04 taldeak utzita jokatuko du sasoi honetan Osasunan. 2010eko Munduko Kopan egin zen ezagun, eta Puñalen alboan jokatzeko hautagai da, Raoul, Lolo eta Timorrekin batera.

Anthony Annan, baloiarekin jolasean, atzo, Nafarroako Erresuma estadioan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Javad Nekunamek udan Osasuna utzi eta Irango Esteglal taldera joatea erabaki zuenean, euskarri baten bila hasi ziren Osasunako kirol arduradunak. Belaunean lesio larria izan zuen urtean izan ezik, denboraldiko 30 partida baino gehiago jokatu zituen, eta ezinbestekoa izan zen Ziganda, Camacho zein Mendilibarrentzat. Geldikako jokaldietan zuen protagonismoak, gainera, sasoiko bospasei gol ziurtatzen zizkion taldeari. Hark alde egin ostean, Patxi Puñalen ondoan zein jokalari jarri asmatzea izan da Mendilibarren lanetako bat. Sasoiko lehen partidan, Raoul Loe bigarren taldetik igo berriajarri zuen. Denboraldi-aurrean, David Timor, Lolo eta Oier bera ere aritu dira postu horretan. Orain, beste aukera bat izango du, atzoz gerotik Anthony Annan Ghanako euskarria Osasunako jokalaria baita. Annan utzita dator, urtebeterako, Alemaniako Schalke 04tik.26 urte bete berriak ditu eta azken denboraldia Herbehereetako Vitessen utzita aritu ostean iritsiko da. Ez ditu Nekunamen ezaugarriak, baina berak eta bere taldekideek irandarra ahantzarazten saiatu beharko dute.

1. Anthony Annan

Ghanako Super Rainbow Starstaldearen harrobian hezi ostean, bere herrialdeko Venomous Vipers, Sekondi Hasaacas eta Hearts of Oak taldeetan aritu zen, 2007an Norvegiako IK Star-ek Europan lehiatzeko aukera eman zion arte. Hurrengo denboraldian Stabaekek fitxatu zuen, eta Norvegiako hirugarren abenturan Rosenborg indartsura iritsi zen. 2010ean Hegoafrikan jokatutako Munduko Txapelketan Ghanako selekzioarekin lan ona egin ostean —56 aldiz jokatu du bere herriko selekzioarekin—, Schalkek fitxatu zuen, baina Alemanian ezin izan du bere maila erakutsi, eta aurreko sasoian Vitessen utzita aritu zen.

Euskarri indartsua eta langilea da. Zelaian zati handia hartzen du eta teknika aldetik ez da jokalari aldrebesa. Vitessek fitxatu egin nahi izan du, baina Schalkek nahiago izan du beste urtebetez utzi, beragatik ordaindu zuen baino diru gutxiago ez onartzearren. Bi milioi eta erdi euro eskatzen zituen Schalkek, eta milioi eta erdi eskaini zuen Herbehereetako klubak. Munduko Txapelketaren ostean, Sevillak ere fitxatu nahi izan zuen, baina Schalkek aurre hartu zien espainiarrei. NBEko presidente ohi Kofi Annanen senidea da.

2. Raoul Loe

Celtaren aurka hasieratik jokatu zuen. Lehen Mailan eskarmentu gutxi izanagatik, lehen taldearekin jokatu duen bakoitzean itxura ona eman du. Traketsa eta baldarra dirudien arren, teknika aldetik ez da txarra, eta, taktikari dagokionez, oso futbolari interesgarria da. Bere hanka luzeekin jokaldi asko mozten ditu, erraz berreskuratzen du baloia eta, garaia denez, buruz ere nagusitu egiten da gehienetan. Nekunamek adina gol ez du sartuko, baina zelai erdian taldearen birika izan daiteke, eta Puñali atseden emateko hautagai aproposena. Erraz jokatu zalea da, eta baloia harrapatu orduko pasatzen du. Etorkizun bikaina dauka, 23 urte soilik baititu oraindik.

3. Lolo

Hirugarren urtea izango du andaluziarrak Osasunan, eta Sevillako harrobitik irtendako jokalariari dakiena erakusteko aukera iritsi zaio. Aurreko bi denboraldietan ez du lortu ezinbestekoa izatea, eta euskarri posturako fitxatu baldin bazuten ere, gehiagotan aritu da erdiko atzelari lanetan. Sasoi honetan postu batean zein bestean ariko dela dirudi, bai behintzat denboraldi-aurrean ikusitakoaren arabera.

4. Oier

Osasunaren lehen taldean jokatu izan duenean, hegaleko atzelari lanetan aritu izan da, eskuinean zein ezkerrean. Bigarren taldean euskarrian aritzera ohituta zegoen, ordea, eta aurreko sasoian, Celtan utzita aritu zenean, erdiko atzelari postuan ere jokatu zuen. Taktikari dagokionez, oso jokalari interesgarria da, Patxi Puñalen ordezko naturala akaso, baina ikusi egin beharko da azken denboraldietan baino aukera gehiago ematen dizkion entrenatzaileak.

5. David Timor

Teknika aldetik, Nekunamen ordezkoak izan daitezkeen jokalari guztietatik onena da. Ezker dotorea dauka, azken pasea ematen badaki, jokaldia erraz ikusten du eta area kanpotik jaurtiketa bortitzak egiteko gai da. Valentziaren harrobitik irtendako jokalariak, baina, ez ditu baliatu izandako aukerak. Euskarri bikoitzean bezala, aurrerago ere jokatu izan du, eta, nahi baino txartel gehiago ikusteaz gain, partida askotan desagertu egiten da. Aukerak baliatzea falta zaio. Gaia badauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.