Nemanja Bjelicaren osatze prozesua ondo doa. Apirilaren 25ean egin zioten ebakuntza hegalekoari, ezker eskuko eskafoide hezur haustura konpontzeko, eta hiru hilabete geroago egindako azterketak osatzea ondo doala erakutsi du. Mantso, baina ondo, atzerapausorik gabe. Serbiarrak hamar bat egun daramatza bere selekzioaren egonaldian, baina baloia eramaterakoan-eta konfiantzarik gabe aritu da, beldurrez. Dusan Ivkovic hautatzaileak astebetean emango du Lituaniako Europako Txapelketan ariko direnen zerrenda, eta Bjelica garaiz dago oraindik zerrenda horretako kidea izateko. Izango ez balitz, Gasteizera bueltatu eta denboraldi-aurrea hasi beharko luke Baskoniarekin hilaren 22an.
Mugimendua Lagun Aron
Lagun Aro ere hasi da mugimenduak egiten, baina oraingoz aulkira eta jokalari gazte bira mugatu da bere lana. Jon Txakartegi Sito Alonsoren laguntzaile izendatzea da erabakietako bat. Txakartegik Hugo Lopez ordezkatuko du, eta Lolo Encinasekin batera ariko da elkarlanean. Bestalde, Lagun Arok Julen Olaizola eta Mikel Motos jokalari gazteak fitxatu ditu. 18 urte ditu Olaizolak, eta 16 Motosek. Biek ala biek lehen taldearekin egingo dute denboraldi-aurrea, eta 2011-2012ko sasoia Azpeitiko Iraurgi taldearekin osatu. Iraurgi Lagun Aroren harrobi taldea da. Gaur egingo dute bi jokalarien aurkezpena.
Nemanja Bjelicak ondo dauka ezker eskumuturra, ebakuntza egin eta hiru hilabetera
Europako Txapelketa abuztuko azken egunean hasiko da, eta jokatzeko garaiz dago oraindik hegalekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu