Ez dakit jendea joan den oso gaizki, ni joan ote naizen oso ongi, baina txundituta nago egin dudanarekin. Ezin dut sinetsi. Ni ongi joan naizelako izango da azkenean... Esan nizuen atzo ez neukala kronoigoerarako halako helburu berezirik, halako motibazio berezirik, baina ongi sentitu naiz eta aurrera egin dut. Lehen kilometroetan ongi hasi naiz, baina ikusle bat harrapatu dut. Aurrean jarri eta argazki bat ateratzen hasi ez zait ba! Ez du garaiz albo batera egin, eta bete-betean jo dut. Erori egin naiz, bizikleta hartu, gainean jarri, denbora galdu dut, eta erritmoa ere bai. Aurrera jarraitu dut eta harrituta gelditu naiz erdilanetan denbora onena nirea zela ikusi dudanean. Horrek bai motibatu nauela. «Ba orain bete-betean goraino Mikel!», esan diot neure buruari eta hala joan naiz. Denbora ona utzi dut helmugan, onena ere izan da minutu batzuetan, eta harrituta jarraitzen dut, ez nuen espero.
Jendearena? Jendarmeek esan dute milioi bat lagun baino gehiago zeudela errepide bazterretan. Sekulakoa izan da. Ikusi ere ez zen egiten aurrean zer zeneukan. Niri horrek ez dit aparteko kalterik egiten. Alderantziz, motibatu egiten nau. Hor zoazenean, aurrean zer dagoen ere ikusten ez duzunean, ikurrinez beteta, jendea garrasika... Ni bizitu egiten naiz. Hori bai, beti ere jendeak garaiz egiten badu albo batera. Niri gertatu zaidana beste norbaiti gertatu izan balitzaio, sailkapen nagusia jokoan dagoen norbaiti gertatu izan balitzaio... Armstrongek badu arrazoi pixka bat kexatu denean. Gure artean behin baino gehiagotan esan dugu azken egunotan Tourra handiegia egin dela, ikuskizun erraldoia bihurtu dela. Milioi bat lagun gu ikusten kronoigoera batean! Hori lehen sinestezina zen. Irtenbidea? Hesiak jartzea. Azken bost kilometroetan hesiak zeuden jarrita eta lasaiago joaten zen han. Hori eta jendea jabetu dadila sortzen duen arriskuaz. Badakigu txirrindularion arnas hurbiletik sentitu nahi dutela, hesiak hotzak egiten zaizkiela, baina neurria hartzen jakin behar dute. Gainera, askotan, jende berbera izaten da aldamenean korrika hasten zaizuna: mozorrotuta, atentzioa deitu nahian... Pena da, hori ez da txirrindularitza.
NIRE TOURRA
Neu ere txundituta nago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu