Neurri-neurrira egindakoa zen

Damiano Cunegok irabazi du Romandiako Tourreko bigarren etapa, eta Pavel Bruttek jarraitzen du lider

unai zubeldia
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Damiano Cunego (Lampre) ez da 2004an Italiako Giroa irabazi zuen txirrindulari hura. Itzaliz-itzaliz joan da, eta une erabakigarri askotan huts egin du. Handi izan beharrekoa, handi izateko bidean pauso ederrak emandakoa, baina triste antzean dabilena. Hori litzateke italiar txikia definitzeko modurik egokiena. Hori bai, amaiera piko eta motzetan erakustaldiak ematen jarraitzen du. Aldapa zeukaten Romandiako Tourreko bigarren etaparen azken metroek. Ikaragarria ere ez, baina aldapa, azken batean. Eta etapa guztian erakutsitako bizitasun berarekin, Mikael Cherel (Ag2r), David Millar (Garmin) eta Rui Costa (Movistar) harrapatzearekin batera, eskuin aldetik xorro-xorro irabazi zuen etapa Cunegok. Berea izan zen erritmo aldaketarik irmoena.

Egia da Cadel Evans (BMC) saiatu zela tropelaren oreka hausten, eta Cherelek nabarmen traba egin ziola. Baina Evans baino dezente indartsuago zegoen Cunego atzo. Azken batean, beretzat propio egindakoa zirudien Romonteko etapa amaierak. Aleksandr Vinokurov (Astana) helmugaratu zen Cunego eta Evansen atzetik. Eta Movistarreko koadrila ondoren. Maila bikaina ematen ari dira David Lopez eta Beñat Intxausti bizkaitarrak. Bosgarren eta seigarren iritsi ziren helmugara, eta aurrean daude sailkapen nagusian. Zazpigarren dago Intxausti, Pavel Brutt (Katuxa) liderrarengandik 51 segundora, eta hamahirugarren Lopez, 53ra. Hori bai, Gorka Verdugo etxarriarra (Euskaltel-Euskadi) dago bien aurretik, bosgarren postuan, 46 segundora. 1.20 minutu galdu zuen atzo Bruttek helmugan, baina 38 segundoko tartea dauka oraindik alde.

Thierrens eta Neuchatel artean, hirugarren etapa jokatuko da gaur, 165,7 kilometrokoa. Helmugara iristeko 40 kilometro eskas faltako direnean igo beharko dute Enges lehen mailako mendatea, eta helmugarako 19 kilometro faltan Croisee Lignieres bigarren mailakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.