Neurria hartzeko

Miarritzek lehen postua defendatuko du etxean, Tolosa iragan sasoiko Top14ko txapeldunaren aurka

Takudza Ngewnya, baloia besapean hartuta, Clermonten aurkako joan den asteko partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Top 14ko lehen bi partidak irabazi ondotik, sailkapeneko lehen postura igo da Miarritze. Lider postutik, iragan sasoiko txapelduna, Tolosa, hartuko du Aguileran (15:00, Fr. Canal Plus). Txapeldunen arteko lehia izanen da gaurkoa. «Lehen postu horrek ez dauka inolako erranahirik. Egiazko kontuak iraila bukaeran egiten hasiko gara», esan du partidaren bezperan Damien Traille Miarritzeko kapitainak.

Lapurdikoak zuhur mintzo dira sasoi hasiera onari buruz. Azken urteetan Top 14ari ekiteko izan zituzten zailtasunak gogoan dituzte, eta ez dute goizegi ondoriorik ateratzen hasi nahi. Dena den, liga hasiera bi garaipenekin hastea beti da ona, eta presio anitz kendu dio bizkar gainetik hasiera on horrek Miarritzeri.

Mont de Marsan apalaren aurka hasi ondotik, joan zen astean Agenen irabazteak on egin dio.«Pena eman zidan bigarren zatian jokoa gehiegi itxi genuelako. Oraindik zer landua daukagu», aztertu du Jack Isaac Miarritzeko entrenatzaileak. Noski, bi partida bakarrik jokatu ditu Miarritzek, eta kontuak egiten hasteko goiz da. Baina lehen ondorioak ateratzen hasteko gaurkoak anitz balioko du, teknikariaren ustez: «Gure lehen lehia handia da. Orain ikusten ahalko dugu barnean zer daukagun».

Denboraldia hasi ondotik pausatzen ziren galdera batzuek erantzunak jaso dituzte dagoeneko. Kezka sortu zuen Imanol Hariñordoki eta Dimitri Yachvili gabe Miarritzek nola erantzungo zuen jakiteak. Jean-Pascale Barraque gazteak, bere zazpi ostikoetatik sei gauzatuz, haren gain kontatzen ahal dela erakutsi du. «Iragan sasoian une zail batean anitz jokatzea egokitu zitzaion. Anitz ikasi du. Top 14ko exijentzia neurtu du, eta bere talentua erakusten ari da aurten», aletu du Damien Traillek. «Oso pozik nago Jean-Pascalek eman duen mailaz» erantsi du Isaacek.

Egun osoko besta

Tolosa jasotzeko, ostikatzaile on bat izatea ez zaio gaizki etorriko Aguilerako taldeari. Barraque erantzuten ari da, eta harekin batera Yann Lesgourgues uztartze erdia ere bai. Aitzinean ere, Lakafia eta Lauret bikain hasi dira. Agenen uztartzeak sufritu zuen, eta aldi honetan lehen lerroa aldatu dute entrenatzaileek: Wicus Blaauw harroinak lehen partida izanen du Miarritzera etorri zenetik. Harekin batera Hegi eta Kodela ariko dira. Gibelean, Aled Brew Galesko selekzioko hegalak ere lehen partida izanen du.

Jokalari berrien laguntzarekin, Miarritzek Aguilerako jaiabiribildu nahiko du. Klubak, Tolosaren etorrera baliatuz, egun osoko besta antolatu du. 11:00etatik hasita, karpa bat izanen da, talo, sardina eta bestelako jaki eta edariekin. Haurrentzat puzgarriak egonen dira, baita sokatira erakustaldi bat eta kontzertu bat ere The Strampers taldearekin. Bazkalostean hasiko da partida, eta giro polita izanen da atarikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.