Ruben Beloki. Asegarceko pilotaria

«Nire azken txapelketa izan bada, kito; ez dut dramarik egingo»

Binakako txapelketa ez da ona izan, eta eskua minduta, nahi baino goizago utzi behar izan du. Epe motzera begira, buruz burukoa jokatu nahiko luke, baina postu bat merezi badu bakarrik.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gozamena da Ruben Belokirekin pilotaz (Burlata, Nafarroa, 1974) solastea, 19 urteko ibilbide luzearen ondoren patxadak eta zintzotasunak bat egin dutelako. Egun eskua minduta du, baina binakakoaren azken partida jokatu nahi du, hiru aste barru, badaezpada ere. Bere ibilbideko azken txapelketa izan daiteke eta pena emango lioke ez jokatzeak. Umiltasunez onartu du Burlatako latigoa-ren garaiak joan zirela, baina bere burua ondo ikusten badu ez dio muzin egingo manomanista jokatzeari: «Txapelketa nire bizitza izan da betidanik».

Ezer baino lehen, zer moduzeskua?

Minduta dut, gaizki. Partidak neramatzan minez, eta azken egunean, Azkainen, partida erdi aldera oinazea hasi zen. Zurda mindu dut, bestebatzuetan pasa zait, ez da iltzea, zurda da. Orain, geldirik, aste pare bat gutxienez, hantura jaitsi arte, eta ea azken partida jokatu dezakedan.

Txapelketa gogorra izan da zuena, nola ikusi duzu zure burua?

Gogorra izan da bai. Ondo ez zabiltzanean gauzak zailak dira. Bagenekien ez ginela faboritoak, eta beti saiatu gara borrokatzen, baina gurea baino bikote hobeak zeuden. Nik txapelketa hau jokatu nahi nuen, eman nezakeen mailaren inguruko beldur pixka bat izan arren, baina oro har lan txukuna egin dudala uste dut. Baina onartu beharra dago ez garela egon guk uste bezain ondo.

Partida batzuk tanto askogatik galdu dituzue gainera…

Bai gogorra da. Zuk bukaerara arte egon nahi duzu hor, baina aurten maila oso altua egon da. Gero ere ni egun ez naiz atzelari onenetarikoa, ezta ere Asier aurrelari onenetarikoa, beraz helburua borrokatzea zen. Baina tira, arazo fisiko batzuk izan ditugu… eta pena izan da. Logroñon ia ia irabazita genuen partida galdu genuen, baina ezin izan zen. Beti dago bikote bat atzean gelditzen dena eta aurten gu izan gara.

Esperientzia gogorra izan arren, pena ematen dizu bihar ez jokatzeak. Motibazioa non dago?

Nik oso gustura jokatu dut txapelketa, eta motibazioa hor dago, barnean. Urte asko dira, baina beti gustatu zait txapelketa. Nik badakit orain nire rola beste bat dela, ez naizela atzelari onenetarikoa, baina tira, egunero irabaztearen ilusioarekin kantxaratzen nintzen. Motibazioa norberaren araberakoa da. Nik porrotak goiz ahaztu izan ditut beti, aurrera begiratzeko. Zerbait ikasi badut pilotan bizkarrekoak goiz ahazten izan da, eta hurrengo larunbatean pentsatzen.

Azkeneko binakakoa izan daitekeela pentsatu al duzu?

Burutik pasa zait, bai, eta onartuta daukat. Hau azkena bada, ba aizu, urte asko dira hemen, kirol honekin asko gozatu dut, eta 18 edo 19 urteko ibilbidea egingo dut. Gehiago ezin dut eskatu. Azkenekoa izan behar bada, azkenekoa izango da. Ni ez nago penatuta, nik nire onena eman dut, bainajokatuz esan nahiko nuke agur.2012ra arteko kontratua dut eta nire tokia berreskuratzeko borrokatuko dut, baina aurtengoa azkeneko txapelketa izan bada, kito; ez dut dramarik egingo.

Nola ikusten duzu binakakoa?

Goian dauden bi bikoteak izan dira onenak, baina gal dezaketela ikusi da. Atzetik, oso gertu, tropel estua dago, eta jendea maila onean dabil. Politena azken jardunaldietara aukeradun jende asko iristea da, eta oraingoan bikote bakarra gelditu da atzean. Nik txapeldun izateko hiru edo lau hautagai ikusten ditut.

Zerbaitek, edo norbaitek, atentzioa eman dizu?

Nik Begino nabarmenduko nuke, lehen bost partidak galantak izan ziren, eta bera izan da bikoteari eutsi diona. Gero, Merino maila handiko atzelaria izango dela uste dut. Irujo bere sasoira iristen bada zerbait handia egiteko moduko bikotea da, finalerdietan sartzen badira, erne horiekin.

Buruz burukoan pentsatu al duzu?

Oraindik binakakoan nago, eta nire asmoa partida bat jokatzea da. Baina erabat kanpo gelditzen naizeneanburu belarri entrenatuko dut manomanista prestatzeko. Neguan, egia esan, ezinezkoa ikusten nuen, baina binakakoan lehiatu hala arra sartzen joan zait. Nire burua ondo ikusten badut, eta enpresak behar banau… Nik behintzat entrenatu egingo dut, gogorik ez zaidalako faltako, ziur. Gero, kontua, maila ona lortzea izango da. Jende onarekin entrenatuz maila ez badut ematen ez dut nire burua eskainiko.

Aurten kanporaketa batzuk sartuko dituzte aurretik.

Iazko sistema itxiak kale egin zuen. Jende gaztearentzat ate bat ireki behar da. Goiko lauzpabostak hor egongo dira, baina nonbaiten eskailera bat egon behar du gaztea sartu eta igo dadin.

Edo beteranoren batek aukera izan dezan…

Bai, bai, noski, edozeinek izan dezake ezustekoa emateko aukera, hori da manomanistaren izpiritua. Txapelketa itxiz, gainera, ez duzu ikuslea harrapatzen.

Eskua minduta duzu, binakakoa ez da ona izan… Eta hala ere txapelketa gose zaude.

Ni beti nago lehiatzeko gogoz! Txapelketarako bizi izan naiz beti, eta ez dut amore ematen. Nonbaitetik sar banaiteke, eta ondo banago, zergatik ez saiatu? Hori bai, ez du postu bat betetzearren jokatuko.

Eta maila horretara iritsi ahal izan duzula uste al duzu?

[Luze pentsatu du] Ez dakit, ez dakit… Horretarako zortzi hamar egunez buruz buru gogor entrenatu behar da, eta zure burua aztertu. Eta agian ez naiz iritsiko, baina saiatuko naiz. Buruz burukoa hala da, askotan ez dakizu nola zauden lehia iristen den arte.Egun ez da duela zortzi urte bezala, binakako txarra eginda ere buruz burukoan hor egongo zinela bazenekiela, orain desberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.