Philippe Montanier. Realeko entrenatzailea

«Nire helburua Realak kalitatezko jokoa egitea da»

Sporting eta Bartzelonaren kontrako partidetan Realak egindako lan onak sinesgarritasuna eman diote Philippe Montanierri. Zale txuri-urdinak, behintzat, ilusionatuta daude ikusten ari direnarekin.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ideiak garbi zituela sartu omen zen Philippe Montanier (Vernon, Frantzia, 1965) lehen egunean aldagela barrura, jokalariek diotenez. Baloia eta gazteak, horiek dira haren pentsamoldearen ardatza, bi hitzetan esateko. Ez du beste era batera ulertzen futbola, eta horregatik aldatu da Zubietako eguneroko funtzionamendua. Metodikoa eta zorrotza, otordu eta elikagaiak ere zaintzen ditu. Atezaina, entrenatzailea eta heziketa fisikoko lizentziaduna deladio haren curriculumak. «Educateur», laburbiltzen du berak. Hezitzaile sena omen du.

Joan den larunbatean hirugarren gola ere sar zitekeela amestu zenuen?

Baloia gordetzearen aldekoa nintzen, jokoa izoztearena. Jokalariak, berriz, ez ziren horrekin konformatzen; irabaz zezaketela sentitu zuten.

Realeko zalea ilusionatuta dago. Jabetu al zara?

Ez bereziki. Denboraldiaren bukaeran hitz egingo dugu, horrek balio duelako. Bi neurketa baino ez dira pasatu.

Lehen zatian, taldeak eginiko lanarekin etsita bukatu zenuen. Zergatik?

Ezin nuen ulertu zer ari zen gertatzen. Prestaketa astea horren ona izan eta gero! Bagenekien non estutu behar genuen aurkaria, non izan behar genuen oldarkorrak… Ez zen guk nahi bezain ongi atera.

Aipatzen duzun oldarkortasun hori landu al daiteke? Ez du berezkotik gehiago?

Ez, ez, eragin eta zirikatu dezakezu azaleratu arte.

Xabi Prietoren aldaketak harridura sortu zuen Anoetan.

Beti jarri beharko dut orduan, kar-kar-kar. Txantxak alde batera utzita, Xabi, lan handia egin zuenez, hustuta zegoen. Bartzelonak Villa, Iniesta eta Adrianorekin arazoak sor zitzakeen ezker hegalean, eta hori saihesteko egin nuen aldaketa. Cadamurok bestelako ikuspegi defentsiboa eman zigun, eta, gainera, atleta gorputza du. Unean uneko irtenbidea baino ez zen izan, Gijonen jokatutako neurketa bosteko defentsa lerroarekin amaitu genuenean bezala.

Partida amaieran esan al zizun ezer Bartzelonako ordezkariren batek?

Nik esan nion Iniestari ea gurekin jokatzeko prest ote dagoen, kar-kar-kar.

Erreferentzia dira zuretzat. Behin baino gehiagotan esan duzu ezin duzula beste era batera ulertu futbola.

Bai, denontzat izan beharko lukeen moduan. Bere garaian Arrigo Sacchiren Milan, Johan Cruyffen Ajax eta Bartzelona eta Arkonadaren Reala izan ziren bezala. Azken hori nire idoloa izan zen. Uste dut noizbait aitortu dudala.

Baloirik gabe egin al daiteke lan fisikoa zure ikuspegiaren arabera?

Entrenatzaile bakoitzak bere liburuxka dauka. Prestakuntza fisiko egokitua deitzen diogu. Baloirik gabeko saioak ere egiten ditugu, baina inoiz ez saio osoa.

Automatismoak hartzeko, mugimenduak lantzeko, errutina modukoa eratu behar da. Nola egin hori astuna izan ez dadin?

Ariketa ugari eginez, entrenatzeko beste modu batzuk proposatuz. Esaterako, partidatxoak tamaina askotako jokalekuetan jokatzen ditugu, ariketa tekniko eta fisikoak lantzen ditugu... Ez dugu beti berdina egin nahi, eta halakorik gerta ez dadin tentuz gabiltza. Aldatzearen aldekoak gara. Hala, jokalaria gutxiago aspertzen da, eta, batez ere, gehiago pentsatzen du.

«Pentsatu» diozu. Burua landu daiteke? Kontzentrazioa, adibidez?

Bai. Hainbat ariketaren bidez, bideoak ikusiz eta haiekin hitz eginez. Zer sentitzen duten jakin nahi dut eta esaten dutenarekin sentibera izan.

Gertu sentitzen omen zaitu jokalariak.

Banan-banan egoten naiz haiekin. Sarritan, gainera.

Bartzelonaren jokoa hartuz, izugarria da zer-nolako jarrera duten baloirik ez dutenean, nola berreskuratzen duten.

Baloirik gabeko lana ezinbestekoa da. Garrantzitsuena esango nuke. Batez beste, jokalari bakoitzak neurketan hiru minutuz du baloia oinetan. Halere, Bartzelonak korrika gehiago egiten du baloia duenean ez duenean baino. Ikerketa zehatzek hori diote, kilometro gehiago egiten dituztela. Korrika gehiago egin behar da baloia duzunean ez duzunean baino. Kokapena ere funtsezkoa da.

Jokalariak ezin dira sasoi osoan sasoiko egon, ala?

Bete-betean egon behar duzu astero-astero denboraldiak iraun bitartean. Atletismoan ez da halakorik gertatzen, lehiaketa egun jakin batzuk dauzkazulako buruan gordeta. Horretan saiatzen gara.

Bideoak ikustearen aldekoa ere bazara.

Alberto Iturraldek [Martin Lasarteren laguntzailea izana] moldatzen ditu. Interesgarriena biltzen du, bai aurkariaz, baita gutaz ere. Ondoren, Michel Troinek [Montanierren laguntzailea] eta nik lasai ikusten ditugu, sakonean. Ongi eta gaizki egindakoak gogoratzeaz gain, aurkariari buruzko datuak ateratzen ditugu. Tresna baliagarria iruditzen zait.

Zer da Troin zuretzat?

Laguna. Izugarri laguntzen dit. Urteetan aritu zen akademia batean, heziketa gune batean gaztetxoenekin lanean. Frantzian ospe handiko da. Besteak beste, Zidane eta Escuderekin egin zuen lan bertan. Eskarmentu handia du gazteenekin. Berak banakako arloari eusten dio, jokalariak ikasten jarrai dezan, eta nik, berriz, ikuspegi orokorragoari, talde lanari erreparatzen diot. Hamar urte daramatzagu elkarrekin.

Aldagelara iritsi berritan zer egin zitzaizun deigarri?

Lanerako aldez aurreko jarrera onak. Kontzentratuta zeuden guztiak, arreta jarriz.

Zer gustatu zaizu gutxien?

Ez dago gauza deigarririk.

Zer ez zenioke sekula barkatuko zure jokalari bati?

Barruan duen guztia ez ematea. Ez saiatzeak, ez ahalegintzeak. Ezin dut horrekin.

Denbora izan duzu Zubieta barrutik ezagutzeko. Zer iruditu zaizu?

Instalazioak zoragarriak dira. Orain, gainera, sukalde, bideo-gela eta logelekin are eta beteago dago. Ezin dugu aitzakiarik jarri.

Zure lan egun arrunta nolakoa da?

07:30 aldera iristen gara Michel eta biok Zubietara. Entrenamendua prestatzen dugu, bideoak ikusi… gero zelaira irten, bertan bazkaldu, eta arratsaldean, entrenamendurik ez badago, gauzak egiten geratzen gara iluntzeko zortziak arte.

Bazkariak aipatzen hasita, zorrotza omen zara elikagaiekin.

Bai. Esfortzuaren ondoren, arnasari buelta emandakoan jan behar da, orduan indartzen baita gure gorputza; giharrak bere onera bueltatzen dira. Inolako koiperik gabeko otorduak dira. Labean edo plantxan prestatuak. Bi saio izanez gero edo arratsaldez hitzordua badugu, derrigorrezkoa da Zubietan bazkaltzen gelditzea. Jokalariek ura edaten dute eta entrenatzaileok, ardo ona, kar- kar-kar. Horrez gain, gosaltzeko aukera ere badago nahi duenarentzat.

Zein da gosariko menua?

Ogia, marmelada, oliba olioa, esnea, kafea…

Gurinik ez?

Ez. Koipetsua da eta. Ni normandiarra naiz, eta inguru haietan gurina jaki preziatua da, baina gu profesionalak gara.

Zubietan hazitakoekin hamaikakoa osatzea posible al da?

Bai, zergatik ez? Garrantzitsuena da gazteak maila izatea, kalitatea, eta Reala zer den jakitea. Illarramendi 11 urterekin iritsi zen, esaterako. Badaki zein den Realaren espiritua, ezagutzen du. Hori ezinbestekoa da zuk diozuna gauzatzeko.

Antoine Griezmannek, Ruben Pardok eta Iñigo Martinezek aintzat hartzeko eskaintzak izan dituzte. Zer dakizu horri buruz?

Jakinaren gainean nengoen, bai, baina presidenteak lehen unetik garbi esan zidan entzungor egingo ziela, bere borondatea oso bestelakoa zela.

Imanol Agirretxe ematen ari den itxurarekin harrituta al zaude?

Denboraldi-aurrean lana taxuz egin zuen. Bikain aritu zen. Oso eraginkorra izaten ari da, eta ea bide horretatik jarraitzen duen. Ez da bederatzi peto-petoa; edozein lekutan molda daiteke txukun, eta horri probetxua ateratzen jakin behar dugu.

Joseba Llorente nola dago?

Bide egokitik doa. Lesioa latza izan du, eta ez da samurra gero sasoia hartzea. Buru-belarri ari da lanean, eta pixkanaka bueltatuko da bere onera.

Beste aurrelari bat ekartzearen aldekoa al zinen?

Edozein entrenatzailek nahi ditu aurrelari onak. Merkatua arakatu genuen, ea ezer interesgarririk ba ote zegoen. Ez genuen ikusi hemengoa hobetuko zuenik.

Orain arteko erabakirik nekezena zein izan da?

Mikel Labakari nire asmoetan ez zela sartzen jakinaraztea. Kirol ikuspegitik hartutakoa izan zen, erdiko bost atzelari gehiegi zirelako taldearentzat. Estimu handitan daukat, eredugarria baita. Oso gogorra egin zitzaidan.

Emaitzez harago, zer ondare utzi nahi duzu. Zein da zure helburua?

Taldeak kalitatezko jokoa egitea, teknikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.