Aspertuta nengoen leku guztietanEuskaltelek ez duela taldekako erlojupeko onik egiten entzun eta irakurtzeaz. Are gehiago nik inoiz ez nuelako taldekako erlojupeko batean parte hartu. Gaur, baina, giroa ezberdina zen. Beroketa saio oso bizia egin dugu, eta sentsazio onak genituen. Taldekideak baikorrak ziren, eta «lehen hamarretan baietz sartu», zioten. Bitxia bada ere, ni nintzen ezkorrena, eta hain beroketa ona egiteak ni ere piztu nau. Irten aurretik autobusera abiatu garenean, ez hoztu eta zerbait janzteko, hala esan diet kideei, zama gainetik kentzeko eguna zela.
Ondo prestatua genuen saioa, eta azkenean gure hasierako xedea apal gelditu da. Zama handia kendu dugu gainetik, benetan. Denak zoratzear gaude, konfiantza eman digu. Esan bezala ondo prestatua genuen, eta taldea hiru multzotan bananduta. Alde batetik Egoi, Koldo eta ni geunden, 80 kilo inguruan gabiltzanak. Gure lana errelebo luze eta indartsuenak ematea zen. Gero, Iban, Alain, Ruben eta Koldo zeuden, ez dira gu bezain astunak eta euren lana errelebo motzagoak ematea zen. Azkenik Igor eta Amets zeuden, igotzaile petoak, eta euren lana erreleboari justu besteek arnasa hartzeko baino ez eustea zen. Noski, denak tartekatu egiten gara, multzoak bat eginda jarraitu dezan.
Halere, benetan poztu nauena gure lana izan da, nola egin dugun, hain zuzen. Zati teknikoena beste inork baino hobeto egin dugu, onenak izan gara lehen mugarrian, bihurguneen mugarrian. Hori talde lana da. Guk ez dugu arriskurik sumatu, baina gero, autotik, esan digute bihurgunetan arriskatu dugula. Bigarren zatia ordeka zen, fisikoagoa, eta hor Liquigaseko 1,80 metro eta 80 kiloko morroskoek aurrea hartu digute. Horiek zailduta daude esprintak prestatzen, eta hortzak erakutsi dizkiegu. Bigarren izan gara, baina sari handia da guretzat, aurrera egiteko konfiantza emango digu. Lehen egunean beroa saihestu dugu, baina gaur ezberdina izango da. Eguerdian irtengo gara eta eguzkiak ez du gupidarik izango olibondoz inguraturiko errepideetan.
NIRE TXOKOA. Zama kendu dugu gainetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu