Nizaren jarraitzaileek Allianz Riviera zelaia inbaditu zuten atzo, eta Olympique Marseillaren jokalariei eraso egin zieten. Partida eten behar izan zuten, eta, zenbait minutuko anabasaren ondoren, bi taldeetako jokalariak eta epailea aldageletara sartu ziren. Ordubete inguru geroago, zelaira atera ziren epailea eta Nizako jokalariak, partida amaitzeko falta ziren minutuetan jokatzeko asmoarekin, baina Olympique Marseillaren jokalariek erabaki zuten jokatzen ez jarraitzea. 74. minutua zen, eta Niza 1-0 irabazten ari zen. Frantziako Futbol Federazioak ohar bat kaleratu du gaur, eta bi klubetako ordezkariak asteazken honetarako deitu ditu, gertatutako «gertakari larriak» direla eta.
[youtube]https://youtu.be/3mTUvO_hAzc[/youtube]
Partida amaitzeko ordu laurden inguru falta zenean hasi ziren istiluak. Dimitri Payet Marseillako jokalariak korner bat jaurti behar zuen, eta harmaila batetik botila bat bota zioten. Jokalariari eman zion, eta hark, amorratuta, botila harmailetara jaurti zuen, atzera. Marsellako Alvaro jokalariak ere objekturen bat jaurti zuen harmaila horretara. Orduantxe hasi ziren zelaia inbaditzen etxeko taldearen zaleak; hasieran bakanen bat, eta geroago ia-ia trumilka. Ukabilkadak, ostikoak, bultzakadak, atzamarkadak... Bi taldeetako zenbait jokalari ere hasi ziren elkar joka.
Jean Pierre Rivere Nizaren presidentea zelaira jaitsi zen, eta lasaitzeko eskatu zien jarraitzaileei. Prentsaren aurrean mintzatu zen atzo, eta nabarmendu «nahiko argi» dagoela zer gertatu zen. «Ur botila batzuk jaurti ziren. Zoritxarrez, egoerak eztanda egin zuen, Marseillako jokalariek erreakzionatu egin baitzuten harmailetara botilak jaurtiz». Gainera, Marseillaren bizkartzainei leporatu zien Nizako jokalariak «jo» izana. Riverek adierazi zuen, atzo, «ulertezina» zela Marseillak jokatzen jarraitu nahi ez izatea. «Mundu guztiak esan zuen dena ondo joango zela. Marseillakoek ez zuten nahi izan».
Beheko argazkietan, Marseillako bi jokalari, Luan Peres eta Matteo Guendouzi, lepoan atzamarkadak dituztela.
Olympique Marseillak ohar bat kaleratu du bere webgunean, eta, Pablo Longoria presidentearen arabera, «jokalarien segurtasunagatik» erabaki zuten jokatzen ez jarraitzea «erasoak izan baitziren. Gogoratu zuen, gainera, duela bi aste ere, Montpellierren zelaian, objektuak jaurti zizkietela Marseillako jokalariei. «Orduan, jarraitzea erabaki genuen, baina gaurkoa [atzokoa] onartezina izan da». Zelaira ez itzultzea erabaki zuelako, Marseillak 3-0 gal lezake partida. Nolanahi ere, oraindik ez dute erabakirik hartu.