Gola: 1-0: I. Martinezek b.a. (82. min.) Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horia Getafeko Michel, Valera, Rafa eta Castrori; eta Realeko Bergara,
Griezmann, Diemidov eta Cadamurori. Bestelakoak: 7. 500 ikusle.
Merezita galdu zuen Realak Alfonso Perez estadioan, portaera samurregia erakustearen ondorioz. Inork ezin dezake esan etxekoa kanpokoa baino gehiago izan zenik jokoari dagokionez. Ez eta gola sartzeko aukerak sortzerakoan ere, Realak min egiteko aukera aproposagoak izan baitzituen. Baina azken metroetan, gogor eta erabakitasunez aritu beharreko eremu horretan, grina, gosea eta joa falta baldin bazaizkizu, neurri batean San Mamesen gertatu moduan, aurkariak nahikoa izan ohi du norberaren hutsegite nabarmena baliatzea. Atzokoan Bravok huts egin zuen golean.
Zaragozaren eguneko lehen zatiko eraginkortasunari Bilboko bigarren zatiko adorea eta bizitasuna eransteko eskatu die Montanierrek bereei taldea osoagoa izateko, irabazleagoa. Multzoa hotzean aztertuz gero, hazteko sekulako tartea izanik, ez da erokeria entrenatzailearen burutazioa. Helmuga hori urruti dago, ordea, gaur-gaurkoz, Getafeko saioak salatu moduan. Azala gogortzeko balioko die sikiera. Mallorcan lehenik hartu zuten aurreneko muturrekoa, hiru puntuek etxetik ihes egingo zutelako irudipena etengabea izan eta gero. Levanteren zelaian ondoren bigarrena, aurkariarekin jolasean ibili arren minutu askotan. Trilogia osatu zuten Madril hegoaldean.
San Mameseko zirriborroa atera zuen bere liburuxkatik Montanierrek Getaferen argudioak desegiteko. Markel —zorte txarrak ez dio uzten arnasa hartzen— aingura lanetan kokatuz indartu egin nahi izan zuen zelai erdia, jakinik Illarramendik taxuz erabiliko zuela baloia Aranbururen ordez. Aurrean, erreferentzia garbirik gabe, Agirretxe aulkian utzi baitzuen, Griezmann-Vela-Prieto hirukoaren mugikortasunarekin etxeko atzelariak tokiz kanpo uzteko. Eta txuri-urdinek ederki bete zituzten frantziarrak pentsatutakoak zelaian, nahiz eta neurketa hasi eta berehala Markelek aldaketa eskatu behar, min hartuta. Gehiegizko borondateak jota, erdibideko baloiaren bila abiatu zen Getafeko Michelekin batera, biak ere segadan sartuz, eta danbatekotik minduen Realekoa atera zen. Gainera, berak egin zuen falta. Azterketa sakonagoen esperoan, kolpe gogorra du eskuin oinean, eta ziurrenik ez da osatuko Levanteren aurkakorako.Mutil saiaturik bada, hori Markel da, eta haren jarrera prestuak beste zerbait merezi du.
Bravoren huts larria
Illarramendik izan zuen markagailua mugitzeko lehen aukera ona. Xabi Prietok bigarrena, Zurutuzak hirugarren eta laugarrena... Jotzeko imintzioak ziren jotzera iritsi gabe. Reala nagusien zenean izan zuen Getafek lehen abagune zoragarria, Mikuren bitartez, lehen zatiaren hondarrean. Barradak urrezko pasea eman zion eta Bravoren aurrean bakar bakarrik utzi, baina haren jaurtiketa eskasari ez zitzaion bidezkoa iruditu, nonbait, gipuzkoarren nagusitasuna zigortzea.
Bigarren erdiaren hasieran, etxekoek erritmoa bizitzearen ondorioz, Alexis atzelariak kale egin zuen atezain txiletarraren aurrean. Ondoren iritsi ziren Velaren bi aukerak, bi erremate ustel area barruan, eta huts eta bateko sentipena zapuztu zuen Bravoren hutsa. Ezker hegaleko erdiraketa ezin behar bezala atzeman atezainak, Iñigo Martinezen bizkarren jo eta sarera. Gidoi ezaguneko amaiera tristea.
GETAFE 1. REALA 0
Non ikusi genuen hau?
Etxetik kanpo zerbait batzeko aukera ederra galdu du Realak jenio txarragoa ez erakusteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu