Atzerritarren artean dezenteko mugimendua egon da. Tropeleko txirrindulari onenetakoei eragin diena, gainera. Adibide argi bat: Aleksandr Vinokourov. T-Mobile utzi eta Liberty-Wurth taldearen maillota jantziko du. Andrei Kaxetxkin herrikide eta laguna ekarri du berarekin kazakhstandarrak. Behingoz Tourra irabazten saiatu nahi duelako aldatu omen du taldez, T-Mobile taldean, eta Jan Ullrichekin, hori ezinezkoa zela jakitun. Liberty taldeko Manuel Saiz kirol zuzendariaren betiko ametsa da Tourra irabaztea. Ez du lortu, oraindik, eta Vinokourov da merkatuan bilatu duen aukera onena, Roberto Herasekin zuen asmoa bertan behera geratu ondoren.Kontua hauxe. Vinokourov Tourra irabazteko hautagaia al da? Lance Armstrong eta bere taldea nagusi izan diren urteetan ez du halakorik erakutsi. Hirugarren postuan sailkatu zen 2003. urtean eta bosgarren iaz, baina Jan Ullrich eta Ivan Basso Vinokourov baino koska bat gorago daudela argi dago. Tropeleko txirrindulari osoena izango da, agian, Vinokourov, baina Tourra irabaztea erronka iritsezina izan liteke berarentzat. Saizek bere eskuetan dagoen guztia egingo du, dena den, irits dadin.Ziurtasun handiagoa ematen du Gilberto Simonik. Italiarrak Lampre taldean Cunegorekin zuen elkar bizitza beroa atzean uztea erabaki du, eta Saunier Duval taldearekin fitxatu. Simonik ez du Tourra irabaziko, baina Giroan garaile izateko moduan da. Simoni beste garaipen sonatu batzuk lortzeko gai ere bada. Francisco Mancebo espainiarraren talde aldaketa ere esanguratsua da. Bere kirol ibilbide osoa Jose Migel Etxabarri eta Eusebio Unzuerekin egin ondoren, giroz aldatzea hobetsi du. Giroz eta herrialdez. Espainiako eta Frantziako txirrindularitza arrunt ezberdinak dira, baina Mancebok Illes Balears taldean merezi adina begirunerik ez ziotela pentsatzen omen zuen, eta martxa egin du. Bere kirol bizitzako unerik gozoenean gainera, Tourrean laugarren postuan sailkatu ondoren.Aipamena merezi du T-Mobile taldeak Ullrich babesteko egin duen lana. Michael Rogers australiarra eta Serhii Hontxar ukrainarra fitxatu ditu. Galdu ere txirrindulari garrantzitsua galdu du Alemaniako taldeak: Erik Zabel. Zabel eta T-Mobile taldekoak muturtuta zeuden aspaldi, talde osoa Ullrichi laguntzeko helburuarekin antolatzen zutelako. Milram taldean batu dira Zabel eta Petacchi, azken urteetako esprinter azkarrenetakoak.CSCk ere bi txirrindulari on fitxatu ditu. Fabian Cancellara suitzarra da bat eta Iñigo Cuesta espainiarra bestea. Ag2rk Christophe Moreau ere fitxatu du Mancebori laguntzeko, eta Illes Balearsek Oscar Pereiro galiziarra fitxatu du Manceboren hutsunea estaltzeko.
Euskal txirrindulariak ere hara eta hona
Atzerrian airean eta Euskal Herrian ere dantzan. Suelto gainera. Talde aldaketa asko eta esanguratsuak gertatu dira. 2005. urteko bi euskal txirrindulari onenetakoen kasua da: Juanma Garate eta Koldo Gil. Gil nafarra Garateren taldea izan zenak fitxatu du, Saunier Duvalek, eta Garate Tom Boonen handiaren itzalera joan da, han, orain arte eman ez dioten garrantzia emango dioten jakitera. Saunier Duval taldeko Josean Fernandez Matxin kirol zuzendariak itzuli handietara bideratu nahi du Koldo Gilen jarduna. Emaitza onak lortu ditu itzuli txikietan, eta garailea ere bada. Apustu horren emaitza ikusteko dago.
Garatek lorpen zerrenda ona dauka eta garai aproposean dago jauzi kualitatiboa emateko. Eman dezakeela fedea duelako, trukean eskaini dioten sosa kopurua berak merezi baino txikiagoa dela pentsatzen duelako aldatu du taldez. Osa anaien aldaketak ere merezi du hausnarketa. Oso izen ona dute Itziarkoek, langile fama, eta Espainiako talde onenetakoan arituko dira bi urtez. Liberty indartu eta Illes Balears ahuldu.
Andoni Aranagak ere hobera egin du. Kaikun lan txukuna egin eta Pro-Tour Ligan korritzeko aukera eman dio Euskaltel-Euskadi taldeak. Antzekoa da Aitor Hernandez ermuarraren kasua ere. Eta Jose Luis Arrieta nafarrak ere Ag2r taldean egingo du bidea aurrerantzean. Manceboren lagun mina da, eta morrontzan trebea, eta hark eskatuta korrituko du Astarloza eta Chaurreau pasaitarrekin batera.
Azken parrafoa etorkizun on-ona duen karreristarentzat, Egoi Martinezentzat. Munduko talde onenetakoan korrituko du, Discovery Channelen, eta haiek fitxatu badute, kontua serioa da. Etorkizuneko Tourra irabazten dutenekin arreta berezia omen du Discoveryko Johan Bruyneel kirol zuzendariak, eta gertu-gertutik jarraitu beharko da Etxarri-Aranazkoaren jarduna aurten.
Datua
4
Tom Boonen: Ez du taldez aldatu, baina denboraldi hasierako fitxaketa onena da. Dagoeneko lau garaipen lortu ditu flandestarrak.