SASKIBALOIA. ACB LIGA

Nork jaitsiko du Bartzelona Olinpotik?

Europako Saskibaloi Liga indartsuena hasiko da gaur, telebisten arazoa behin betiko konponbidea bilatzeko dagoela

JON REJADO - ANDONI URBISTONDO
2003ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hamaika arazo, negoziazio, bilera eta eztabaidaren ostean, ACB Liga, NBA alde batera utzita, dagoen saskibaloi txapelketa onena, gaur hasiko da. Telebista kateekin inolako akordiorik lortu ez bada ere, klubek ikuskizunari hasiera emateko erabakia hartu dute. Urtero gertatzen den bezala, aurtengo Liga aurrekoak baino askoz ere indartsuagoa eta ikusgarriagoa aurkezten da. Beste urteetan ez bezala, ordea, zalantza bat da nagusi: Bartzelona Olinpotik jaisteko indarrik izango al du talderen batek?

Pesicek entrenatzen duen taldeak dena irabazi zuen iragan denboraldian: Liga, Kopa eta Euroliga, Bodiroga buru zuela. Aurtengo denboraldian aldaketa gutxi egin ditu iazko txapeldunak, Jasikevicius eskoltarena adierazgarriena, eta Europako saskibaloiaren gailurrean mantentzeko aukera handiak ditu. Bartzelona saskibaloiaren gailurretik kentzeko ardura duten taldeak betikoak dira: Tau Bakonia, Pamesa, Unicaja eta, agian, Real Madril eraberritua.

Urtero urtero jokalari garrantzitsuen fitxaketez hitz egiten da, eta aurtengo denboraldia ikusgarria da alor horretan. ACBtik kanpo, zein Liga barruko taldeen artean, jokalari mugimendu garrantzitsua egon da. Atzerritik Macijauskas, Rigaudeau, Ilievski, Alexander, Goore edo Jamie Arnolden mailako jokalariak heldu dira. Ligako taldeen arteko mugimenduari dagokionez, ordea, Bennett eta Herrmann dira kasu adierazgarrienak.

Baina jokalari berriak heldu diren moduan, ACBn historikoak diren beste batzuei agur esateko garaia heldu da. Perasovic handiak, adibidez, kantxatik urrun ikusiko ditu partidak. Agur esan du baita ere Miguel Angel Betancorrek, ACBko denboraldi guztietan epaile izandakoak.

Espainiako saskibaloia, sasoi betean?

Orain dela egun batzuk, ACB Ligaren aurkezpenean, Espainiako saskibaloiak bizi duen egoera zoragarria dela azpimarratu zuten han bildu ziren guztiek. Telebista kateekin izandako arazoak, ordea, ilundu egin du ustez txapelketaren egoera ekonomiko ona zena. Udan zalaparta handia sortu zen txapelketa eredua zehazteko orduan: 6-4-2 proposamenaren alde zeuden batzuk, komunitarioen kontratazio librearen alde besteak, eta ez bata ez bestea onartzen ez zutenak kontratazio eredu bat finkatu ezinik agertu ziren.

Telebisten arazoari dagokionez, akordioa gertu dagoela dirudi. Asteburu honetako partidak FORTAk emango ditu, oraindik akordio finkorik lortu ez bada ere. Akordioa gertu egon arren, ordea, ACB Ligako taldeek telebisten diruarenganako menpekotasun handiegia erakutsi dute, aurrekontuaren %10 baino gehiago osatzen baitu kasu gehienetan.

Ligako izarrak





DEJAN BODIROGA

Bartzelonako hegalekoa

Pesicen taldeko giltzarria. Izar multzo bati talde itxura ematen dio. Jokoa irakurtzeko dohain berezia du. Minutu erabakigarrietan onena da.



ELMER BENNETT

Real Madrileko joko antolatzailea

Arazo fisikorik gabe, Europako hiru joko antolatzaile onenen artean dago. Une erabakigarrietan erabakitzeko dohaina du, Gasteizen badakite hori.



VICTOR ALEXANDER

Unicajako pibota

Tauko jokalari ohia Ligako pibot erabakigarriena izan daiteke. Eskumutur zoragarria du, erasoan geldiezina da ia. Taldekideekin ederki moldatzen daki.

ARVYDAS MACIJAUSKAS

Tau Baskoniako hegalekoa

Lituaniako azken harribitxia da. Jaurtitzaile zitala dela frogatu du eta barneraketak egiten trebea. Azkar egokitu behar du Taura, behar duen jokalari erabakigarria izateko.

ANTOINE RIGAUDEAU

Pamesako joko antolatzailea

NBAtik etorrita Pamesari azken bultzada eman nahi dio. Kanpoko edozein postutan joka dezake. Eskarmentu handiko jokalaria da Europako txapelketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.