Nortasun bila dabiltza biak

Iaz jokatutako derbian gertatutakoa gogoan dutela ariko dira gaur Reala eta Athletic elkarren aurka, AnoetanBi taldeak gorabeheratsu ari dira, eta biek nahi dute gaurko partida mugarri izatea

Nortasun bila dabiltza biak.
Ander Altuna, Haritz Gallastegi
Donostia<br /><br />Bilbo
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek euren benetako nortasuna topatzeko urratsak egingo dituzte gaur iluntzeko zortzietatik aurrera, Anoetan, denboraldiko lehen derbian. Joan den sasoiko lehen derbiko argazkia deskribatzeak balio lezake bataren zein bestearen taupadak marrazteko. Bi taldeen inguruak zalantzekin daude berriz ere: donostiarrak, Philippe Montanierren plangintza gauzatuko den ziurtasunik gabe; bilbotarrak, berriz, uda zorabiagarriak eragindako ajearekin oraindik. Biak ala biak bultzada handi baten beharrean dira makinak abiarazteko. Iazko derbiaren bezperako antzeko kontua hein handi batean. Orduan, halere, hobeto zegoen Reala. Gutxirako balio izan zion, ordea.

Etxekoei dagokienez, Claudio Bravoren lesioak eta Levanteko porrotaren osteko hauts harrotuek baldintzatu dute prestaketa astea. Jokin Aperribai presidenteak bi mezu zabaldu nahi izan zituen joan den astelehenean. Batetik, Anoetatik kanpoko bolada txarra berandu baino lehen gainditzeko ustea. Horren erantzuletzat jo zituen neurri berean entreatzailea eta jokalariak. Halaber, Athleticen derbiak berez eragiten dituen emozio indartsuak neurtzea eskatu zuen presidenteak, gehiegikerietatik urrunduz. Realeko agintari nagusiak garbi dauka joan den denboraldian huts ez egiteko erantzukizunak txuri-urdinen zangoak ez ezik pentsamoldeak ere oztopatu zituela. Gisa horretako norgehiagoka bereziek beti uzten dute arrastoa, onerako zein txarrerako, eta Montanierren jokalariek emozionalki hondoa jo zuten iaz Athleticen aurka galdu eta gero. Balizko txakalaldiaren beldur, gauzak bere onetik ez ateratzeko ahalegina izan zen Aperribairena, gogoa eta zuhurtzia tamaina berean irenstekoa. Azken batean, txapelketa ez baita gaur amaitzen. Ideia horren bueltan aritu dira Zubietan lanean txuri-urdinak.

Gehien aipaturiko izenen artean, Eñaut Zubikarai atezaina dago. Derbiaren erdigunean kokatu baita Bravok min hartu ostean. Jokatzeko aukera ezustean iritsi arren, aprobetxatzeko mentalizatuta dagoela nabarmendu zuen. «Neure buruan eta taldearengan sinisten dut. Denon proiektua da hau. Betidanik sumatu izan dut taldekide, entrenatzaile eta zaleen babesa. Ez nago lo hartzeko moduan, jokatzeko aukerak ez baitira maiz ateratzen. Jokatu gabe denbora asko daramadan arren, taldeko kide sentitzen naiz.Aspalditik ezagutzen ditut nire inguruko denak. Prest nago», aitortu zuen herenegun.

Ondarroarraren parte hartzea ez da izango entrenatzaile frantziarrak egingo duen aldaketa bakarra azken partidarekin alderatuz. Imanol Agirretxek atseden hartu zuen joan den igandean gaurko lehiara sasoiko iristeko, eta usurbildarra Carlos Vela eta Antoine Griezmannekin batera ariko da hasierako hamaikakoaren muturrean —Montanierrek deialditik kanpo utzi du berriz ere Diego Ifran—. Jose Angel ordezkatuko du Agirretxek. Ez dauka beste ezer aldatzeko beharrik. Azken protagonista bat ere egongo da txuri-urdinen artean. Xabi Prietok jokatuko balu, 300. aldiz jantziko luke Realaren elastikoa.

Askatzeko gogoz

Botila erdi beteta eta erdi hutsik ikusten dutenak daude Athleticen. Ezkor direnek taldeak egindako jokoa eta estatistikak hartzen dituzte kontuan. Zuri-gorriek ez dute itxura onik eman orain arte. Talde ona izateko ezinbestekoa izaten da oreka, orekak sendotasuna ekartzen baitu. Erasoan zein defentsan ondo moldatzen den taldea da orekatua. Atea zaintzen zein atea zulatzen eraginkorra dena. Hori da talde guztien helburua, eta hori izaten da lortzen zailena. Aurrera begira hainbestean aritu da Athletic. Bielsaren taldeak golak sartzeko erraztasuna dauka. Erraztasuna dauka aukera asko sortzeko gai delako eta ez erasoan aritzen direnek sen berezia dutelako. Hala ere, futbolari onak dira egun Athleticek dituenak, eta asko dira arriskua sortzeko gaitasuna dutenak. Futbolarien ahalmenari Bielsak bere taldeei transmititzen dien lehiakortasuna gehituz gero, edozein zelaitan aurkari arriskutsu bihurtzen da Athletic. Gainera, badirudi pixkanaka-pixkanaka ari dela joan den sasoi amaieran galtzen hasi zen indarra berreskuratzen. Beraz, baikor denak badu horretarako arrazoirik.

Baina ezkor denak ere badauka kezkatua egoteko arrazoi bat baino gehiago. Athletic da Lehen Mailan gol gehien jaso duen taldea. Hamabi, bost norgehiakotan. Etxetik kanpo zazpi aldiz atera behar izan du baloia bere ateko saretik Iraizozek. Edozein dardarka jartzeko estatistikak dira. Horri aurrean duen taldeak erasoan duen arriskua gehituz gero, Athletic Anoetatik esku-hutsik bueltatuko dela pentsatzeko aukera ematen du. Ez baita Athletic talde fidagarria. Banakako defentsa egiteak duen arriskua da. Nahikoa da hamar jokalarietatik bakar bat sasoiko ez egotea edo aurkariak lo harrapatzea jokaldi batean aurrez prestatutako guztia pikutara bidaltzeko.

Erabat sasoiko ez dagoen talde baten gabezia guztiak agerian lagatzen baititu Bielsak proposatzen duen jokatzeko erak. Kontua da Athletic ez dela joan zen denboraldian erakutsi zuen mailara gerturatu hamaikakoan aldaketa asko egin direlako eta aurreko sasoian ikusgarri aritu ziren futbolari batzuk euren sasoi onenetik urrun daudelako. Hori bai, iaz ere antzeko egoeran ailegatu zen Anoetara. Puntu premiak jota, alegia. Bada, derbian irabazitako hiru puntuek askatu zuten Athletic. Ordutik aurrera hasi zen funtzionatzen eta ahaztezina izan zen sasoia osatzen. Iazko ibilbidea errepikatzea da zuri-gorrien helburua. Baina Urrezko Maskorra merezi duen lana egin beharko dute horretarako. Gainontzean, ezinezkoa izango da Reala, 30.000 jarraitzaileren babes eta animo osoa izango duen aurkari ezin motibatuagoa gainditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.