«Haien bila zelairatu behar dugu hasieratik. Hori da etxetik kanpo partida bat irabazteko modurik onena; gogotik lan egitea, gol bat sartzea, eta hortik aurrera borrokatzea». Realeko jokalariak Anoetako berotasunetik urrun behingoz hiru puntu eskuratzeko desiatzen daude, zaleak bezala; prentsaurrekoetan, behintzat, gogotsu ari dira hizketan. Markel Bergararen txanda izan zen atzo Zubietan. «Oso garrantzitsua litzateke Levanteri irabaztea, bigarren garaipena litzatekeelako jarraian, eta are konfiantza handiagoa edukiko genukeelako derbiaren atarian. Oso pauso garrantzitsua litzateke etxetik kanpo ere partidak irabaz ditzakegula ikusteko».
Etxeko lehen bi partidak irabazi egin ditu Realak, baina etxetik kanpo huts egin du. Bartzelonaren zelaian 5-1 galdu zuen, ligako estreinako partidan; eta 1-0 hirugarren jardunaldian, Mallorcaren zelaian. Gol bakarra alde eta sei aurka. Eta itxura, oso eskasa, Mallorcaren aurkako lehen hogei minutuak kenduta. Hori bai, Bergarak argi utzi nahi izan zuen atzo taldeak ez daukala obsesiorik. «Baina etxetik kanpo emaitza on bat behar dugu, batez ere geure buruarengan sinesteko». Realaren egoera gainerako taldeekin alderatu zuen euskarriak. «Talde guztiak ari dira oso indartsu etxean, eta gu ere bai. Ez da erraza jakitea etxetik kanpo zergatik den hain zaila puntuak eskuratzea, planteamendua antzekoa izaten delako etxean eta etxetik kanpo». Baina zaleak animatze aldera, kiniela kontuekin hasi zen Bergara. «Partida honetan zerbait lortzeko itxaropena daukat».
Atzo iluntzean Europako Ligako partida jokatu zuen Levantek lehen aldiz, Helsinborgen aurka. «Eta denok dakigu hiru lehiaketatan aritzeko nahiko jokalari gutxiko taldea dela. Espero dut gure aurkako partidan ezaugarri hori nabaritzea». Reala Txapeldunen Ligan edo UEFAn aritu zenean, Gipuzkoan ilusio ikaragarria sortu zen taldearen inguruan, eta Levanteri ere antzeko zerbait gertatuko zaiola uste du elgoibartarrak. «Horregatik, uste dut daukaten talderik onena aterako dutela Europako Ligan, eta igandean horrek eragina izan beharko luke».
Konfiantza handiegia ez izatea hobe dute, hala ere, Realeko jokalariek, aurreko denboraldian ere kolpea ematera joan, eta azken minutuan eurek hartu zutelako latza, 3-2koa jasota. Bergararen hitzetan, Levanteko jokalariek argi daukate zein diren euren indarguneak. «Oso jokalari beteranoak dira, futbolari buruz asko dakitenak; beste futbol hori egiten Lehen Mailako talderik onena da. Kontraerasoetan, estrategia jokaldietan... oso adi ibili beharko dugu».
Azken denboraldietan ez bezala, Realeko euskarria ez da arazorik izaten ari lesioekin, eta entrenatzailea konfiantza handia ematen ari zaio. Datuak argigarriak dira: ligako lehen lau partidetan minutu guztietan jokatu du, 360. Bravo, Estrada, Mikel Gonzalez eta De la Bella bakarrik daude kopuru horrekin. «Ahal den guztietan jokatzea izaten da jokalarien helburua. Entrenatzaile honek konfiantza handia dauka nigan, eta, ez jokatuta ere, garrantzitsu sentitzen naiz talde honetan».
Diego Ifranen nahi eta ezina
Erabat bestelako egoeran Diego Ifran dago. Uruguaitarraren kasuan ere argigarriak dira datuak: lehen lau jardunaldietan hiru aldiz sartu da deialdian, bi partidatan parte hartu du, eta hamazazpi minutu pilatu ditu denera. Hutsaren hurrengoa. Imanol Agirretxe min hartuta dabil aste honetan, eta Ifranek aukeraren bat edo beste eduki dezake etzi Levanteren zelaian hasieratik aritzeko. «Ilusioa da galtzen den azken gauza, baina entrenatzailearen erabakia da hori. Gogotsu nago, eta ea aukera daukadan».
Baietz esanez ezezko keinuak egiten ditu, hala ere, aurrelariak. «Antoinek [Griezmann] jokatu du aurrelari postuan, Velak ere bai, eta, tira, itxaropena badaukat, baina hamaikakoaren berri izan arte ez dut jakingo zelaian izango naizen edo ez». Nahikoa esan zuen. Zaragozaren aurka txalo zaparrada handia jaso zuen uruguaitarrak joan den igandean. «Eta zaleei benetan eskertzen diet babes hori. Indar handia eman zidan; harrigarria izan zen hainbeste jendek ni babestea».
Obsesiorik ez, baina beharra bai
«Gogotik lan eginda» etxetik kanpo partida bat irabazi beharra daukatela azpimarratu du Markel Bergarak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu