Euskal Selekzioa 0. Tunisia 2

Ofiziala ez izatearen beste ajeak

Euskal Selekzioa Tunisia baino askoz gehiago izan da, eta merezi gabe galdu du azken bost urteetako lehen partidaEtxekoek bi huts egin dituzte atzeko lerroan, eta Tunisiak ondo baliatu ditu

Aritz Aduriz Tunisiako selekzioko erdilari batekin baloiaren jabetzarengatik borrokan, atzo San Mamesen jokaturiko partidan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioa. Iraizoz (Riesgo, 60. min), Iraola (Beñat, 60. min.), M. Gonzalez (I. Martinez, 46. min), Amorebieta (San Jose, 46. min.), Sirieix (Aurtenetxe 46. min); Iturraspe (X. Alonso (60. min.), Aranburu (Barkero, 46. min), Prieto (Rico. 46. min); Gabilondo (Susaeta, 46. min.), Zurutuza (Toquero, 46. min) eta Aduriz (Agirretxe, 60.min).

Tunisia. Mathlouthi (60. min, Ben Cherifia); Bussaidi (Ben Yahia, 84. min), Hicheri, Iffa, Gharbi; Korbi (Chermiti, 60. min), Traoui, Iheb Maskni (Chadly, 76. min.), Chehoudi; Dhaouadi; eta Jomaa.

Golak. 0-1. Maskni (67. min) 0-2. Chadly (83. min).

Epailea. Iturralde Gonzalez.

Bestelakoak. San Mameseko (Bilbo) harmailak goraino bete ziren. Euripean jokatu zen. Partida hasi aurretik omenaldia egin zioten Iturralde Gonzalez epaileri, sasoi bukaeran hartuko baitu erretiroa. Partidaren hasieran ikusleek suziriak bota zituzten zelaira.

Euskal Selekzioa, tamalez, ez da bere etorkizunaren jabe. Ofizialtasuna lortzeko lehia ez da futbol zelaietan jokatzen. Erakunde politiko eta nazioarteko federazioen bulegoetan baizik. Halere, euskal zale eta futbolariek, atzo, beste behin, ofizialtasun hori desiratzen dutela erakutsi zuten, eta goraino bete zituzten San Mameseko harmailak. Selekzioak, bere aldetik, zelaian erakutsi zuen nazioarteko futbolean tokia duela, ofizial bihurtu eta lehiatuko balitz zeresana emango lukeela. Euripean, baina, garaipena falta izan zen, Tunisiak bi hutsen ondorio izandako bi aukerak ondo baliatu zituelako. 2006an Galesen aurka galdu zuenetik porrotik jaso gabe zegoen selekzioa.

Etorkizunaren jabe ez da selekzioa, baina bai behintzat baloiarena. San Mamesen ez zuen askatu. Jokoaren ekimena eman zuen une oro. Tunisia, tartean, atzean sartu zen, kontraerasoaren bila. Euskal Selekzioa askoz gehiago izan zen, baina aginte antzua izan zen. Hogeita bi jaurtiketa egin zituen, eta horietatik hamabi atera joan ziren, baina Tunisiako bi atezainek lan bikaina egin zuten. Euskal Selekzioari lehen zatian kosta zitzaion bere jokoa inposatzea, baina izan zituen gol aukerak. Bigarrenean, berriz, goitik behera nagusitu zen, lehen laurdenean bereziki. Defentsa lanean, baina, asko nabaritzen da elkarrekin entrenatzeko aukerarik ez izatea. Bi jokaldi katramilatutan atzelariak ez ziren behar bezala konpondu. Hori ere ofiziala ez izatearen ajea da, ezin elkarrekin entrenatu ahal izatea.

Tunisiak oso bizi ekin zion partidari. Afrika Kopa buru belarri prestatzen ari da, eta lehen minututik argi gelditu zen ez zuela erraztasunik emango. Hasierako grina, baina, berehala baretu zen. Euskal Selekzioak baretu zuen. Baloiaren jabetza hartu eta zegokion erritmoa jarri zuen. Motelegia agian, jokoaren ekimena izan arren kosta egin zitzaiolako sakontasunez jokatzea. Maiz iritsi zen area ertzera baina ez zituen aukerak baliatu.

Zelaia irristakor zegoen, eta euriak ez zuen lagundu. Amorrortuk eta Etxarrik biziago jokatzeko eskatzen zieten erdilariei, baina ezin. Tunisiak kate motzean lotu zituen etxeko jokalariak, serio sartu zen atzean, gotor, eta ihes egin zuten bakanetan ez zen falta izan ostikorik. Euskal selekzioak ezkerreko hegaletik ekin zion atsedenaldira arte, Xabi Prietoren bitartez. Bere oinetan jaio ziren aukera bakanak.

Aduriz izan izan zen lehen zatiko jokalari onena. Gertu du Julen Guerreroren marka, eta bere onena eman zuen golaren bila. Bi aldiz saiatu zen txilenaz eta bietan kale. Bigarrena Zurutuzak ate aurrean jotako burukada baten ondoren. Zatiko aukera onena, baina, iristeke zegoen (38. min). Zurutuzak, trebe, Aduriz bakarrik utzi zuen area barruan, baina Mathiouthik esku batekin gelditu zuen jaurtiketa gurutzatua. Hori ez zen izan azken aukera baina, Tunisiak izan baitzuen, Cheouidiren oinetan (42. min.), baina Iraizozek gelditu zuen.

Bigarren zatiaren hasieran iritsi ziren Euskal Selekzioaren unerik onenak. Atsedenaldian eginiko zazpi aldaketekin asmatu zuten Etxarrik eta Amorrortu. Jokoak beste abiadura bat hartu zuen, hein handi batean Susaetaren eraginez, eta erremate ugari egon ziren. Ate aurrera iritsi zen selekzioa, baina ez zuen asmatu. San Josek izan zuen aukera onena, bere burukada atzelari batek atepetik atera zuenean (56. min). Ez zen bakarra izan halere, Iturraspek eta Adurizek ere aukera bana izan zutelako. Biak aireko jokoaren ondorio. Etxekoen gola oso gertu zegoen.

Saria, halere, Tunisiak lortu zuen (67. min). Euskal Selekzioa erasoan zebilela Tunisiak baloia lapurtu eta pase luzea eman zuen. Erdiraketa Chermitik kontrolatu zuen, keinua egin eta Iñigo Martinez labaindu egin zen. Aurrelariaren jaurtiketak zutoina jo zuen eta aldaratzea Masknik baliatu zuen. Merezi gabeko gola.

Berdinketaren bila itsuan

Euskal Selekzioak gora egin zuen berriz. Golak ez zuen apaldu eta berdinketaren bila joan zen. Aukera asko sortu zituen berriz, baina Ben Cherifia atezainak —bigarren zatian zelairatu zen— meritu handiko geldialdiak egin zituen. Bi atezainak izan ziren partidako jokalaririk onenak, eta haien jarduna, erabakigarria. Barkerok aukera oso ona izan zuen areaz kanpotik, eta Agirretxek beste bi. Onena bigarrena izan zen, jokaldi nahasi batean (79. min), baina ezin, ez zen eguna.

Tunisiak beste jokaldi nahasi batean lortu zuen bigarren gola, Euskal Selekzioa erasoan itsu-itsuan zebilela ustekabean harrapatu zuen atzeko lerroa. Atzelariek ez zuten elkar ulertu kontraerasoa gelditu ahal izateko, eta Chadlyk area ertzetik lortu zuen bigarren gola (83. min). Harmailak ez ziren isildu eta animatzen jarraitu zuten. Etxekoek ohorearen gola bilatu zuten, baina ez zuten lortu. «Partida galdu dugu, baina etorri den jende guztiak eta elastiko honek garaipena lortu du». Imanol Agirretxek, amaieran, bikain laburbildu zuen gaua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.