Osasunak bere diru arazoak leundu ahal izateko Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak zalaparta handia eragin du azken egunotan Nafarroan. Egunkari batek argitaratutako albiste baten harira, erreakzio ugari izan dira, eta atzo Osasunako presidente Patxi Izkok eta Nafarroako presidente Yolanda Barcinak hitz egin zuten. Egunkariak argitaratutako informazioa ez da «batere zehatza» izan Izkoren esanetan, eta egun hauetan alderdi politikoen erreakzioak ikusi ostean, gauzak argitu egin nahi izan zituen: Sadar saldu eta Taxoaren estadio berria egiteko negoziatzen ari direla gezurtatu zuen, baita Nafarroako Ogasunari zorra barkatzeko edo murrizteko eskatu diotela ere. «Zorraren ordainketa 75 urte atzeratzea izan da gure eskaera bakarra», esan zuen.
Krisiaren eraginez Nafarroako Gobernuak nahi baino arazo gehiago dituen garai hauetan—Los Arcosko zirkuituari errentagarritasuna eman ezinda dabiltz oraindik, eta Nafarroako Erresuma pabiloiko lanak gelditu dituzte diru faltagatik— gehiegizkoa litzateke Osasunak Foru Ogasunarekin duen zorra barkatzeko eskatzea eta diru laguntza publiko gehiago eskatzea, eta hori badakitela argi utzi zuen atzo Osasunako presidenteak. Aste hasieratik erreakzio ugari izan dira ustezko eskaera horien harira. Nafarroa Baiko bozeramaile eta Aralarreko agintari Patxi Zabaletak, esaterako, gogoratu zuen «salbuespen fiskalaklegearen kontrakoak» izango liratekeela. Argitaratuko informazioaren arabera, egun, Osasunarentzat, errentaren gaineko zerga %48koa da eta Iruñeko taldeak %20-25ekoa izatea nahi du, EAEko taldeena bezala. Nafarroako oposizioko alderdi politiko guztien arabera, «onartezina» da eskaera. Bilduk, PPk, NaBaik eta Ezkerrak bat egin dute gai horretan. Gobernuko bi alderdiek, UPNk eta PSNk, ordea, hitz gozoagoak izan zituzten Osasunarentzat astelehenean Parlamentuan egin zituzten adierazpenetan; «egungo egoera zaila» ahaztu gabe Osasunaren kasua aztertuko dutela agindu zuten. Baina ahal den neurrian Osasunari laguntzen ahaleginduko direla baieztatu arren, Yolanda Barcinak argi utzi zuen atzo Osasunak ez duela izango «pribilegio» fiskalik. «Osasunari laguntzeko bide asko daude, babesle gisa, esaterako. Baina salbuespen fiskalak egitea ez da legezkoa, eta klubak dagozkion zergak ordaintzen jarraitu beharko du, baita jokalariek ere, orain arte bezala, euren errentaren arabera», esan zuen Nafarroako presidenteak.
Ia 28 milioi euroko zorra
Osasunako ordezkariek klubaren zorraren berri eman zuten atzo. Aurretik, Nafarroako Ogasunari 22 milioi euro zor dizkiotela esan zuten,bainazorra 27,9 milioi eurokoa dela onartu zuten atzo. BEZari eta errentaren gaineko zergari dagozkien diru zorrak dira. Hiru urtean ordaindu beharreko zorra da. Eta Osasunaren ekonomia ito egiten du zor horrek. Horregatik, Iruñeko klubak Nafarroako Gobernuari erreskate plan bat aurkeztu izana gezurtatu zuen Izkok: «Gezurra da erreskate plan bat aurkeztu dugula, Osasunak arazo ekonomikoak dituela argi dago, baina Lehen Mailako beste hemeretzi taldeak ez daude gu baino hobeto, eta Nafarroako Ogasunari soilik zor diogu dirua, gainerako zorrak eguneratuta baitauzkagu. Ez dugu tratu mesedegarririk eskatu, Foru Ogasunari dirua zor diogu, eta zor hori ordaintzeko prest gaude, ez dugu zorra barkatzeko eskatu, Nafarroako edozein biztanlek edo enpresak arazo ekonomikoak dituenean egin ohi duten bezala. Ordainketa atzeratu ahalizatea besterik ez dugu eskatu, hiru urtean ordaintzea baino errazagoa baita 75 urtean ordaintzea. Baina ordaintzen ari gara, eta ordaintzen jarraituko dugu. Aurten, esaterako, ia zazpi milioi euro ordaindu ditugu», azaldu zuen Izkok.
Sadarko instalazioetako lur sailak saldu eta Taxoaren beste zelai bat egiteko aukeraz, bestalde, azpimarratu zuen orain ez dela horretarako une aproposa. «Ez dugu erakunde publikoekin inolako negoziaziorik martxan. Nafarroako Gobernuarekin, Iruñeko Udalarekin eta Arangurengo bailarako udalarekin hitz egin izan dugu, eta Osasunak bere ondareari errentagarritasuna ateratzeko aukerak aztertzea normala da, baina berriro diot, ez gara erakunde horiekin negoziatzen ari. Badakigu une honetan ez dela bideragarria».
Ogasuna eta Osasuna
Nafarroako Foru Ogasunari zor dizkion 27 milioi euroak ordaintzeko epea 75 urtera atzeratzea eskatu du Iruñeko klubakLaguntzeko prest dago Barcina, baina argi utzi du ez dutela egingo salbuespen fiskalik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu